Hauteskunde munizipalak bukatu dira, eta alde bateko edo besteko, alderdi guztiek aldarrikatzen dute haien garaipena. Hala ere, denak berdin jarraitzen du.
Ipar Euskal Herrian, argi azaleratu da bertako lehia instituzionalaren pazifikazio-maila. Frantzian lehia bortitza izan baldin bada, kriminalizazio, kritika erasokor eta batzuetan konfrontazio fisikoetara iristeraino, hemen ez da halakorik izan. Giro pazifikatu hau alde batetik eskuin muturraren presentzia urriak azaltzen baldin badu ere, faktore nagusia ezkerrean da.
Izan ere, Ipar Euskal Herrian, praktikoki ez da existitzen Frantziako alderdi sozialistaren ezkerrera espazio politiko elektoralik, alderdi sozialista gaur egun Frantzian ordenaren berme nagusietariko bat izanik. EH Bai ahal izan duen guztietan aurkeztu da alderdi sozialistarekin, Colette Capdeviellekin, etengabe Macronen gobernua salbatzen ari den diputatuarekin barne. Noski, aliantza horrek, errealki estrategikoa bilakatzen ari dena eta ez momentukoa, kritika politiko oro isiltzea eskatzen du, aliantza justifikatu ahal izateko. Dena den, pixkanaka sozialdemokrazia frantsesarekiko ezberdintasun ideologikoak ere ezabatzen ari dira ezker abertzalearen oinarri sozial eta elektoraletik, beraz, kritika ezak kontraesan geroz eta guttiago sortzen du.
Bestetik, diskurtso erreakzionarioa zelai elektoralean nola sartu den ikusi dugu, adibide nagusiak Hendaian eta Baionan izanik. Eskuineko eta eskuin muturreko zerrenda horiek etorkinen giza-eskubideen inguruko kontsentsu morala hautsi dute, Hendaiako kasuan legea fermuki aplikatzea eskatuz, eta Baionan Pausa, etorkinentzako harrera-zentroa, kritikatuz eta migrazioa eta segurtasun faltaren arteko lotura arrazista bultzatuz. Bi herri horietan auzapezek sektore horien botoaren zati bat jaso dute bigarren itzulian, eta horrek gobernantza autoritarioago batera eraman ditzake herriko etxe horiek. Hala ere, krisi-garaian giza-eskubideen kontsentsu moralak ez du bizi-esperantza luzerik, eta erreakzioari politikoki egin beharko diogu aurre, kaleetan eta diskurtso-mailan. Bide batez, Proteau ere, Hendaian kanpaina osoa segurtasun faltaren inguruan egin duen Les Republicains alderdiko hautetsia, Euskal Elkargoaren eskumenak handitzearen alde agertu da, argi erakutsiz zein heinetan den progresista bertako instituzioen aldarrikapena.
Baina diskurtso sekuritarioa ezkerrak ere erosi du. Jean Claude Iriarten listak, adibidez, Baionako polizia munizipala indartzea zuen programan. Baionan bizi den edonork daki polizia horien denborapasa gustukoenak zein diren: etxegabeen jazarpena, propaganda politikoa kentzea eta scooter-etan ibiltzen diren gazte proletarioen kontrola. Frantziako hiri handi batzuetan polizia munizipalari armak murriztu izanak telebistako eztabaidak betetzen dituen bitartean, Euskal Herriko herrietan gai hori ez da ia aipatu ere egiten, indar minimo bat duten alderdi guztiek egiten baitute armatzearen alde. Hori gutti balitz, droga-trafikoari ere garrantzia eman diote, horren kontra estatuarekin eta justiziarekin kolaborazioa indartzea proposatuz. Prefetak droga-trafikoaren bidez Baionako auzo pobreenetako bat operazio mediatiko baten bidez kriminalizatu eta bi hilabetera, programaren zati hori langileriaren kontrako eraso bat dela erratea gutti erratea litzateke. Harritzekoa da Alderdi Antikapitalista Berriak (NPA) ere programa hori babestea, berez alderdiak kontrakoa babesten omen duenean.
"Hirugarren itzulia" deiturikoaren inguruan, autoengainutik haratago hau da errealitatea: EAJk 221 bozketatik bakarra zuen eskaintzeko eta Alain Iriart ez da abertzale gisa aurkeztu. Alderantziz, etengabe adierazi du ez zela alderdi bateko kide bezala aurkezten. Etxegarai eta Capdeviellek esan dute Alain Iriart errepublikazalea dela. Noski, Frantziako Errepublikari erreferentzia eginez. Dena den, Iriartek ez du beldurtzen: ez ezkerreko abertzaletasuna hegemoniko bilakatu delako, hausturarik suposatzen ez duelako baizik. Horren erakusle izan da Etxegaraik botoak lortzeko beldurra baliatu nahi izan duelarik abertzaletasunaren gaia azaleratu ez izana. Hausturarik ez dela Iriartek argi utzi zuen Etxegarai macronistarentzat txaloak eskatzean. Berrarmatzearen alde bozkatu zuen Herri Elkargoaren konposizioa ez da aldatu, eta sentsibilitate guztientzat gobernatuko dela errateak elkargoaren eskumen guttiak autoritarizazio-prozesuaren zerbitzura ezartzea erran nahi du.
Ipar Euskal Herrian, Europa osoan bezala, militantzia politiko komunistak baizik ezin dio aurre egin aurkezten zaigun etorkizun ilunari. Geroz eta herrialde gehiagotan entzuten da zerbitzu militarraren deia, gerla geroz eta hurbilago dugu eta langile-klasearen pobretze-prozesuak ez du pausarik hartzen. Indar burges guztiekiko haustura aldarrikatu eta antolatu behar dugu, hori baita langileok benetako eskumenak lortzeko bide bakarra, benetako politika egiteko dugun aukera bakarra. Hauteskundeak bukatu dira, baina politika egiteko garaia ez. Ea abstentzioaren aurka mobilizatu diren guztiak borrokan berriz gurutzatzeko aukerarik badugun.