AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2023/04/21 09:10

2013. eta 2021. urteen artean %30 hazi ziren "ordena publikoaren aurkako delitu" deituriko ekintzen gaineko zigorrak Espainiako Estatuan. Espainiako Estatistika Institutuaren (INE) datuen arabera, kategoria horretako 12.744 kondena erregistratu ziren 2013an, eta 2021ean, berriz, 16.727. Zifrak urteka hartuta, igoera jarraikor eta azkarra suma daiteke, epai horiek 2020ko salbuespen egoerarekin bakarrik egin baitzuten behera. Esan bezala, 2013an 12.744 ziren; 2014an 13.317; 2015ean 13.745; 2016an 14.394; 2017an 14.753; 2018an 14.944; 2019an 15.170; 2020an 12.640; eta 2021ean 16.727.

Emaitza horiek, dena den, oso bestelakoak dira Espainiako Barne Ministerioaren delitu-erregistroarekin alderatuz gero. Izatez, indar polizial desberdinen zenbaketetatik eratorritako datuetan argi eta garbi ikusten da 2013. eta 2021. urteen artean ez zirela ordena publikoaren aurkako delitu gehiago atzeman, %12,3 gutxiago baizik. Mota horretako 31.489 arau-hauste penal erregistratu ziren guztira 2013an, eta 27.594, ordea, 2021ean.

Epe horren barruan, hiru fase bereizten dira: jaitsiera handia, igoera apala eta igoera handia. Lehendabizikoa 2013. eta 2016. urteen artean gertatu zen, non intzidentzia 31.489 kasutik 18.867raino jausi zen. Bigarren fasean, 2016. eta 2019. urteen artean, 21.877ra igo zen, nahiko apal. Azkenik, 30.272ra igo zen 2019. eta 2020. urteen artean.

2021ean neurri murriztaile gehienak altxatu ahala, ordena publikoaren aurkako delituen intzidentzia asko jaitsi zen, 2013ko mailaren oso azpitik kokatzeraino

Argi dago salbuespen egoeraren ezarpenak izan zuela zerikusirik zifra horretan. Izan ere, hurrengo urteari erreparatzen badiogu, 2021ean neurri murriztaile gehienak altxatu ahala, ordena publikoaren aurkako delituen intzidentzia asko jaitsi zen, 2013ko mailaren oso azpitik kokatzeraino: 27.594 kasu zenbatu ziren orotara. Beraz, kondenen gorakada orokorra ez dago loturik ordena publikoaren aurkako delituen ustezko igoera bati; ez proportzio, ez erritmo, ez denbora-tarte berdinetan, bederen.

Kondena tasak

Guztira, 117.054 zigor ezarri ziren bederatzi urte haietan ordena publikoaren aurkako delitua egotzita, urtean 13.006, batez beste. Termino erlatiboetan alderatzeko, 2013an, 100.00 biztanleko 27 kondena inguru izan zirela kalkulatu daiteke Espainiako Estatuko orduko biztanleriari erreparatuta. 2021ean, 100.000 biztanleko 35 zigor baino gehiago izan ziren. Beraz, biztanleriaren hazkunde orokorrari ere ezin zaio egotzi ordena publikoaren aurkako delituen gaineko zigorren gorakada hori.

Urte bakoitzean aurrekoan baino ia 500 kondena gehiago ezarri ziren batez beste

Bilakaerari modu xeheagoan erreparatuta, konfinamenduak zeharkatutako 2020. urtea kenduta, kondena metatuak 3.983 izan ziren 2013. eta 2021. urteen artean; hau da, urte bakoitzean aurrekoan baino ia 500 kondena gehiago ezarri ziren batez beste. 2013a erreferentziatzat hartuta, berriz, urte hartan baino 1.977 kondena gehiago zenba daitezke urte bakoitzean batez beste, eta 13.842 gehiago guztira.

Espetxeratuak behera

Ordena publikoaren aurkako delituen gaineko zigorrak horren nabarmen igo direnez, ohikoena litzateke zigor horrekin espetxeratuta daudenen multzoak ere gora egin duela pentsatzea. Bada, hemen ere errealitateak zentzua gezurtatzen du: tipo penal horrengatik zigortuak izan diren espetxeratuen kopurua nabarmen jaitsi dela erakusten dute Barne Ministerioaren datuek, modu absolutuan nahiz erlatiboan. 2013an preso zeuden 55.710 biztanleetatik 2.264 ziren ordena publikoaren aurkako delituengatik espetxeratuak (%4,06). 2021ean, berriz, 44.981tik 1.459 (%3,24).

Beraz, litekeena da sententzia gehienek bi urtetik beherako espetxe-zigorrak jaso izana eta kartzelaratzerik ekarri ez izana. Eta, hori ikusita, ez litzateke sobera egongo 2013. eta 2021. urteen arteko 117.054 kondenen gehiengo zabala "larritasun baxuko" ekintzengatik edo froga nahikorik gabe auzipetua izan dela ondorioztatzea.

Datu horiek guztiek Zigor Kodea gogortzearen bidezko auzipetze sistematiko baten existentziaren berri ematen dute, geroz eta zabalagoa dena

Bata zein bestea izan, datu horiek guztiek Zigor Kodea gogortzearen bidezko auzipetze sistematiko baten existentziaren berri ematen dute, geroz eta zabalagoa dena. Ordena publikoaren aurkako delituengatiko kondenen gorakada arau-hauste horien igoeragatik edota biztanleriaren hazkundearengatik izan ez bada, parlamentutik lege zorrotzagoak egin direlako edota poliziak zuhurrago ikertu dituelako izan da.

EZ DAGO IRUZKINIK