AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Marixol Iparragirre, auzitegian. ARGAZKIA / Independiente
2022/10/31 16:28
Bigarrenez epaitu dute Marixol Iparragirre preso politikoa ETAren 1985eko ekintza bat leporatuta. 2004tik 2019ra arte Frantziako Estatuan preso izan ondoren estraditatu zuten Iparragirre, Espainiako Estatuan haren aurka irekita zeuden hamabi auziak zirela-eta. Auzi horietako bat, hain zuzen, ETAk 1985ean Gasteizen (Araba) egindako ekintza bati lotutakoa zen; Espainiako Poliziaren aurka lehergailudun auto bat erabiltzea egozten zioten. 2020an epaitu zuten Espainiako Auzitegi Nazionalean kausa horrengatik, baina absolbitu egin zuten, ez baitzen frogatu Iparragirre Araba komandoa delakoaren parte zenik, ez eta ekintza horretan parte hartu zuenik.

Espainiako Auzitegi Gorenak, ordea, epaiketa berriro egin zedila eskatu zuen, lehen saio horretan froga daktiloskopikoak ez zirela behar beste kontuan hartu iritzita. Gauzak horrela, behin epaiketa berriro eginda, epaileak uste du frogatuta dagoela Iparragirrek gidatu zuela 1985eko ekintza horretan erabili zen autoa. Bere hatz-markekin bat datozen lau aztarna aurkitu zituztela argudiatu du auzitegiak zigor-epaia emateko eta, horrela, baliogabetu egin du iazko martxoan preso politikoa kargugabetu zuen epaia.

Iparragirrek helegite bat aurkeztu badezake ere, 425 urteko zigor bat ezarri nahi dio Espainiako Auzitegi Nazionalak. Aurretik ere hainbatetan kondenatu dute auzitegian, eta ehunka urteko espetxe-zigorrak pilatu dizkiote jada. Gainera, 1997an Miguel Angel Blancoren hilketan parte hartu izana leporatuta ere auzipetu zuten joan den uztailean, Josetxo Arizkunekin eta Mikel Albisurekin batera. Hain zuzen, ekintza horren erantzule izatea egozten diete. ETAren 2002ko ekintza baten erantzukizuna ere jarri nahi dute Iparragirreren gain; Albisu bera, Jokin Sagarzazu, Iñaki Esparza, Ainhoa Mugika eta Jon Olarra ere ikerketapean daude horregatik.

Pauetik gertu atxilotu zuten Iparragirre 2004an eta, une honetan, Zaballan (Araba) daukate preso.
EZ DAGO IRUZKINIK