AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Argazkia: Stop Kaleratzeak Donostia
2022/05/30 10:28

Joan den larunbatean agerraldi bat egin zuten Errenteriako (Gipuzkoa) hainbat bizilagunek, Stop Kaleratzeak plataformak eta Alokairu kolektiboak. Modu horretan salatu zuten Errenterian hamabost lagun daudela etxegabetze arriskuan; izan ere, alokairu sozialean bizi dira gaur egun, baina sozietate jabeak, Jauregizar Higiezinen Sustapena eta Kudeaketak, merkatuan saldu nahi ditu etxebizitza horiek.

Jauregizarrek ultimatum bat eman die gaur-gaurkoz etxe horietan bizi diren lagunei: gehienezko epe bat eman die, maiatzaren 31a, etxeak utz ditzaten edo eros ditzaten. Burofax bidez eman zien epe hori sozietateak, eta negoziazioak irekita zeudenean —zabalik daude gaur egun ere—.

Eusko Jaurlaritzarekin hitz egiten ari dira bizilagunak —Errenteriako Udala ere ari da elkarrizketetan parte hartzen, etxebizitzak erosi ezin dituzten pertsonen kasuan, alokairu sozialean bizitzen jarraitzeko aukera izan dezaten, gutxienez beste hamar urtez.

Haien etxebizitzei jarri dizkieten prezioak oso altuak direla salatu dute kaleratze arriskuan dauden bizilagunek, eta askok ezin dutela alokairu pribatua ordaindu edo banku-mailegu bat lortu. Etxearen erosketarako jarritako baldintzei dagokienez, gainera, jakinarazi dute ez direla inola ere nahikoak Jauregizarrek emandako epeak; biharko ordaindu beharko litzateke etxebizitzaren tasazio-prezioaren %20.

Jauregizarren asmoa da etxebizitza horiek bi milioi euroan saltzea merkatuan. Hamabost urtez izan dira alokairu sozialean, eta urte horietan guztietan, alokairu sozialen ordainketari esker, etxebizitza bakoitzeko 72.000 euro inguru irabazi ditu sozietateak.

EZ DAGO IRUZKINIK