AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2020/04/12 16:54

Gaur, hilak 12, Ikasle Abertzaleakek ohar bat argitaratu du Aberri Egunaren harira. “Euskal Herriko langileriak pairatzen duen zapalkuntza nazionala” mahaigaineratu du, eta horrekin batera, “berau gainditzeko beharrezkotasuna”. Izan ere, Euskal Herria nazio gisa eratzeko abagune guztiak “ezeztatuak dira Espainiako eta Frantziako Estatu burgesengatik”. Ondorioz, “Euskal Herria nazio gisa ez da errealizatua izan”, gure herriko instituzio oro “estatu burgesen parte” direlako eta beraz, “nazio-estatu moduan ez baita egikaritu”.

Euskal Herriaren borondate nazional historikoa “sistematikoki ukatua” izan dela adierazi du IAk. Funtsean ukatzen dena “euskal langileriaren proiektu nazionala” dela azaldu du ordea, hots, Euskal Estatu Sozialista. Euskal langileriaren proiektu politikoa “ukatua izateaz gain zapaldua ere badela” ulertzen du beraz. Burgesiak elementu nazionalak aldarrikatu arren, “irabazi dinamiken baitan kokatzen ditu” IAren ustez. Horregatik, hizkuntza eta kulturaren bizirautea bermatzeko horiek “irabazi dinamiken logikatik at”erabiltzeko beharra azpimarratu du, hau da, “proletalgoaren egitasmoaren baitan”.

NAZIO ZAPALKUNTZA HEZKUNTZAN
Euskal langileriaren borondate nazional-politikoaren ukazioak hezkuntza alorrean “berebiziko garrantzia” hartzen du IAren esanetan, Espainiako eta Frantziako Estatuen instituzioek egikaritzen duten dominazioak “ondorio latzak baititu”. Lehenik eta behin, instituzio “arrotz” horien konfigurazio administratibo territorialak Euskal Herria “zatitu egiten du”, bere nazio izaera ukatzen diolarik. Bigarrenik, hezkuntza eredu kapitalistak eta bere antolakuntza territorialak, oro har, “euskal kulturaren gutxiespen eta baztertzea gauzatzen dute”. Horren aurrean, euskara lehenestea “hautu politikoa da” IAko kideentzat, “burgesiak hizkuntzari ematen dion balio utilitarista eta merkantilistaren aurrean, euskararen balio historiko eta kulturalaren defentsa egiteko”. Zentzu horretan, “Euskal Herria euskalduntzeko konpromisoa” eureganatzen dute.

EUSKAL ESKOLA NAZIONALA
Euskal Estatu Sozialistaren eraikuntza jotzen du IAk euskal langileriak jasaten duen zapalkuntza nazionala gainditzeko segurantza bakartzat. Helburu hori erdiesteko beharrezkoak diren “instituzio proletarioak hauspotzea” dagokiola dio ikasle antolakundeak, eta auskararen zabalpena “instituzio horien eraikuntzara hertsiki lotua” joango dela. Instituzio horien artean, Euskal Eskola Nazionala nabarmendu du. Horren oinarriak eraikitzen joatea da IAren helburua, “Hezkuntza Sozialistaren” egitasmoaren baitan. Ikasleen mesedetara egonen den “hezkuntza prozesu eta hezkuntza instituzio proletarioa eraikitzea” dagokiela diote, hau da, “Euskal Estatu Sozialistaren pean kokatzen den hezkuntza eredua”. Esplotazioaren eta zapalkuntzaren aurkako borrokan, Prozesu Sozialistan lerrokatu dira beste behin.