"Emakumeen eskubideak bai ala bai errespetatu behar dira, eta horregatik babestuko dugu abortatzeko eskubidea", iragarri du oraingoan Pedro Sanchez karismatikoak. Konstituzioan blindatzeko asmoz abortuaren 43. artikulua erreformatzeko proposamen xarmangarri bat dirudienaz harago, errealitatea topatzen dugu parez pare. Infernurako bidea asmo onez harriztatuta dago.
Zalantzarik gabe, abortatzeko eskubidea etengabe urratzen da Espainiako Estatuan. Autonomia-erkidegoen egoera aztertze hutsarekin uler ditzakegu auzi honen nondik norakoak: kasu gehienetan zerbitzu pribatizatuak, "kontzientzia-eragozpenaren" aitzakiapean zerbitzua ziurtatzen ez duten autonomia-erkidegoak, paperik gabeko etorkinei abortua ziurtatzeko zailtasunak, eta kliniketara doazen emakumeen kriminalizazioa Garizuman, talde antiabortisten partetik. Hori esanda, argi dago abortuaren gaur egungo egoera lege batean jasota dagoela eta ez dela bermatzen; beraz, suposa dezaket Sanchezen adierazpenak beste aurpegi-garbiketa bat baino ez direla, gaur egun "eskubideen gobernua" delako ospearen barruan.
Duela urtebete ikusi genuen Frantziako Estatuan, migrazio-legearen murrizketaren inguruko eztabaida betean, Macronek konstituzioa aldatzeko proposamen bera egin zuenean. Eta zer ekarri zuen horrek guztiak? Klinika ugari ixtea eta emakume batzuek atzerrira joan behar izatea abortatzera. Hain zuzen ere, "abortatzeko eskubidea" izatetik "abortatzeko askatasuna" izatera pasatzeko tranparen azpian, murriztu egin dira neurri horren inplikazioak, gobernuak ez baitu neurri materialik bermatzen hura gauzatzeko.
Argi dago, Pedro Sanchez, abortatzeko eskubidea errespetatu egin behar dela bai ala bai, baina ez da erdizkako neurriak jasotzen dituzten zuen politika instituzionalei esker izango, horiek ez baitute funtsezko aldaketarik ziurtatzen kalitatezko eta doako abortu unibertsal baterako. Ikusten ari gara zer gertatzen den abortuarekin erreakzioak edo faxismoak boterea hartzen duen herrialdeetan, hala nola Argentinan, eta zer funtzio betetzen duten oinarririk gabe legea aldatzeko proposamenek testuinguru horretan. Abortuaren eta emakume langileen sexu- eta ugalketa-osasuneko zerbitzuen aldeko borrokak eta antolaketak lehentasunezkoa izaten jarraitu behar du; ez dezagun guardia jaitsi.