24 orduko baraualdia egin dute Patxi Ruiz, Jon Kepa Preciado eta Mikel San Sebastian preso politikoek, Igor Gonzalezen erailketa salatzeko

Ostiralean eman zuten Igor Gonzalez preso politikoaren hilketaren berri, eta espetxeetan ere izan dira salaketak: 24 orduz baraualdia egin dute Patxi Ruizek, Mikel San Sebastianek eta Jon Kepa Preciadok.
Argazki Nagusia
2020ko irailaren 8a

Aurreko ostiralean, hilak 4, Martuteneko espetxean (Gipuzkoa) hilotz aurkitu zuten Igor Gonzalez preso politikoa. Azken egunetan ugariak izan dira bilbotarra oroitzeko eta haren erailketa salatzeko Euskal Herriko kaleetan ikusi diren keinu eta mobilizazioak, eta kartzeletan ere izan da erantzunik: Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak jakinarazi duenez, 24 orduko baraualdia egin dute Patxi Ruiz, Mikel San Sebastian eta Jon Kepa Preciado preso politikoek, Gonzalezen hilketa gaitzesteko.

Ruiz iruindarra eta San Sebastian lesakarra Murtzia II espetxean dituzte gatibu. 2002. urtean atxilotu zuten bata, eta 2008. urtean bestea, hurrenez hurren. Preciado santurtziarrak 16 urte daramatza preso, eta egun, Kordoban dute giltzapean.