AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / @amonbuy (X)
2025/06/11 08:03

Asteartean amaitu zen Txinako Herri Errepublikaren eta Amerikako Estatu Batuen arteko bi eguneko negoziazio komertziala, Londresen. Xi Jinping eta Donald Trump presidenteak adostasun batera iritsi ziren telefonoz duela gutxi, eta akordio hori aplikatzeko lan-esparru bat hitzartzea zen bi herrialdeetako ordezkaritzen helburua, atariko akordio baten bidez.

Li Chenggang Txinako Merkataritza ministrorde eta negoziatzailearen arabera, bi aldeek "truke profesional, arrazional, sakon eta zintzoak" izan zituzten haien artean; eta, hasiera batean behintzat, oinarri batzuk adostu zituzten telefono-deian lortutako akordioa eta joan den hilean Genevan sinatutako 90 eguneko aldi baterako ituna ezartzeko. Akordio horretan elkarri jarritako muga-zergak jaistea aurreikusten da.

Howard Lutnick AEBetako Merkataritza idazkariak adierazi zuenez, atariko akordio berriak eta hura ezartzeko planak "lur arraroen gaineko murrizketak ebaztea" ekarri beharko luke. Material estrategiko horiek esportatu ahal izateko Txinak indarrean izan dituen murrizketen ondoren, hura izan da tirabira-puntu nagusietako bat.

Lutnickek eta Lik baieztatu zuten akordioa euren presidenteei aurkeztuko dietela orain, behin betiko baliozkotu dezaten. Izan ere, Londresko negoziazioak Genevako ituna ez betetzeagatik elkarri egindako akusazioen ondoren izan dira: Txinak adimen artifizialeko eta softwareko txipak esportatzeko AEBek ezarritako murrizketak salatu zituen, baita Txinako ikasleentzako bisak ezeztatu izana ere; AEBek, berriz, lur arraroak esportatzeko mugak aurpegiratu zizkion Pekini, funtsezkoa baita beretzat teknologia- eta automobilgintza-industriarako eta armamentu aurreratua ekoizteko.

EZ DAGO IRUZKINIK