AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / EC/El Correo
2022/09/30 09:17

Aire sorgailuak ekoizten dituzte jatorri alemaniarreko Siemens Gamesa enpresan, eta mundu osoan zehar daukate hedatuta bere jarduna; 35 lantoki ditu Europan. Enpresako zuzendaritzak atzo jakinarazi zuenez, 2.900 langile kanporatzeko asmoa du, horietatik 495, Espainiako Estatuan. 26.000 beharginek baino gehiagok jarduten dute soldatapean Siemens Gamesarentzat; Hego Euskal Herrian, hain justu, 2.800 langilek. Izan ere, bost lantegi ditu enpresak Hego Euskal Herrian, Arazurin (Nafarroa), Asteasun (Gipuzkoa), Mungian (Bizkaia), Sarrigurenen (Nafarroa) eta Zamudion (Bizkaia).

Siemens Gamesaren Mistral izeneko "programa estrategikoak" barne hartzen ditu milaka kaleratzeak. Maiatzean jarri zuten martxan programa hori, "berrantolaketa-prozesu bat" abiatzeko, besteak beste. Europan eragingo du gehien plantilla murrizteko erabakiak, Espainiako Estatuko kanporatzeez gain, Danimarkan, Alemanian eta Erresuma Batuan ere kalera bidaliko baitituzte ehunka behargin. Zehazki, 800, 300 eta 50 langile kaleratuko dituzte herrialde bakoitzean, hurrenez hurren.

Urrian hasiko dira enpresako zuzendaritzaren eta langileen ordezkarien arteko negoziaketak, eta orduan xehatuko dituzte neurriak. "Siemens Gamesa indartsuagoa eta lehiakorragoa eraiki behar dugu, trantsizio energetiko berdean funtsezko eragile gisa dugun posizioa sendotzeko", esan du Jochen Eickholt Siemens Gamesako kontseilari delegatuak.

Enpresaren esanetan, 1.226 milioi euroko galerak izan ditu urtea hasi zenetik, iaz baino hiru aldiz gehiago.

EZ DAGO IRUZKINIK