KOLABORAZIOAK / Euskara
Nor baztertzen du euskarak?
Nor baztertzen du euskarak?

"Nik huts bat daukat" eta "Gu publika bat joan nahi badugu, ezin dugu". Wazemank bizirik balego, baleukake gertatutakoetan denboraldi oso baterako materiala. Azken egunetan Selektibitatean Bizkaiko zenbait ikaslerekin gertatutakoak algarak eragin ditu, eta polemika. Eta auzi honekin polemika dagoenero bezala, oldartu dira hainbat alderdi eta hedabide, putreak sarraskira nola. Gaiak merezi du irakurketa bat, ordea, polemikaren gainetik eta umorearen azpitik.

Gertatutakoak euskararen irakaskuntzaren eta hizkuntza-eskubideen auziak ukitu ditu, eta horiek gurean oraindik ere sortzen dituzten tentsioena. Tentsioak nondik datozen begiratzea da, ordea, inportantea. Bilaketa azkar batekin topatzen da Selektibitateko euskara azterketan zeroa atera eta kexu diren ikastetxeak zein diren. Sei dira: seiak itunpekoak, haietatik bost kristauak eta bat Opusekoa, bat neskentzakoa soilik duela bi urtera arte. Eta guztiak eredu eleanitzekoak edo A edo Bkoak, bat bera ere ez euskarazkoa.

Kontuak ez du azalpen handirik behar. EAEn badira eliteko eta erdi-mailako klaseko sektore batzuk ez dutenak sekula euskararen ofizialtasuna onartu eta, itunpeko ikastetxeen bidez, haren zutabe nagusietakoa izan den D eredu publikoa nahita saihestu dutenak. Datuek argi diote: itunpeko A ereduko ikasleen %62 da goi edo goi-erdi maila sozioekonomikokoa eta B eredukoen %46. Alegia, jende horrek beren seme-alabek pobreekin ikas ez dezaten ordaintzeaz gain, euskaraz ikas ez dezaten ere ordaintzen dute.

Eta orain, sekula euskarari garrantzirik eman ez eta gero, zero baten aurrean harritzen dira eta, negarrez, "berdintasuna" eta "hizkuntza-eskubideak" aldarrikatzen dituzte. Segituan eman die ahotsa Voxek, eta egin du auziak jauzi estatura, El Mundo eta ABC bezalako hedabideen eskutik. Ez da harritzekoa, hizkuntza-eskubideen eta pribilegioen gezurrezko diskurtso horretantxe ezkutatzen baitira, hain zuzen, hedabide eta alderdi espainolista horiek. Argia eta jakinekoa da tranpa, Voxetik PSE eta CCOOra: euskararen ofizialtasuna formalki onartu arren, erdaldunen hizkuntza-pribilegioak ukitzen dituenean soilik aldarrikatzen dituzte "hizkuntza-eskubideak" eta, beraz, beraientzako "berdintasun linguistiko" delakoaren esanahi erreala euskarak bigarren mailako hizkuntza izaten jarraitzea da.

Egunotan ere entzun ditugu ikasleak, zeroa jaso ondotik, euskarak diskriminatzen dituela esaten. Nik, ordea, diskriminatuak baino, beraien klase- eta hizkuntza-pribilegioak diruz mantentzen dituztenak ikusten ditut. Izan ere, hezkuntza-sistemak gizarte kapitalistan, funtsean, desberdintasun sozialak mantentzeko balio du: batzuen pribilegioak eta besteen pobrezia. Alegia, batzuek "Gu publika bat joan nahi badugu, ezin dugu" dioten bitartean, gehienek beste aukerarik ez daukatela.

Erreakzioak, baina, ez dira espainolismotik soilik etorri, eta uste dut euskaltzaleen arteko barreek ere merezi dutela begirada sakonagoa. Pijoen negar zotinei iseka egitea langile-klasearen ondare galdu ezinekoa da, eta ez naiz ni izango halakorik ez egiteko dioena. Dena den, nago erreakzio hori ez ote den indartzen doan joera baten parte, euskararen defentsa jarrera gero eta baztertzaileago batetik egitekoarena. Kasu honetan justifikatuta egon daiteke, baina arriskuak, izan, baditu.

Izan ere, euskararen jakintza falta eta desatxikimendua ez datoz beti leku beretik. Are, jatorri sozial ia kontrakoetatik datoz eta, beraz, arrazoi erabat desberdinek eragiten dituzte. EAEko goi-klaseetako biztanleen artean euskararekiko atxikimendua urria den moduan, badira langile-klaseko hainbat sektore ere errealki euskalduntze-prozesutik kanpo gelditzeko arriskuan daudenak. Hain justu, itunpeko A eta B ereduetan errenta altuek presentzia nabarmena duten bezala, A eta B eredu publikoak dira errenta-maila baxuenak jasotzen dituztenak. Mota horretako ikastetxeak gutxi dira EAEn, baina arazoaren benetako muina ikuspegia D ereduraino luzatzean azaleratzen da, jakinekoa baita ikasleak euskalduntzeko erakusten ari den ezintasuna. Ezintasun hori, orokorra bada ere, gehien pairatzeko arriskua dutenak baliabide urrienak dituztenak dira, eta familia migranteetakoak batik bat. Esan dugu hezkuntza-sistemak desberdintasunak mantentzeko balio duela, eta ikasle horiek ere mantentzen ditu bigarren maila batean, linguistikoki eta sozialki.

Uste dut urgentziazkoa dela euskaldunok ariketa egitea: begiratzea egungo euskalduntze-eredu disfuntzionala ekartzen ari den ondorioei eta ohartzea errealki tentsioak sortzen ari dela eremu sozialaren eta linguistikoaren artean. Euskarak berak ez du errurik, jakina: soilik egokitu zaio nahaspila horren erdian dagoen hizkuntza diglosikoa izatea. Baina funtsezkoa da ulertzea bere elebakartasuna diruz erosten duena eta euskara ondo ikasteko aukera egokirik izan ez duena erabat desberdinak direla, biak erdaldunak izan arren.

Iruditzen zait, ordea, euskaltzale askoren artean aldea ez dagoela garbi. Susmoa daukat zeroa jaso duten ikasleei iseka egin dieten edo haien kexak salatu dituzten askok berdin-antzera jokatuko luketela, adibidez, langile migrante baten kexen aurrean. Esaterako, bogan dagoen "euskarafobia" etiketa lausoegia da euskararekiko urruntasun oro ulertzeko; are, klase-ikuspegia txertatzen duen analisi eta ikuspegi estrategiko berri batzuen faltan, arriskutsua ere gerta daiteke. Izan ere, azkenaldiko euskararen defentsaren bizkortzean, nabari dira posizio identitario eta atzerakoiei lotutako zenbait joera indarra hartzen: euskaldunen lehentasuna, segregazionismoa, garbizalekeria eta beste. Joera horiek oinarriak jartzen dituzte euskararen defentsa ikuspegi baztertzaile batetik egiteko eta, justu, hortik datoz jada gure artean ditugun zenbait posizio arrazista eta antiproletarioak ere.

Komunistok ez gara bere klase-posizioak eskubide guztiak bermatzen dizkionaren tranpan erortzen: salatu egingo dugu haren hipokrisia. Baina langileen arteko diferentziek eta bazterketak kezkatzen gaituzte. Besteak beste, horregatik borrokatzen dugu diglosia-egoeraren aurka, Euskal Herriko langileon batasunerako baldintzak hobetzeko. Eta egungo testuinguruan, zentzu bikoitza hartzen du eginbehar horrek: egoerak ez baitio soilik espainolismoari bidea irekitzen, euskal erreakzioari ere irekitzen dio.