Memoria eta politika
Aurten 90 urte betezen dira Espainiako gerra zibilaren hasieratik eta lehen Euzko Jaurlaritza ezarri zenetik. Memoria ez da inoiz iraganaren erreprodukzio neutro edo objektiboa; memoria ekimen orok hautaketa eta berrinterpretazio bat baitakar berekin, orainaldiko beharrizanek baldintzatua. Horregatik, memoria gudu-zelai politikorako eremu ere bada, eta eragile politiko ezberdinek eszenatoki horretan jarduten dute.
PSOEk, esate baterako, joan zen udazkenean España en libertad izeneko kanpaina egin zuen Francisco Franco diktadorearen heriotzaren 50. urteurrenaren harira. Horretarako, Espainiako Gobernuak sustatu zituen hamarnaka ekitaldi, web-atari bat, edo RTVEn aireratutako La conquista de la democracia dokumental-saila, PCEko buru izan zen Nicolas Sartoriusen parte-hartzea izan duena. Uda honetan, ziur aski, Alderdi Sozialistak antzera jokatuko du, eskuin-muturraren gorakadaren eta gobernuaren ahultasun testuinguruan, koalizio-gobernu progresistaren legitimitatea indartzeko beharra du eta.
EAJk, aldiz, Eusko Jaurlaritza modernoaren bidez, kanpaina instituzionala jarriko du martxan. Urteurrena ospatzeko 40 ekitalditik gorako programa antolatu dute eta, besteak beste, futboleko Euskal Selekzioaren partida izanen da. Halaber, urriaren 7a jaiegun ofizial izendatu dute EAEn. Imanol Pradales lehendakariaren ustetan, Jose Antonio Agirre "itsasargi moral eta politikoa" izan zen eta "populismo zein autoritarismo modu berrien" aurkako eredu bat.
Baina EH Bilduren proposamenak izan dira arrabots gehien sortu dutenak. Koalizio subiranistak Agirre lehendakariaren legatua bere egin du eta Eusko Legebiltzarrari proposatu dio Loiuko aireportuari Jose Antonio Agirre Lehendakariren izena ematea. Era berean, Jose Antonio Agirreren gobernuaren eredua oinarri hartuta, "espektro zabaleko" gobernu bat osatzea proposatu du, "harresi antifaxista" bat eraikitzeko helburuarekin. Inkestek iradokitzen dute EH Bilduk Euskal Autonomia Erkidegoko hurrengo hauteskundeak irabazteko aukerak dituela. Horrenbestez, Eusko Jaurlaritzan sartzeko aukerarik balu, etorkizunean izan litzakeen bazkideen jarrerak miatzen ari da. Orain arte, hauteskundeetako aritmetikak ahalbidetu du EAJk eta PSE-EEk EH Bilduren babesa behar ez izatea gobernua eratzeko, baina egoera hori laster aldatu egin liteke. Une honetan, EAJ kezkatuta ageri da EH Bilduren balizko sorpasso-aren aukerarekin; horregatik, oraingoz, uzkur da eta proposamena baztertu du.
Estatu-kolpea eta gerraren hasiera
XIX. mendearen hasieratik, kapitalismoaren garapenak proletariotzaren eta klase jabedunen arteko kontraesanak areagotu zituen. Errepublikaren garaian tentsio horiek goia jo zuten. Izan ere, espero zen 1932ko Nekazaritza Erreformaren Legeak nekazari pobreen lur-gosea aseko zuela eta lan-arloko legedia berriak proletario industrialen negoziatzeko gaitasuna hobetuko zuela, lan- eta bizi-baldintza hobeak lortzeko. Baina, aldi berean, langile-mugimendua kexu zen erreforma horien geldotasunaz eta sakontasun ezaz, eta iraultzaren beharra aldarrikatu zuten, 1934ko ekaineko nekazarien greban edota urte bereko urriko iraultza zapalduan ikusi ahal izan zenez. Burgesia industrialak, bankariek eta lur-jabeek polarizazio hori guztia mehatxutzat ikusi zuten eta, horregatik, Alemania nazia eta Italia faxista eredu hartuta, irtenbide totalitarioa ontzat jo zuten. Kolpisten helburua klase jabedunen interes ekonomikoak babestea zen, estatu-kolpe bizkor baten bidez Errepublikaren programa erreformista geldiarazi eta langile-mugimenduaren potentzialitate iraultzailea desagerrarazi nahi zuten eta. Horrexegatik burgesiak zuzenean parte hartu zuen estatu-kolpearen antolaketan eta finantzaketan; esate baterako, Bizkaiko bankari handiek 1933tik izaera faxistako JONSak (Juntas de Ofensiva Nacional-Sindicalista, Falangeren aurrekaria) finantzatu zituzten. Izaera faxistako erakunde hori 1934an Falange Españolarekin batu zen, eta bat-egite horren ondorioz Falange Española de las JONS (FE de las JONS) sortu zen.
Konspirazioaren zuzendaritza militarra, neurri handi batean, Afrikako Armadan trebaturiko jeneralen esku geratu zen. Sebastian Balfour historialariak adierazi duenez, Marokoko gerra kolonialak autoritarismoan eta herritar zibilen aurkako muturreko indarkerian oinarritutako kultura militar bat eratzen lagundu zuen. Horregatik, ez da kasualitatea 1936ko uztailaren 17an eta 18an Marokoko Protektoratuan kokatutako tropak izatea Errepublikaren aurka altxatu ziren lehenak, eta ondoren Penintsulara gerra kolonialean garatutako gerra-metodoak eta praktika errepresiboak eramatea.
Era berean, kolpistek nazio zapalduen eskubideak erabat ezabatu nahi zituzten, nazionalismo espainolaren aurpegi gogorrena ordezkatzen zuten. Horregatik, estatuaren ikuspegi zentralista eta inperiala ezarri nahi zuten. Horrek Espainiako Estatuaren menpe zapaldutako herrien edozein adierazpen nazional edo kultural zokoratzea eta jazartzea zekarren, baita Euskal Herrian ere.
Kolpistek penintsulan zeuden indar erreakzionario guztien laguntza izan zuten, baina haien hasierako asmoek huts egin zuten. Errepublikako Gobernuak arduragabekeriaz jokatu zuen, kolpeari ez baitzion modu eraginkorrean erantzun, eta bere egitura instituzionalak kolapsatu zuen. EAJk, aldiz, aurreneko momentuetan anbiguotasun kalkulatuz jokatu zuen, eta jarrera ezberdinak izan ziren jelkideen artean. Alabaina, kolpistek landa-mundua eta eskualde kontserbadoreenak baino ez zituzten kontrolatu eta hirigune handietan ez zuten arrakastarik lortu. Polarizazio sozialaren beldur, agintari errepublikanoek sindikatuei eta langile-klaseari suzko armak ukatu zizkieten. Hala eta guztiz ere, gaizki armatuta egon arren, langile-klaseak kolpistei aurre egitea lortu zuen, eta estatu-kolpe bizkorra izan behar zena, gerra zibil bilakatu zen. Errepublikanoek kontrolatzen zituzten lurraldeetako batzuetan (batik bat Aragoin eta Katalunian), botere-hutsunearen ondorioz, prozesu iraultzaile bat abiatu zen. Nekazariek lurrak kolektibizatu zituzten, langileek industriak bereganatu zituzten eta herri-milizia antifaxistak eratu zituzten kolpistei aurre egiteko.
Euskal Herria konspirazioaren bizkarrezurretako bat izan zen, eskuin espainolista erreakzionarioak errotze sozial eta elektoral zabala baitzeukan, batik bat Araban eta Nafarroan, baina baita beste bi probintzietan ere. Arestian ikusi dugun bezala, indar erreakzionarioek Neguriko burgesiaren babes ekonomikoa zuten. Era berean, Raimundo Garcia kazetariak (ezizenez Garcilaso, Diario de Navarra-ko zuzendaria) ezinbesteko rola bete zuen Emilio Mola jeneralaren eta karlismoaren arteko bitartekari lanetan, eta boluntario aurkeztu ziren milaka erreketeek kolpisten arrakasta ziurtatu zuten.
Hala ere, estatu-kolpearen berri izan zenean, hainbat erresistentzia saiakera izan ziren, Gasteizen eta Erriberako udalerri batzuetan (Lodosan), esaterako. Altsasun, ordea, ezkerrekoa zen herritarren gehiengoa, baina udalerria defendatzeko armarik ez zutela ohartu zirenean, 350 bat lagunek Goierri aldera ihes egin zuten, handik erresistentziari ekiteko. Hain zuzen ere, Gipuzkoan izan ziren gatazka larrienak. Uztailaren 20an langile-mugimenduko miliziez eta segurtasun-indar leialez osatutako zutabe bat eratu zen, Gasteiz kolpisten atzaparretatik askatzeko abiatu zena. Baina uztailaren 21ean Loiolako kuartela kolpisten alde matxinatu zen. Zutabeak erdibidean buelta eman behar izan zuen, eta Donostiako kaleetan tiroketa eta borroka latzak gertatu eta gero, matxinoak uztailaren 27an menderatu zituzten.
Ondoko asteetan, indar erreakzionarioek Araba eta Nafarroatik Gipuzkoa eta Bizkaiari eraso egin zieten. Bidasoako muga giltzarria zen Errepublikarentzat, handik babesa eta horniketa lor zezakeelako. Baina miliziano anarkistek eta komunistek egindako erresistentzia gogorra ez zen nahikoa izan, eta Irun irailaren 5ean geratu zen faxisten esku. Horniketa eta antolaketa falta zela eta, frontean atzera egin behar izan zuten eta Gipuzkoa ia osoa galdu zen oso denbora gutxian, urrian frontea Elgetako Intxorta mendian gelditu zen arte. Testuinguru zail hartan eratu zen Euzkadiko lehen gobernu autonomikoa.
Lehen Euzko Jaurlaritza
Hasierako zalantzak uxatu eta gero, EAJ azkenean Errepublikaren alde lerratu zen, honek Gobernu Autonomo baten eraketa hitzeman baitzion. Akordio horren ondorioz, urriaren 7an kontzentrazio-gobernu bat eratu zen, EAJko Jose Antonio Agirre buru zeukana. Gobernu hark zailtasun handiak izan zituen hasiera-hasieratik. Soilik Bizkaiaren, Arabako iparraldearen eta Gipuzkoako mendebaldeko udalerri batzuen kontrola zeukan, eta gainera, isolamendu geografikoaren ondorioz, horniketa-arazo larriak izan zituen. De facto lurralde ia-independentea izan arren. Euzko Jaurlaritza Euzko Gudarostea eta lurraldearen defentsa antolatzeaz arduratu zen.
Formalki kontzentrazio-gobernu bat izan bazen ere, oro har, EAJren programa moderatua nagusitu zen eta langile-mugimendua haren menera azpiraturik geratu zen. Bere helburuak, gerrak iraun bitartean, ordena soziala mantentzea eta jabetza pribatua nahiz euskal industriak babestea izan ziren. Horrexegatik, Euskal Herrian ez zen izan beste lurralde batzuetan bezalako kolektibizaziorik edo esperientzia iraultzailerik, Donostiko Komunaren esperientzia laburraz gain. Gainera, langile-mugimenduko sektore erradikalenak Euzko Jaurlaritzatik kanpo geratu ziren, CNTko anarkistei ez baitzieten parte hartzen utzi. Era berean, Agirreren gobernua ordena publikoa kontrolpean mantentzeaz arduratu zen. Beste lurralde batzuetan ez bezala, Euskal Herrian ez zen elizen edo elizgizonen aurkako erasorik izan. Bestalde, erasoen eta hilketen mendeku-gosez egindako lintxamenduak saihesten saiatu zen. Hala ere, ez zuen beti lortu, 1937ko urtarrilean, Bilbon izandako bonbardaketa baten ondotik, jendetza amorratu batek giltzapean zeuden 200 preso eskuindar baino gehiago hil zituen eta.
Euzko Jaurlaritza hark modu kontzientean irudi moderatua eman nahi izan zuen nazioartean, Errepublikaren beste lurralde batzuetan nagusitu zen kolektibizazio-eredutik urrundu baitzen. Horrela, beste lurralde batzuetako eredu iraultzailearen aurrean, Agirreren Euzko Jaurlaritza eragile fidagarri gisa agertzen zen, balio katolikoetan oinarrituta eta gizarte-ordenaren zein jabetza pribatuaren defentsaren alde. Horren bidez, iraultza sozialaren beldurra uxatu eta demokrazia liberalen babesa lortu nahi zuen, bereziki Frantziarena eta Erresuma Batuarena. Estrategia hori bat zetorren Sobietar Batasunak eta PCEk defendatutako Fronte Popularren politikarekin; izan ere, politika horrek aliantza antifaxistak eta klase arteko aliantzak proposatzen zituen. Agirreren figura bereziki egokia zen helburu horretarako, zentro-eskuineko eta inspirazio katolikoko aukera ordezkatzen baitzuen. Hala ere, espero zen nazioarteko laguntza hori ez zen sekula ailegatu.
1937ko udaberrian Euzkadiren gaineko ofentsiba abiatu zuten tropa frankistek. Erasoak lurrez eta airez areagotu ziren, eta orduan gertatu ziren Durango eta Gernikako bonbardaketa ezagunak. Fronteak atzera egin zuen, eta ekainean, Alejandro Goikoetxea ingeniariaren traizioa eta gero, Bilboko Burdin Hesia erori zen. Bilbo erori ondoren, Eusko Jaurlaritzako goi-kargudun batzuk Frantziara ebakuatu zituzten; bitartean, borrokek aurrera jarraitu zuten.
Ihesean, Errepublikaren gobernuak itsasadarreko industrien eta azpiegituren suntsiketa agindu zion Eusko Jaurlaritzari, baina honek ez zuen agindua bete, euskal industria babestu nahi zuen eta. Ondorioz, lantegi horiek guztiak frankisten esku geratu ziren, beren gaitasun militarra handitu zuena. Aste gutxiren buruan, Hego Euskal Herriko lurralde guztiak frankisten esku geratu ziren. Abuztuaren 24an EAJri lotutako batailoiek frankistekin akordioa egin zuten Santoñan (Kantabrian). Ez zeuden euskal lurraldeetatik kanpo borrokatzen jarraitzeko prest, eta Italiako tropen aurrean amore eman zuten, errendizioaren truke baldintza hobeak lortuko zituztelakoan. Faxistek, ordea, ez zuten hitza bete eta gatibuak armada frankistari entregatu zizkieten. Euzko Gudarostearen beste batailoiek, aldiz, borrokan jarraitu zuten, iparraldeko frontean hasieran eta hura erori eta gero, beste zonalde batzuetan.
Gerraren ondorioak
Espainiako gerra zibila klase-borrokaren adierazpenik muturrekoena eta gordinena izan zen. Kolpistek kontrolatu zituzten lurraldeetan, hasiera-hasieratik izaera genozida zeukan garbiketa politikoa jarri zuten martxan. Helburua langile-mugimendua fisikoki eta sozialki erauztea zen. Nafarroa Garaian, esaterako, gerra-fronterik ez zegoen arren, 3.000 bat lagun hil zituzten hilabete gutxian. Fernando Mikelarenaren kalkuluen arabera, Fronte Popularreko hamar boto-emaileetatik bat hil egin zuten. Akabatu ez zituztenak giltzapean sartu zituzten, eta beste askok, erbesteko bidea hartu behar izan zuten.
Gerra bukatutakoan, garaileek 40 urte luzeko diktadura ezarri zuten eta langile-klasea izan zen hura gehien sufritu zuena. Ezkerreko alderdi eta sindikatu guztiak debekatu zituzten eta eskubide politiko oro ezabatu zuten. Gainera, lan-indarra diziplinatzeko Sindikatu Bertikala eratu zuten. Horren ondorioz, lan-baldintzak okertu egin ziren eta soldata erreala jaitsi egin zen. Era berean, preso politikoak bortxazko lanak egitera derrigortu zituzten eta horri esker enpresariek debaldeko lan-indarra baliatu zuten lantoki ugaritan. Gerraostea atzeraldi ekonomikoko garaia izan arren, enpresari handiek berealdiko etekinak metatu zituzten. Xavier Domenech historialariak frankismoa "enpresarien utopia" modura izendatu izan du. Euskal Herriko langile-mugimenduaren tradizio iraultzaileak XIX. mendean sakon ezarririk zituen bere sustraiak, baina hala ere, errepresio frankistaren ondorioz, ez zen berpiztu 1960ko hamarkadaren bukaerara arte.
Bestalde, frankismoak Euskal Herriaren gaineko errepresio linguistiko eta nazionala areagotu zuen. Bizkaia eta Gipuzkoari, Errepublikaren alde lerratu izanagatik, foru-erakundeak kendu zizkien. Euskal hizkuntzari eta kulturari dagokienez, Errepublikaren garaiko loraldia eten zuen frankismoak eta errepresio gogorra ezarri zuen.
Era berean, erregimen guztiz matxista eta misoginoa izan zen, eta Errepublika garaian emakumeek lortutako eskubide guztiak ezabatu zituen. Politikoki aktiboak ziren emakumeek eta errepresaliatuen senideek biktimizazio bikoitza jasan zuten: espetxeratuak, fusilatuak eta torturatuak izateaz gain, genero-indarkeriaren forma espezifikoak pairatu zituzten, hala nola sexu-indarkeria, jendaurreko umiliazioak eta haurren lapurreta. Helburua emakumetasunaren eredu tradizionala hautsi zutenak zigortzea eta espazio publikotik kanporatzea zen. Berriz ere senarraren menpeko etxeko-andre izatera kateatu nahi zituzten. Elizaren lankidetza aktiboarekin, diktadurak moralaren kontrol-sistema zorrotza ezarri zuen, Emakumea Babesteko Patronatua (Patronato de Protección a la Mujer) eta Falangeko Emakumeen Atala (Sección Femenina) bezalako erakundeen bidez. Euskal Herrian emakumeentzako bost espetxe espezifiko egon ziren, eta bertan estatu osotik ekarritako preso politikoak giltzapetu zituzten.
Antifaxismoa egun
Testu honen hastapenean esan dugunez, alderdi instituzionalak Jose Antonio Agirreren irudiaren eta lehen Euzko Jaurlaritzaren legatuaren inguruan lehian ari dira. Izan ere, bakoitzak bere interes alderdikoien arabera aldarrikatu nahi du 1936ko kontzentrazio-gobernuaren eredua. Eskuin muturraren gorakadaren aurrean, den-denek haren klase arteko gobernua aurkezten dute erreferentziatzat, modu batera edo bestera faxismoari aurre egiteko.
Baina memoria instituzional horrek hainbat elementu erabakigarri ezkutatzen ditu. Alde batetik, ahaztu egiten du estatu-kolpea geldiarazi zutenak ez zirela instituzioak izan, baizik eta langile-mugimendua eta proletariotza iraultzailea. Bestetik, lausotu egiten du kolpisten lehentasuna ez zela soilik Errepublika suntsitzea, baizik eta errepresioaren bidez klase-gatazka eta proletariotzaren antolaketa-gaitasuna deuseztatzea. Eta, azkenik, ezkutatu egiten du estatu-kolpea sustatu zuten elite ekonomikoen eta frankismoan zein gaur egun aberasten jarraitzen duen burgesiaren arteko jarraikortasun soziala.
Orain dela 90 urte bezalaxe, faxismoaren eta eskuin muturraren klase-izaera ezkutatzen dute, "demokraziaren defentsa" lehenestearen izenean. Horrela, berriro ere iraganeko akats berberak errepikatzen dira. Alderdi instituzionalek isilarazi egiten dute bai faxismo historikoa bai gaur egungo eskuin muturra kapitalismoaren krisien ondorio direla. Era berean, ahazten dute demokrazia liberal-burgesa, faxismoaren aurkako harresia baino gehiago, haren garapena ahalbidetu duen baldintzetako bat izan dela.
Duela 90 urte ere estrategia horrek porrot egin zuen. Euzko Jaurlaritzaren eta Errepublikako Gobernuaren epelkeriak ez zuen demokrazia liberalen babesa lortu, eta, trukean, langile-klaseak bere independentzia politikoari uko egin zion, faxismoaren garaipena erraztu zuena. Zentzu batean, ulergarria da PSOEk edo EAJk aurreneko Euzko Jaurlaritzaren etsenplua berreskuratu nahi izatea. Kezkagarriagoa da, ordea, EH Bilduren kasua; izan ere, gerra zibileko esperientzien artean, Agirreren gobernua izan zen epelena eta eskuindarrena.
Guk, aldiz, bestelako memoria bat aldarrikatu nahi dugu. Lehenik eta behin, biktimismotik ihes egiten duen memoria bat nahi dugu. Porrotaren gurtzari uko egiten diogu, eta, haren ordez, estatu-kolpearen aurkako erresistentzia eta abiatu zen prozesu iraultzailea jarri nahi ditugu erdigunean. Faxismoari aurre egiteko adorea izan zutenak gaur egun ere inspirazio-iturri dira guretzat.
Bigarrenik, klase-memoria baten beharra aldarrikatzen dugu. Demokrazia eta diktadura ez ziren modu abstraktuan borrokatu. Faxismo historikoaren eta gaur egungo eskuin muturraren klase-izaera agerian uztea ezinbestekoa da mehatxuari benetan aurre egiteko. Kapitalismoaren aurkako salaketak eta faxismoaren aurkakoak eskuz esku joan behar dute. Hala zioen Bertolt Brechtek: "Nola esan daiteke faxismoari buruzko egia, [...], kapitalismoaren aurka ezer esan nahi ez bada, batak bestea sortzen duen arren?".
Azkenik, memoria eraldatzailea nahi dugu. Duela 90 urte faxismoak langile-mugimenduko militante iraultzaileak jazarri zituen bestelako mundu bat amesteko gauza izan zirelako. Guk ere helburu bera dugu gaur egun, horregatik, orduko eta egungo borrokak hari berak lotzen ditu.