Zalaparta handia sortu du sanferminetako txupinazoan EHKSk Destroy Israel leloa zeraman pankarta bat atera izanak. Hainbestekoa izan da oihartzuna, Israelgo Atzerri Ministerioak pankartaren aurka idatzi duela sare sozialetan, eta Al Jazzera hedabideak ere gertaeraren berri eman du.
Destroy Israel leloaren esanahia ondorengoa da: estatu genozida desegin behar da, genozidioan, espantsionismoan eta apartheidean oinarritutako estatu bat ez delako onargarria. Ekialde Hurbileko herritarren arteko bizikidetzaren alde egiten ari gara. Horretarako, ordea, Israelgo estatu-paratuak eta sionismoa desegin behar dira. Berdina esango genuke Alemania Naziaren kasuan: Alderdi Nazia eta Hirugarren Reich-a desegin behar direla, bakerako eta bizikidetzarako oztopoa zirelako. Ba ia 100 urte beranduago berdinetan gaude, bakarrik oraingo estatu supremazistak judutarren izenean hitz egiten duela, ordukoak arraza arioaren izenean hitz egiten zuen moduan. Jakina, sionismoa ez da judutarren ordezkaria, eta Israelen krimenak judutarrei leporatzea erabateko akatsa litzateke. Ezin dugu onartu Israelgo Estatuaren biktima bezala aurkeztea. EHKSren aldarrikapenean ez baitago inolako antisemitismorik: gerra inperialistaren eta genozidioaren salaketa da Destroy Israel mezuaren atzean dagoena.
Dozenanaka milaka pertsona erail ditu Israelek soilik azkenengo urteetan. Alemania Naziaren antzera, gerra-ekonomia eta espantsionismoa bere oinarrian ditu Israelek. Bere gerra-gosea aseezina da, eta horrek guztiak ez dauka amaierarik, gutxienez Ekialde Hurbila eurenganatzen duten artean. Imajinatu zer nolako infernua litzatekeen Israelek osoki kontrolatutako eskualde bat. Gazaren eredua Ekialde Hurbil osora zabalduko lukete.
Hori guztia honakoagatik ari gara aipatzen: EHKSrena bezalako aldarrikapenak beharrezkoak direla azpimarratzeko. Ausardia handiz atera zuten pankarta Iruñeko plazan, aurrez Indar Gorrik Sadarren edo La Vueltaren testuinguruan dozenaka kidek egin bezala. Desobedientzia behar-beharrezkoa delako genozidioaren eta inperialismoaren aurkako mezua mundu osora zabaltzeko. Jarrai dezagun sionismoa amorrarazten.