EDITORIALA / Preso politikoak
Espetxe-politika nahieran
2026/04/23

Azken orduetan jakin da Auzitegi Nazionalak Marixol Iparragirreri eta Juan Ramon Karasatorreri erdi-askatasunean espetxetik ateratzeko baimena ukatu diela. Horrek argi uzten du euskal presoen eta oro har preso politikoen aurkako salbuespen-neurriekin jarraitzen duela Espainiako Estatuak eta, era berean, alderdi nagusien interesen mende dagoela aparatu judiziala, Auzitegi Nazionala kasu. Eskuineko alderdi espainiarrek urteak daramatzate erdi-askatasun erregimena PSOEren aurkako propaganda egiteko erabiltzen. PSOEk, bere aldetik, Iparragirreren eta Karasatorreren aurkako salbuespen-neurriak babestu eta epaileen ustezko independentzia txalotzen du, Eusko Jaurlaritzak (EAJ eta PSE) bezala. Azken bi horiek dira EH Bilduren lehentasunezko aliatuak.

Biktimekiko enpatia-ariketa bezala aurkezten dituzte horrelako zigor gehigarriak. Egiaz, bat ere ez dute enpatiatik eta asko propaganda elektoraletik eta azpijokotik. Aspalditik ikusi dugu presoen auzia elkarri erasotzeko erabiltzen dutela estatuko alderdi nagusiek. Horrez gain, iraganaren kontura eta kolpe zorririk jo gabe bizi diren hainbat elkarte ere badaude, auzi hau ahalik eta gehien luzatzea komeni zaienak. Azpikeria horren guztiaren atzean, ordea, hezur-haragizko pertsonak daude, gatazka politiko batean galtzaile suertatu zirenak eta alde galtzailean egoteagatik hamarkadatako infernua bizitzera kondenatu dituztenak. Ezin eska geniezaioke enpatiarik faxista bati, ezta estatuko burokrata bati ere.

Estatuek kapitalisten kontrolpean jarraitzen duten bitartean, existitzen jarraituko dute preso politikoek, baita haien aurkako arbitrariotasunak ere. Ezin ditugu ahaztu adibidez Patxi Ruizek azken urteetan edo Maria Jose Bañosek azken asteetan jasandakoak. Kapitalismoaren injustiziei, auzi sozial zein nazionalari aurre egiteko prest dagoen jendea egon bitartean, estatuaren errepresioa bere horretan mantenduko da. Espainiako zein Frantziako estatuetan gauzak ez dira aldatu; errepresioak bere horretan dirau. Argi izatea komeni zaigu. Hain zuzen ere, horregatik aldarrikatzen dugu amnistia, jakin badakigulako preso politikorik gabeko egoera batera iristeko aukera bakarra Estatu Sozialista eraikitzea dela. Norabide horretan arituko gara aurrerantzean ere, preso politiko guztien aurkako bidegabekeriak salatzen.