AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Alestiseko langileak prentsaurrekoan. Argazkia: CGT Alestis
2020/11/03 11:51

Abuztuaren amaieran adierazi zuen Alestis enpresak lan-erregulazio baten bitartez kaleratu nahi zituela Miñaoko (Araba) lantegiko beharginen %46, eta negoziaketek ezer gutxirako balio izan dute; izan ere, guztira, 77 langile kanporatuko dituzte 2020. urtea amaitu aurretik. 21 langilek onartu dute borondatezko kaleratzea, eta 56 dira zuzenean kaleratuko dituztenak.

Beharginen esanetan, mehatxua garbia zen: borondatezko kaleratzea onartu edo zuzenean kaleratuak izango ziren, borondatezko kaleratzearen baldintzak hobeak zirelako. Enpresak zuzenean kaleratuz gero, lan egindako urte bakoitzeko 25 eguneko ordainketa izango zuten, 14 hilabetez gehienez eta gutxieneko 10.000 euroko ordainketarekin. Borondatez kaleratutakoei, ordea, lan egindako urte bakoitzeko 30 eguneko ordainketa egingo zitzaien, gehienez 16 hilabetez.

Akordioa sinatu aurretik greba egin zuten Alestis enpresako langileek urriaren 27an, eta langileen %100ek egin zuten bat deialdiarekin.