AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2022/11/22 16:23

Bilboko (Bizkaia) Uribarri auzoko Limpiezas Arana garbiketa enpresan lan-gatazka bat izan zen 2020. urtean, behargin batek jasandako egoerarengatik. Kontraturik gabe aritzen zen Limpiezas Aranan, eta zigor ekonomikoak nahiz bestelako gehiegikeriak jasan behar izan zituen. Enpresaren gehiegikeriei erantzuteko hasi zuen borroka bat Bilboko Langile Autodefentsa Sareak, baina ondorio errepresiboak izan zituen horrek, enpresaren jabeak jarritako salaketa bat zela-eta: hainbat pertsona deklaratzera deitu zituzten, eta horrekin lotuta, Espainiako Poliziak sei pertsona atxilotu zituen iaz, gehiegikeriak jasan eta salatu zituen behargina barne.

Aurtengo udan xehatu zutenez, guztira zazpi pertsona sartu zituzten auzitan Uribarriko lan-gatazkaren harira. Fiskaltzak eta akusazio partikularrak derrigortze delitu bat leporatzen zieten, eta, horregatik, bi urte eta bederatzi hilabeteko kartzela-zigorrak eskatzen zituzten bakoitzarentzat. Horretaz gain, zigor ekonomikoak ere galdegiten zituzten, 82.000 eurokoak osotara. Hala, auzipetuen kontu korronteak eta nominak enbargatu zituzten udan bertan.

Errepresio kasu hori salatzeko eta auziak izan zitzakeen ondorioei aurre egiteko jarri zuten martxan Langile borrokari errepresiorik ez kanpaina Bilbon. Atzo jakinarazi zuten jada mahai gainean dagoela auziaren ebazpena: auzipetutako lagunetatik hiru zigortu dituzte, guztira 17.500 euroko isunak ezarrita. Gainera, prozesu judizial osoaren kostuak ere haien gain eroriko dira.

"Elkartasun osoa gure kideei, eta oro har, auziperatu eta zigortu guztiei", esan zuen, besteak beste, Bilboko Kontseilu Sozialistak: "Proletalgoaren defentsarako baldintzak borrokatzea urgentziazko zeregina da".

EZ DAGO IRUZKINIK