ARTEKA / Martxoak 3
Sarraskiaren kronika
Urtarrila eta martxoa bitarteko mobilizazio haiek hirian arrasto handia utzi zuten. Gasteiz betiko aldatu zen. Ondoko urteetan, langile mugimendu asanblearioaren memoriak arrastoa utzi zuen gizarte mugimenduetan.
Sarraskiaren kronika
— ARGAZKIA martxoak3.org
1976ko neguan, Gasteizko proletariotzak ofentsiba handi bati ekin zion, Euskal Herriko langile mugimenduaren historia betiko aldatuko zuena

Carlos Carnicero historialariak, martxoaren 3ari buruz idatzitako liburu batean, hala definitu zuen Gasteiz: “sekula deus ere gertatzen ez zen hiria”. Baina 1976ko neguan, proletariotzak ofentsiba handi bati ekin zion, Euskal Herriko langile mugimenduaren historia betiko aldatuko zuena eta Trantsizioaren nondik norakoak baldintzatuko zituena. Arabako hiriburuan behingoagatik zerbait gertatu zen.

Aurrekariak

XX. mendearen erdialdera arte, Gasteiz hiri txikia zen. Kontserbadore fama zuen gainera, “apaiz eta militarren” hiria zela esaten zen eta. Baina 1950eko hamarkadan, frankismoaren desarrollismoak goitik behera eraldatu zuen hiriaren paisaia ekonomikoa eta soziala. Aldaketa ekonomiko horrek landa exodo azkarra eragin zuen eta etorkinak iritsi ziren Arabako herrietatik, auzo-lurraldeetatik eta Espainiatik. 1970ean gasteiztarren %58 hiritik kanpo jaiotakoa zen. Etorri berriei harrera egiteko, etxebizitzak eraiki behar izan zituzten, eta auzo berriak sortu ziren; hala nola Zaramaga, Arana, Abetxuko, Adurtza eta Errekaleor. Testuinguru hartan proletariotza berri bat sortu zen, oro har oso gaztea zena eta borroka-esperientziarik gabekoa.

Gerra zibilean frankistak aise nagusitu baziren ere, 1960ko hamarkadan, pixkanaka, oposizio antifrankista ernetzen hasi zen. Hainbat sektore sozial antolatzen hasi ziren, eta diktaduraren esparruetatik kanpo geratzen ziren elkarguneak eta sozializazio esparruak eratu zituzten. Esate baterako, Manuel Iradier Elkarteak euskal kulturaren berpizkundea bultzatu zuen mendizaletasunaren eta Mairulegorreta leizeko euskal-festen bidez. Era berean, apostolutza-elkarte kristauek frankismoaren zirrikitu legalak baliatu zituzten lantokietan eta auzoetan langileak elkartzeko, haien beharrak asetzeko aukera izan zezaten. Besteak beste, Carlos Abaitua erretoreak bultzatutako ekimenak garrantzitsuak izan ziren.

Arabako oposizio antifrankista, Hego Euskal Herriko beste lurralde batzuen aldean, apalagoa zen orduan. Bizkaiak eta Gipuzkoak tradizio luzeagoa zeukaten, bai langile mugimenduari dagokionez, baita abertzaletasunari dagokionez ere. Nafarroan, aldiz, soziologikoki Arabarekin antzekotasunak izan arren, 1960ko hamarkadaren bukaeratik langile mugimendu aktiboa ehuntzen ari zen; izan ere, Sindikatu Bertikalaren datuen arabera, 1971n, Estatuko sei probintzia
gatazkatsuenen artean kokatzen zen.

Edonola ere, Arabako proletariotza urrats apur batzuk ematen hasia zen. Esmaltaciones San Ignacio lantegian hilabeteko greba izan zen 1969an. Langile-mugimenduaren aurreneko urrats hartan, elkartasunezko lanuzteak eta diru-bilketak izan ziren. Michelinen txanda, aldiz, 1972an izan zen. Hura zen lurraldeko enpresa handiena, 3.000 langile ingururekin. Gatazka hilabetez luzatu zen, baina enpresako jabeak nagusitu ziren. Hala ere, ez zen erabateko porrota izan, ikasbidea izan baitzen langile-mugimenduarentzako.

Azaroaren 20tik martxoaren 3ra

Diktadorea 1975eko azaroaren 20an hil zen; ez, ordea, diktadura. Hala ere, ordurako krisi larrian zegoen Erregimena, langile-mugimenduak eta oposizio antifrankistak erronka bota ziotelako. Errepresioa gero eta gogorragoa izan arren, eraginkortasuna galtzen ari zen. Kalearen kontrola bera ere auzitan zegoen. Hori guztia gutxi balitz, petrolioaren krisia deiturikoak Espainiako ekonomia bete-betean jo zuen: inflazioa eta langabezia tasa oso bizkor hazi ziren. Generalisimoa zendu eta gero, Juan Carlos erregeak eta Carlos Arias Navarrok gidatu zuten lehen Gobernua. Aldaketak beharrezkoak zirela hitz eman zuten arren, ez zeuden prest Estatuaren egiazko demokratizazioari ekiteko. Horren ordez, azaleko erreformak eta errepresioa uztartzen zituen proiektu bat jarri zuten martxan, “Francorik gabeko frankismo” baten funtsa mantentzea zeukana helburu.

Diktadorea 1975eko azaroaren 20an hil zen; ez, ordea, diktadura. Errepresioa gero eta gogorragoa izan arren, eraginkortasuna galtzen ari zen. Kalearen kontrola bera ere auzitan zegoen

Testuinguru horretan hasi zen mamitzen Gasteizko langile-mugimenduaren borroka. 1974an, langile-mugimenduaren hainbat sektorek Gasteizko Langile Koordinakundea (Coordinadora Obrera de Vitoria, COV) sortua zuten, langile-mugimenduaren elkargune unitario gisa. Han elkartu ziren sindikatu eta alderdietako militanteak, alderdirik gabekoak, nahiz korronte antikapitalista eta autonomokoak. Gasteizko
proletariotza, oro har, gutxi politizitatukoa zen eta ez zuen oposizioko erakundeetan modu masiboan parte hartzen. Baina Franco hil eta gero, aldaketarako aukeraren leihoa ireki eta abangoardia antolatua konfiantza hartzen joan zen.

Langile koordinakunde horrek aldarrikapen zerrenda bat planteatu zuen 1975eko abenduan; “Aldarrikapen-Plataforma” bat, orduan esaten zen bezala. Inflazioaren aurrean, Gobernuak soldaten izoztea dekretatua zuen. Horregatik, hain zuzen ere, soldata igoera orokorra eta lineala izan zen eskaera garrantzitsuena. Horretaz gain, 60 urterekin erretiroa hartzea, gaixotasunagatik %100eko baja eta asteburuetan jai izatea eskatu zuten. Plataforma horrek borrokak elkartu zituen, enpresa guziek aldarrikapen horiek bere egin baitzituzten, eta lantokiz lantoki, beren eskaerak gehitu zizkioten.

Forjas Alavesas izan zen lehena. Abenduaren bukaeran enpresaren nagusiei COVen plataforman oinarritutako aldarrikapenak egin zizkieten. Biltzarrak egiten hasi ziren eta lankideen artean ordezkarien batzorde bat aukeratu zuten, Sindikatu Bertikal frankistaren kontrolpetik pasatu gabe negoziatu ahal izateko.
Erantzunik jaso ez zutenez, eguberrien bueltan, urtarrilaren 8an, grebari ekin zioten. Biharamunean Mevosako enplegatuek ere lan egiteari utzi zioten. Bigarren hori Gasteizko lantegirik handienetako bat zen, 2.000 enplegatu inguru baitzituen. Haien atzetik, beste hainbat lantegik bat egin zuten.

Hurrengo asteetan borroka-dinamika bizi batean murgildu zen proletariotza. Hasierako aldarrikapenak ekonomikoak izan ziren, baina laster batean izaera politikoa hartu zuen grebak; errepresioagatik hein handi batean, baina baita Sindikatu Bertikalari egindako boikotaren ondorioz ere. Enpresariekin bide ofizialetatik negoziatu beharrean, borrokan zeuden lantoki guzietan biltzarrak egin zituzten borrokaren nondik norakoak eztabaidatzeko eta ordezkarien batzordeak aukeratzeko. Ordezkari horiek biltzarren aurrean erantzun behar zuten eta aldagarriak ziren. Gainera, ilegala zen Sindikatu Bertikaletik kanpo negoziatzea, hortaz enpresari askok bide estraofizialetatik negoziatzeari uko egin zioten.

Hasieran COV izan zen borrokaren bultzatzailea, baina momentu batetik aurrera bigarren plano batean geratu zen. Mobilizazioak lantegietako langile-biltzarrek gidatzen zituzten. Borrokan zeuden lantoki guztiak koordinatzeko, alabaina, biltzar bakoitzeko ordezkariek koordinakunde bat eratu zuten: “ordezkaritza-komisioen koordinakundea” (Coordinadora de Comisiones Representativas, CCRR). Koordinakunde horrek, aldi berean, hiri mailako biltzar orokorrak antolatu zituen. Espazio horiek langileen parte hartzea bultzatzeko eta borrokak bateratzeko eta antolatzeko balio izan zuten. Koordinakundearen eta biltzarren bidez abangoardia militantearen eta masen arteko lotura bultzatu zen.

Pixkanaka, gatazka kale itsu batean sartzen joan zen. Enpresari batzuek aldarrikapenei muzin egin zieten eta enplegatuak kaleratzen hasi ziren. Lankideek, ordea, adostu zuten horiek berriz ere onartu arte ez zirela lanera itzuliko, “denak ala inor ez” lelopean. Era berean, biltzar guztiek adostu zuten ez zutela borrokan zeuden langileen arteko batasuna zatituko. Ez zuten konponbide indibidualik nahi eta ziren aldebakarrez lanera itzuliko, biltzar orokorrak enpresa guztientzako konponbide bat onartu ezean.

Urtarrila bukaeran borroka lantokietatik kalera ateratzea erabaki zuten, eta manifestazioak egiten eta espazio publikoa okupatzen hasi ziren orduan. Otsailaren 2an, 4.000 lagun elkartu ziren Gasteizko kaleetan. Polizia bortizki oldartu zitzaien eta manifestazioa sakabanatu zuten Arriagako Atean.

Biltzar guztiek adostu zuten ez zutela borrokan zeuden langileen arteko batasuna zatituko. Ez zuten konponbide indibidualik nahi eta ziren aldebakarrez lanera itzuliko, biltzar orokorrak enpresa guztientzako konponbide bat onartu ezean

Errepresioa gogortzen joan zen. Isunak, atxiloketak eta piketeen aurkako indarkeria zabaldu ziren. Errepresio hori salatzeko otsailaren 13an biltzar orokor bat egin zuten. Biltzar hori itxialdi bilakatu zen. San Frantzisko elizan gaua pasatzea erabaki zuten mila bat lagunek. Handik greba orokorrerako deialdia egin zuten otsailaren 16rako.

Grebaren bezperan, langileek manifestazioa egitea erabaki zuten. Buzoa jantzirik, poligonoetatik hiriaren erdialdera egin zuten martxa. Burgesiaren harridurarako, periferiako langileak beren borroka hiriaren bihotzeraino eramaten ari ziren. Lehendabiziko greba orokorra, esan bezala, otsailaren 16an izan zen. Lanuzteak, manifestazioak eta istiluak izan ziren, baina greba ez zen erabatekoa izan. Otsailaren 23rako beste deialdi bat egin zuten. Bigarren greba horrek, ordea, jarraipen eskasagoa izan zuen.

Boterea lehian

Jon Martinez Larrea historialariaren arabera, 1976ko hasierako aste horietan, bi botere edo demokrazia ereduren arteko talka gertatu zen. Batetik, Gobernua zegoen, “demokrazia autoritario” delako bat aldarrikatzen zuena. Frankismoaren deskonposizio prozesu betean, Gobernuaren legitimitateak jatorri diktatoriala zeukan, baina aldaketen beharraz jakitun zen. Demokratizazio neurtuaz eta erreformez hitz egiten zuen, baina errepresioari eusten zion oraindik.

Horren aurrean langileek “demokrazia proletarioaren” esperientzia zuzena bizi izan zuten. Langileen biltzar haiek langile mugimenduaren indarra erakutsi eta batasunaren ideia indartzen zuten. Berrogei urteko zentsura grisaren ondoren, libreki adierazteko espazio bilakatu ziren. Parte hartze handiko biltzarrak izan ziren eta borrokaren gidaritza eraman zuten. Egun haietan, “botere guzia asanbladentzat” izan zen leloetako bat. Erabakiak adostasunez edo bozketa bidez hartzen ziren. Grebaren aurkako sektoreek salatu zuten biltzar haietan botazioak eskuak altxatuta egiten zirela, erabakiak talde-presioaren bidez baldintzatzeko, eta horren ordez boto sekretuaren beharra eskatzen zuten. Grebalariek, aldiz, bozketak horrela egitearen beharra aldarrikatu zuten, langile-demokraziaren eredu bat baitzen.

Langileen biltzar haiek langile mugimenduaren indarra erakutsi eta batasunaren ideia indartzen zuten. Berrogei urteko zentsura grisaren ondoren, libreki adierazteko espazio bilakatu ziren

Dinamika horrek guziak langile-klasearen beste sektore batzuen politizazioa eta antolakuntza bultzatu zituen. Kontzientzia-pizte prozesu orokor bat izan zen. Esate baterako, auzoetan ere biltzarrak egiten hasi ziren. Horien bidez hirigintzari eta auzoen beharrei buruzko aldarrikapenak plazaratu zituzten. Era berean, ikasleek eta banka sektoreko langileek elkartasuna adierazi zieten grebalariei eta mobilizazioetan parte hartu zuten.

Emakumeei dagokienez, ahalduntze prozesu azkarra ekarri zuen urtarrila eta martxoa bitarteko borroka asanblearioak. Berrogei urteko hezkuntza eta kultura matxista eta gero, biltzarretan parte hartzen hasi ziren. Horien bidez, ezarria zuten etxeko espazio itxia urratu zuten, eta balio eta rol tradizionalak gainditu zituzten. Kasu batzuetan, senarren edota lankideen mespretxuei eta aurreiritziei aurre egin behar izan zieten. Baina, esanak esan, jendaurrean hitz egiteko adorea bildu zuten eta espazio publikoa hartu zuten askok.

Bereziki azpimarragarria izan zen Areitio enpresako emakumeen garapena. Areition lan-indarraren gehiengoa femeninoa zen. Gizon gehienen pasibotasunaren aurrean, emakumeek dinamizatu zuten lantegiko biltzarra eta borroka dinamika. Horri esker, soldata arrakala eta lan-baldintza debaluatuak salatu zituzten. Era berean, emakume langileen zapalkuntza gehigarria salatu zuten.

Etxekoandreek ere eginkizun eredugarria izan zuten. CCRRen ekimenez urtarrilaren 21ean etxekoandreen biltzar orokor bat antolatu zuten. Helburua soldata apalek eta grebak etxekoandreei eta grebalarien familiei nola eragiten zien aztertzea zen. Lehen saio hartan emakume asko senarrak lagundurik joan ziren. Baina hurrengoetan etxekoandreen biltzarra garatzen joan zen eta autonomia irabazi zuten borrokan. Grebaren iraupena luzatzeko antolatu ziren; diru eta elikagai bilketak antolatu zituzten, esaterako. Mobilizazio propioak egin zituzten, baita ere, “poltsa hutsen martxak” izenez ezagunak. Otsailaren 12an 1.000 etxekoandre inguruk erosketako zakuto hutsekin hiria gurutzatu zuten grebalarien eta beren familien behar gorriak salatzeko. Frankismoak ezarritako rol femeninoa erabat hautsi ez bazuten ere, etxekoandreek espazio publikora jauzi egiteko eta ahalduntzeko baliatu zuten greba.

Greba eta sarraskia

Greba orokorrerako aurreneko bi saiakerek espero baino arrakasta apalagoa izan zuten. Baina hirugarrengoan, orduan bai, lanuztea zabala eta ia erabatekoa izan zen. Michelinek, Gasteizko lantegirik handienak, ordura arte ez zuen mugimenduan parte hartu, baina martxoaren 3ko egunsentian grebarekin bat egin zuen. Lantegiez gain, ikastetxeek eta denda askok itxi egin zuten, eta goizean goizetik poligonoetatik zentrora martxak eta manifestazioak atera ziren. Polizia bortizki oldartu zitzaien eta istilu larriak izan ziren; manifestariek, ordea, erasoei aurre egin zieten eta indarkeriari erantzun zioten. Polizia agenteek suzko armak erabili zituzten, eta eguerdia baino lehen hainbat lagun balaz zauritu.

Egoerak gain hartu zien segurtasun indarrei. Bazkalorduan polizia erretiratu zen eta egoera behin-behinean baretu egin zen. Alabaina, arratsaldeko bostetarako Zaramagako San Frantzisko elizan biltzar orokorra deitua zegoen. Ordurako Burgoseko eta Valladolideko poliziak ailegatu ziren, errefortzu gisa. Ordua heldu zenean, elizaren inguruak hartuak zituzten. Tenplua jendez bete zedin utzi zuten, baina Gobernadore Zibilaren agindua jaso zutenean, eliza bortxaz hustu zuten. Leihoetatik ke-potoak bota zituzten barrenera, eta han zeuden grebalariak, ezin arnas hartuta, tropelean atera ziren elizatik. Kalea zapaldu bezain pronto, poliziak borraz, pilotakadaz eta tiroz egin zien aurre. Jakina den bezala, hantxe berean hiru lagun hil zituzten: Pedro María Martínez Ocio, Francisco Aznar Clemente eta Romualdo Barroso Chaparro. Zaurituetatik beste bi ‒José Castillo García eta Bienvenido Pereda‒ ondoko egunetan zendu ziren. Proletariotzaren garrasia tiroz eta odolez isilarazi zuten. Poliziaburuek, irrati bidez, borreroak zoriondu egin zituzten, egindako lanagatik: “historiako jipoirik handiena eman dugu”.

Erasoaren aurrean, langile-klaseak modu eredugarrian erantzun zuen. Biharamunean Nafarroan greba orokorra izan zen hilketak salatzeko. Martxoaren 5ean, tentsio handiko hileta elizkizun jendetsua egin zuten. Hiria goitik behera hunkitu zen. Martxoaren 8an, berriz ere, erabateko greba orokorra izan zen; kasu honetan, Hego Euskal Herriko lau probintziak geldiarazi zituen. Salaketa protesta horietan beste hiru borrokalari hil zituen poliziak: Vicente Antón (Basaurin), Juan Gabriel Rodrigo (Tarragonan) eta Mario Marotta (Erroman).

Proletariotzaren garrasia tiroz eta odolez isilarazi zuten. Poliziaburuek, irrati bidez, borreroak zoriondu egin zituzten, egindako lanagatik: “historiako jipoirik handiena eman dugu”

CCRR borrokari jarraipena ematen saiatu zen eta greba mugagaberako deialdia egin zuen. Baina sarraskiaren ondotik mugimendua ahitua zegoen. Gainera, hilketez geroztik, errepresioa gogortu zen. Hamarnaka lagun atxilotu zituzten, tartean langile-mugimenduko lider sindikal nabarmenak. Poliziaren atzaparretatik ihes egiteko beste askok ezkutatu behar izan zuten. Langile mugimendua desartikulaturik geratu zen. Biltzar gehienetan lanera itzultzeko aukeraz hitz egiten hasi ziren. Kasu gehienetan, martxoaren 15aren inguruan lanera itzultzea erabaki zen, modu nahiko desordenatuan.

Bueltatutakoan, hala ere, lantegi barneko egoera tirabiratsua zen. Biltzarren esperientzia bizi-bizi zegoen oraindik eta nagusien eta arduradunen aurrean ahaldundurik sentitzen ziren langileak. Plataforman eskatzen zen guztia lortu ez zen arren, aldarrikapen ekonomikoak onartzera derrigortuta ikusi zuten beren burua enpresariek.

Ondorioak

Gasteizko mugimendu asanblearioa eta unitarioa erronka larria izan zen Gobernuarentzat, aurrez aurre jarri baitzituen haren plan erreformista eta demokrazia-proletarioa. Eredua, beraz, arriskutsua zen Euskal Herriko eta Espainiako langile-mugimenduarentzat eta beste lurralde batzuetara zabal zitekeen. Horregatik, martxoaren 3ko sarraskia ez zen poliziaren
gehiegikeria hutsa izan, agindu politiko baten ondorio baizik.

Errepresioak helburu zuen mugimendua errotik moztea eta beste guztiei abisua ematea. Balio izan zuen zehazteko Espainian martxan zen aldaketa prozesuan zein zen muga; hau da, zer onartuko zen eta zer ez. Sortzen ari zen demokrazia proletario hori poliziaren erasoak zapuztu zuen. Manuel Fraga ministroaren arabera, Gasteizen “sobietak” sortzen ari ziren, eta Gobernua prest zegoen erreformak egiteko, baina subertsiorik ezin zuen onartu. Halako oharra bidali zuen prentsaren bidez: “Ez da onartuko planteamendu anarkista edo utopikorik. Adibide triste honek ikasgai izan behar du hurrengo hilabeteetan espainiar guztientzat (…) Gasteizko lezioa ikasi ez duenak, berak ikusiko du zer egin”.

Ordutik aurrera, aldaketa politikoaren prozesua erabat baldintzaturik geratu zen. Gasteizko grebak erabateko eragina izan zuen Trantsizioko aldaketa prozesuan. Arias Navarro eta Fragaren ekimen erreformistek huts egin zuten, hein handi batean Gasteizko grebalariei esker. Ekainean, Gobernuko presidenteak dimititu behar izan zuen eta, haren ordez, Adolfo Suarez izendatu zuen erregeak. Gobernuak oposizio moderatuarekin adostasun bat lortzeko beharra azkartu eta ahalbidetu zuen, ordena berreskuratzeko eta egoera berreraikitzeko. Presidente berriarekin, orduan bai, Gobernuak demokratizaziorako bidea hartu behar izan zuen, oposizioaren programa bere eginez, baina beti ere erabateko hausturarik gabe. Oposizio moderatuak Gobernuaren marko berria onartu zuen eta negoziazioen bidez legalizazioa bilatu zuen. Ordutik aurrera, langile mugimenduak protagonismoa galdu zuen aldaketa prozesuan.

Urtarrila eta martxoa bitarteko mobilizazio haiek hirian arrasto handia utzi zuten. Gasteiz betiko aldatu zen. Ordutik aurrera ez zen sekula gehiago hiri aspergarri eta kontserbadore hura izanen. Ondoko urteetan, langile mugimendu asanblearioaren memoriak arrastoa utzi zuen gizarte mugimenduetan.