AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/05/16 10:15

1975eko maiatzaren 15ean, Iñaki Garai eta Blanca Salegi bikote gernikarra eta Jesus Mari Markiegi arrasatearra erail zituen Guardia Zibilak Gernikan (Bizkaia). Etxe berean zeuden hirurak, eta guardia zibilek goizeko 06:00etan inguratu zuten eraikina, barruan ETA erakundeko kide batzuk zeudela-eta. Atea jo zuten eta, Garaik irekitzean, zuzenean hil zuten tiroz. 53 urte zituen. Hildako senarrarengana hurbiltzen saiatu zenean, Salegi ere tiroz hil zuten guardia zibilek. 42 urte zituen.

Markiegik, ETAko militante zenak, leihotik ihes egitea lortu zuen, baina zauritu egin zuten ihesaldian. Ajangizko baserri batean babes hartu zuen, baina berehala aurkitu zuen Guardia Zibilak. Bera ere tiroz erail zuten, 40 balaz baino gehiagoz josiz. 20 urte besterik ez zituen. Operazioa gidatu zuen polizia-buruak aginduta, ordu luzez erakutsi zuten Markiegiren gorpua jendaurrean, Guardia Zibilaren Gernikako kuartel ondoan izan baitzuten, plastiko garden batekin soilik estalirik.

Itxura denez, ETAko bigarren kide bat ere bazen Gernikako pisu horretan Guardia Zibila indarrez sartu zenean, baina Markiegirekin batera egin zuen salto leihotik, eta alde egitea lortu zuen. Espainiako Gobernuaren bertsio ofizialak dio zehaztu gabeko tiroketa bat izan zela Gernikan jazotakoa.

Ekitaldia maiatzaren 23an, Gernikan

"Gertakaria erregimen frankistaren azken salbuespen-egoeraren testuinguruan izan zen, zeinetan Estatuaren errepresioa gogortu egin zen Euskal Herrian", nabarmendu du Busturialdeko Kontseilu Sozialistak, Gernikako sarraskiaren 50. urteurrenean. Jazotakoa gogora ekartzeko, ekitaldi politiko bat antolatu du Gernikan bertan. Maiatzaren 23an izango da, 19:30ean, Elai Alaiko areto txikian.

EZ DAGO IRUZKINIK