AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Argazkia: Busturialdeko Kontseilu Sozialista
2022/06/08 10:30

100 egun baino gehiago daramatza atxilo eta inkomunikatuta Pablo Gonzalez kazetariak, Polonian. Otsailaren 28an atxilotu zuten Poloniaren eta Ukrainaren arteko mugatik gertu, espioi modura Errusiaren alde aritzea leporatuta; kazetaritza-lanetan ari zen. Handik lau egunera kartzelaratu zuten Rzeswów-en, eta Varsoviatik 100 kilometrora dagoen presondegi batera mugitu zuten apiril bukaeran. Izatez, hiru hilabeteko behin-behineko espetxealdia ezarri zioten, baina Poloniako fiskaltzak hala eskatuta, kartzelaldi hori luzatzea erabaki zuen maiatz amaieran Przemysl eskualdeko auzitegiak.

Hortaz, gatibu jarraitzen du nabarniztarrak, eta oraindik ez dute zehaztu noiz epaituko duten. Antza, espioitza delitu bat egozten diotenez, hamar urterainokoa izan daiteke jar diezaioketen zigorra.

Preso edukitzeaz gain, inkomunikatuta daukate Gonzalez. Bere senideek maiatzaren 31n jaso zuten bere aurreneko gutuna, baina oraindik ez dute hitz egiterik edota aurrez aurre egoterik izan. Bere konfiantzazko abokatuarekin egoten ere ez diote utzi kazetariari.

Atxiloaldiaren 100. eguna bete dela-eta, Europar Batasunaren zentsura salatu du berriz Busturialdeko Kontseilu Sozialistak: "Argi geratu da Europar Batasunaren ustezko oinarri demokratikoek ez dutela informatzeko eskubidea bermatzen". "Inperialismoaren gerrarik gabeko eta askatasun politiko eta sozial guztiak bermatuta egongo diren gizarte antolaketa komunista helburu izanik, gaurdanik proletalgoaren antolakuntza independentea garatzeko lanean jarraitzea dagokigu", aldarrikatu du.

EZ DAGO IRUZKINIK