Berriki bete dira hamabi urte Rana Plazako sarraskitik. 2013ko apirilaren 24an, Bangladeshko Daca hirian, behera etorri zen Rana Plaza izeneko eraikina, une horretan bertan zeuden milaka langileak azpian hartuz. Zehazki, nazioarteko markentzat arropa ekoizten zuten bost fabrika zeuden han, eta erabatekoa izan zen hondamena: eraisketaren ondorioz, gutxienez 1.138 beharginek galdu zuten bizia, eta 2.400 inguru zauritu ziren.
Sarri salatu dute, ordea, Dacan gertatutakoa ezin dela istriputzat jo. Izan ere, egun bat lehenago, hainbat pitzadura atzeman zituzten eraikinean. Dena den, arrisku nabarmena ezkutatu eta entzungor egin zieten espazioa husteko eskaerei. Hala, apirilaren 24 hartan, lanera joan ziren milaka langileak: 5.000 lagun inguruk jarduten zuten bertan, eta besteak beste, Benetton, Mango, Primark, Inditex edo Monsoon markentzat egiten zuten arropa. Une horretan gobernuan zegoen Awami Liga alderdiko Sohel Rana zen eraikinaren legezko jabea.