AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/05/26 09:05

Aurten izango da Ategorrietako sarraskiaren 94. urteurrena, eta oraingoan ere, "Pasaiako portuan eroritako grebalariak eta haien borroka-prozesua gogora ekarri" nahi izan ditu Donostiako Kontseilu Sozialistak. Oroimena borrokan eraiki aldarritzat hartuta, atzo eguerdian egin zuen ekitaldi bat Trintxerpeko Gudarien Plazan, 1931ko maiatzaren 27an Guardia Zibilak Ategorrietako erloju aurrean eraildako hamar beharginak omentzeko.

Urte horretako apirilean, hainbat eskaera egin zizkieten armadoreei Pasaiako portuko arrantzaleek: Sole Handira arrantzara joaten ziren langileek hilabetean 300 pezeta irabaztea, astean atsedenerako jaiegun bat izatea, eta lanaldia hamabost ordukoa baino luzeagoa ez izatea. Maiatzaren 27an hainbat grebalari atxilotu zituzten, eta manifestazio erraldoi bat egin zuten milaka langilek Pasaiatik Donostiara, atxilotuak aska zitzatela eta greban egindako eskaerak bete zitzatela exijitzeko. Baina Guardia Zibilak, Espainiako II. Errepublikaren agindupean, manifestarien aurka tiro egin zuen: hamar behargin erail eta beste 33 zauritu zituen.

Gertakari horiek gogora ekartzeaz gain, atzoko ekitaldian, Donostiako Kontseilu Sozialistak nabarmendu zuen, "oroimen hutsetik haratago, irakaspenak ateratzea" dela "komunistoi interesatzen zaiguna, sarraskiak eguneroko ogia izaten jarraitzen baitu gizarte kapitalistan".

"Ongizatea atzean gelditu den aroa da guri tokatu zaiguna, krisiak markaturikoa alegia", jarraitu zuen: "Gero eta argiago dago soilik proletalgoaren antolakuntza politiko independentearen bidez irauli daitekeela burgesiaren biolentziaren normalizazioa, bizitza miserableetara kondenatzen gaituen egoera hau; duintasunak izen bat baldin badu, hori komunismoa dela". Hala, "ortzimuga horren baitan" omendu nahi izan zituzten Pasaiako sarraskian hildakoak, "bai eta gure aitortza osoa eman ere": "Borroka da proletariotzaren bizitzari zentzua eta ohorea ematen dizkion tresna nagusia".

EZ DAGO IRUZKINIK