IKUSPUNTUA / Iranen aurkako eraso inperialista
Iran: inperioaren jopuntuan

Otsailaren 28 goizaldean, Israelgo Defentsa Indarrek Irango 500 helmugatik gorari eraso zieten 200 ehiza-hegazkin baino gehiagorekin eta Amerikako Estatu Batuetako Indar Armatuen laguntza estuarekin. Israelgo Aireko Indarren historian egindako operazio handiena izan da haien esanetan, eta Irango Islamiar Errepublikako goi-kargu ugari hil dituzte. Tartean, jakina den bezala, Ali Khamenei lider gorena, bere alabarekin, suhiarekin eta bilobarekin batera; baina baita Estatu Nagusiko eta Guardia Iraultzaileko buruak ere, besteak beste. Gainera, operazio berean, Ninab hiriko eskola batera ere misil bat jaurti dute eta, gutxienez, 165 lagun erail dituzte, gehienak umeak.

Eraso inperialista horren ondoren gertatzen ari dena da potentzien arteko etengabeko eskalatze militarra, Ekialde Hurbilean ezegonkortasuna orokortzea, ez bada zuzenean gerra-egoera, eta oraindik neurtzeko goizegi den baina hango eta hemengo langile-klaseak sufrituko dituen ondorio ekonomikoak eta politikoak. Orain Iran, bere biziraupenagatik bada ere, bota dioten hordagoa mantentzera behartuta dago, eta eskualdeko gerra baterako arriskua azken hamarkadetako handiena da.

Irango erasoa AEBen doktrina inperialista eguneratuaren kapitulu bat gehiago da. Haien bizi-espazioa dela diotena indarrez bereganatzen saiatzen ari dira Amerikako Kontinentean, eta diskurtso berbera erabili du Israelek ere Irani erasotzeko: bere segurtasunagatik dela. Egun ez dute suntsipen handiko armena bezalako errelato faltsurik behar herrialde baten aurkako erasoa justifikatzeko: Venezuelan narkotrafikoarenak eta Iranen armamentu nuklearrarenak egun bat ere ez die iraun. Gainera, lurreko inbasio luze baten ordez, herrialde bat mendean hartzeko modua gehiago dela dirudi muturreko presio diplomatikoa, ekonomikoa eta militarra; eta horiek nahikoak ez direnean inperioak nahi duena lortzeko, interbentzio militar selektiboak.

Kontrakoa eman badezake ere, dekadentzian dagoen ordenari egokitutako inperialismo berria da AEBena, eta azken hilabeteetan ikusten ari garen erasoak, Rafael Pochek dioen bezala, gerra bakar baten parte dira; Ukrainatik hasi, Venezuelarekin eta Kubarekin jarraitu eta Iraneraino. Helburu nagusietako bat izan daiteke militarki oztopatzea Txinak munduan daukan gero eta nagusitasun handiagoa.

Europak, bere aldetik, AEBen eta Israelen transmisio-uhala izaten jarraitzen du. Europar Batasunak eta bertako estatuek Iranekoa bezalako operazioak egin ahal izateko oinarri materialak eta kulturalak ezartzen dituzte. Kontinente Zaharrean AEBen aliatu fidelena den Erresuma Batuaren kasua nabariena da, publikoki esan duelako Starmerrek base militarrak utzi dituela Irani erasotzeko, eta Alemaniak Ekialde Hurbilean duen posizionamendu israelzalea ere ezaguna da. Eta, azken instantzian, berdina gertatzen da Frantziarekin eta Espainiarekin ere. Politika internazionala lehia elektoral nazionalerako erabili dezakete alderdiek, baina estatuek EBrekin eta NATOrekin bat egiten duten bitartean, kondenatuta daude AEBak buru dituen aliantza estrategikora, eta, ondorioz, hark markatzen dituen posizionamendu internazionaletara.

Ekialde Hurbilera itzulita, komunistontzat auzi moral eta politikoa da sionismoaren aurkako erresistentzia babestea, AEBen eta Israelen garapenak terrore absolutua esan nahi baitu bertako herrientzat eta, oro har, populazioarentzat. Ezinbestekoa da genozidioaren eta esklabotzaren ardatzak kontrapisu bat izatea.

Haien ordenaren aurka altxatzen diren guztien kontra gerra eta herrialdearen suntsiketa masiboa da Mendebaldearen eskaintza. Azkenekoz Sirian egin zuten eta orain Iranen ari dira saiatzen. Gainera, indar-harremanak baimentzen badie garbiketa etnikoa eta genozidioa da hurrengo pausoa, Israel Handia delirio neonaziaren mesederako.

Haien ordena onartzea ere ez da aukera askoz hobea: ikusi besterik ez dago, bestela, AEBen aliatu estua den Saudi Arabiako erregimena: monarkia absolutuan oinarritzen den sistema politiko autoritarioa, inolako eskubide politikorik baimentzen ez duena eta Sharian oinarritutako murrizketa umiliagarriak aplikatzen dituena pertsonen duintasunarentzat eta garapen askearentzat, eta zer esanik ez emakumeentzat. Iparamerikarrek zuzenean interbenitu duten herrialdeetan ere bertako biztanleen, tartean emakumeen, askatasunetan eta eskubideetan atzerapausoak baino ez dituzte ekarri. Afganistanen bilakaera begi-bistakoa da zentzu horretan.

Irani dagokionez, berriz, identitate politiko eta kultural hegemoniko berri bat eraikitzea lortu dute 1979ko iraultzaz geroztik, Mendebaldeko proiektu inperialistaren kontrakotasunean oinarritzen dena, eta ekintza zehatzetan adierazi dituzte erresistentzia palestinarrarekiko babesa eta proiektu sionista, supremazista eta genozida desegiteko konpromezua. Irango erregimenaren erorketak esan nahi du, egungo baldintzetan, gutxienez, Israelen eta AEBen babeseko tiraniaren, terrorearen eta genoziden garapena, eta ez luke inolako aurrerapausorik ekarriko ez Irango biztanleriaren zati zaurgarrienentzat ez eta, oro har, inguruko herrialdeetako biztanleriarentzat ere.

Iranen aurkako eraso inperialista salatzeak eta erresistentziari babesa adierazteak gehigarri bat izan behar du bide-orri luzeago baten barnean, Israelen eta AEBen mundu-ordenari aurre egiteko potentzialitatea daukan proiektu bakarraren eraikuntzan, hau da, sozialismoa internazionalki egituratzean. Kontrara, munduko langileria kondenatuta dago hango edo hemengo potentziek izan ditzaketen norbere interesen makulu izatera, indar eta ordezkaritza propiorik garatu gabe.

Lehia geopolitikoa herrialdeek eta kapitalek dituzten interes partikularren arteko talka den mundu honetan, beharrezkoa da erreferentzia politiko bat internazionalki eraikitzea, Mendebaldeko proiektu inperialistentzat eta faxistentzat galga izango dena, eta baita kapitalismoari kontrajarriko zaion proiektu zibilizatorio berri baten eroalea ere. Ikuspegi partikular edo pribatutik haratago zentzu unibertsalistan jardungo duena.

Izan ere, azken hamarkadetan ondo frogatu da ezinbestekoa dela gizateriaren interes unibertsalen alde egingo duen ardatz berri baten eraikuntza. Bloke sozialistaren erorketaren ondotik AEBak jaun eta jabe izan dira munduan barrena, oposizio eta kontrapisu errealik gabe, eta mota guztietako basakeriak egin dituzte. Eraiki dezagun antiinperialismo eta antifaxismo kontsekuente eta erradikal bat; gaitz horien sortzaile den kapitalismoari bere osotasunean aurre egingo dioten Alderdi Komunistak aurrena, eta Estatu Sozialistak ondoren.