AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2020/07/21 14:39

Aurreko ostiralean, hilak 17, preso baten gorpua aurkitu zuten Zaballako (Araba) espetxean. 23 urte zituen, eta lau urte zeramatzan gatibu. "Heriotza berri bat Zaballako makro-kartzelan. Ekidin zitekeen tragedia bat, loditu egiten dituena espetxean hildako pertsonen zifra makabroak; gehienak, arrazoi ez-naturalengatik Espainiako kartzeletan hilda agertzen diren gazteak", adierazi du Salhaketak.

Itzalpean

Elkarteak adierazi duenez, oraingoan ere Espetxe Erakundeek ez dute hilketa honen berri eman. Hala, "heriotza horiek ezkutatzeko politika sistematikoa" salatu du: "Ez da inolako informazio publikorik ematen, gazte horiek akabatzen ari diren heriotza ez-naturalen aurrean dagoen inpunitate-estrategiaren barruan". Gainera, gaitzetsi du ez dela ikerketarik egiten hilketa horiek zergatik eta zein baldintzatan gertatu diren argitzeko.

Salhaketako kideek, bestalde, beharrezkotzat jo dute kartzeletako zuzendaritzek heriotzen berri ematea senideei, beti ere, "inpartzialtasunez". Exijitu dute espetxeak "ez daitezela mugatu, geroko autopsiak saihesteko, gorpua erraustea bilatzera".

Haztegiak

Droga-mendekotasuna ere izan du hizpide elkarteak: "Kartzelak droga-mendekotasunak agertzeko eta larriagotzeko arrisku-guneak dira. Itxialdi luzeko eta etsipeneko egoeran dauden buruko gaitz jakin batzuekin lotuta, presoen osasun-egoera hondatzeko haztegi egokiena dira, eta, batzuetan, ondorio hilgarriak eragiten dituzte".

Larriki gaixo dauden presoak aske uztea eskatu du Salhaketak; "batez ere, fase terminalean daudenak eta gaitz mentalak dituztenak, kasu askotan, suizidiora eramaten baitute gaixotasun horiek".

Gutxienez bost hilketa iaz

2019. urtean, gutxienez bost preso izan ziren erailak Zaballan. Horietatik bi zendu ziren, antza, "gaindosi baten ondorioz"; hirugarren batek bere buruaz beste egin zuen; laugarren baten hilotza urkatuta topatu zuten; eta bosgarren baten heriotza ez dute argitu. Espainiako Gobernuaren arabera, 22, 24, 30 eta 28 urte zituzten hildakoek.