EDITORIALA / Jazarpen politikoa
Bada garaia!
2026/06/11

Oihartzun handia izaten ari da, beste urte batez, Bilboko Konparsetan eta Gasteizko Txosnetan Mugimendu Sozialistari ezarritako debekua. Aurreko astean 450 kulturgilek debekuarekin bukatzeko eskaera egin zuten ohar bidez. Aurrez, hainbat artista ezagunek Bada Garaia izeneko kanta aurkeztu zuten, betoarekin bukatzeko ekarpena eginez. Gasteizko herri-mugimenduko hainbat aurpegi ezagunek ere agerraldia egin dute denon parte-hartzea bermatu dadila galdeginez.

Egoera nahiko sostengaezina da betoaren bultzatzailearentzat, hots, Ezker Abertzalearentzat. Bidegurutze batean daude: betoa altxatzeko oinarriak jarri eta tazituki gaizki aritu direla onartu, edo bat ere komeni ez zaien dinamika publiko honekin jarraitu. Eztabaidak hainbeste egin du jauzi esfera publikora, Otegiri eta Zupiriari ere gai honen inguruan galdetu dietela azken egunetan. Lehena, betoen kontra dagoela esanda, hala moduz betoa justifikatzen ahalegindu zen; debekua gauzatzen ari diren alderdikideei leiala izatea garrantzitsua dela jakinda, batetik, eta bere ezkerrera dagoen mugimenduekin intrantsigentea izateko ikuspegiarekin, bestetik. Zupiriak, bere aldetik, Ezker Abertzalearen ahulezia identifikatu du eta hutsune hori seinalatu die. Bera, jakina, auzi hau ahal bezainbeste luzatzearen aldekoa da; El Correo egunkaria bezala, bide batez. Gauzak horrela daudela jakinda, nor da egoera honen erantzulea? Mugimendu Sozialista debekua salatzeagatik, edo Ezker Abertzalea betoaren alde itsu- itsuan jarraitzeagatik? Uste dugu gauzak nahiko argi daudela jadanik.

Egoeraz jakitun diren euskal herritarren gehiengo zabal bat betoa amaitzearen alde dago, argi eta garbi. Sakoneko auzia ondorengoa da: Ezker Abertzaleak bere egungo estrategiaren kontzientzia historikoa hartu behar du. Proiektu instituzionala eta sozialdemokrata hautatu dute, eta horrek, nahi eta nahi ez, espazio politiko bat irekitzen du bere ezkerrera. Hori onartu behar dute lehenago edo beranduago, Mugimendu Sozialistari dagokion lekua aitortuz eta debekuari amaiera emanez. Nahiko helduak gara jada desadostasun politikoen eta debekuen artean bereizten jakiteko. Bada garaia.