EDITORIALA / Faxismoa
Zer lortu zuten faxismoaren aurka campusean mobilizatu ziren ikasleek?
2026/02/25

Zalaparta handia sortu du Voxek EHUko Gasteizko campusean antolatutako ekitaldiak. Sare sozialetan presentzia handia hartu du, irratian eta telebistan agerraldi horri buruz aritu dira, eta alderdi politiko nagusiek ere horren inguruan hitz egin dute.

Jakinekoa da Voxentzat Euskal Herrian horrelako ekitaldiak egitea propaganda dela, eta hainbatetan etortzen direla horretara. ETAren mamua aireratzen dute eta Espainiaren eta espainiarren defendatzaile bezala aurkezten dute beren burua, ETAren ustezko ondorengoen eta "erradikalen" aurka. Voxen eskuin muturreko boto-emaileari jaten ematen diote horrela. Astelehenean Gasteizko campusa ixteko erabakiak espektakulua areagotu zuela ikusita, are hobeto Voxentzat. Ikusgarritasun eta zarata gehiago. Hala ere, antifaxismoaren presentziak Voxen jarraitzaileak gerturatzea ekidin zuen, eta haiek lortutako irudia ez zen behar bezain ona izan: faxista gutxi batzuk, ehunka antifaxistaren aurka.

Voxen ekitaldiaren aurrean EH Bilduk eta EAJk hartutako jarrera aipatzeko modukoa da. Lehenengoek, EHUko zuzendaritza beren esku dagoela probestuta, Gasteizko campusa ixteko erabakia hartu zuten, faxismoari aurre egiteko zela esanez. Baina, egiaz, erantzun antifaxistatik distantzia hartzeko eta gertatu zitezkeen istiluen aurrean eskuak garbitzeko erabaki bat izan zen. Unibertsitatea militarizatzea baimendu zuten erabaki horrekin, aurrez aurreko erantzun antifaxista ahulduz eta Voxen ekitaldiari are oihartzun handiagoa emanez. Bestalde, Andre Mari Zuriaren Plazan LABen bidez deitu zuten kontzentrazioak lehen lerroan zegoen erantzun antifaxista zatitzeko funtzioa betetzen zuen, beraiek ere faxismoa gelditzeko "zerbait" egiten ari zirela irudikatzearekin batera. Horrenbestez, ikusten dugu sozialdemokrazia askoz ere kezkatuago egon dela erantzun komunista gelditzearekin eta hortik urruntzearekin, beste ezerekin baino.

EAJ, eskuin muturreranzko bere biraketan, amorratzen zegoen istiluak egon zitezen, Voxekoek ekitaldira deitu zuten momentutik. Komunikabideak horri begira jarri zituen lanean, jada ohikoa bilakatu den kriminalizazio-kanpaina aktibatuz, baita Ertzaintzaren dispositibo neurrigabe baten bitartez ere. EAJ, programa konbentzigarri baten faltan, giroa lokazten ari da azken hilabeteetan, eta horretarako biolentzia politikoaren inguruko eztabaida faltsu bat sortzen aritu da. Voxen aurka mobilizatu ziren ikasleek amua irentsi ez zutela ikusita, lerroburuak asmatzeari ekin zioten, esanez, istilurik egon ez bazen, hedatze polizialari esker izan zela, besteak beste. Poliziaren presentzia itogarriaren arrazoia istiluak eragitea ez balitz bezala.

Zer lortu zuten faxismoaren aurka campusean mobilizatu ziren ikasleek? Hasteko, faxismoaren presentzia ez normalizatzea. Bigarren, faxismoaren aurkako irakurketa koherente batek oihartzuna edukitzea. Hirugarren, faxistek nahi zuten irudia lortzea ekiditea indar-erakustaldi bat eginez, faxisten oso gainetik. Eta azkenik, heldutasun politikoa erakutsi zuten, aurrez aipaturiko alderdiek botatako pultsuaren eta probokazioen aurrean. Zergatik ote diren garrantzitsuak antolakunde komunistak? Beren militantziaren konpromisoaren eta eskuzabaltasunaren bidez funtzionatzen dutelako, ez funtzionarioen eta burokraziaren bidez. IASek, Voxen aurka manifestatuz gero kriminalizazio-kanpaina baten biktima izango zela jakitun izanda ere, bere gain hartu zuen faxismoari aurre egitearen ardura. Sozialdemokrazia ezkutatuta zegoen eta komunistak salduta uzten ari zen bitartean.