35 urte bete dira 1989ko hauteskundeetatik eta Poloniako Herri Errepublika erori zenetik. Ondoren, egun indarrean dagoen Hirugarren Errepublikarako trantsizioa gertatu zen, 1999an NATOn sartu zen eta, 2004an, Europar Batasunean. Gaur egun, Polonia Europako estatu militarizatuenetako bat da, funtsezko eragilea NATOren ekialdeko hegalean, Washingtonen aliatu estrategikoa eta, Europako ekonomiaren baitan, gero eta nodo garrantzitsuagoa.
Hala ere, posizio hori ezin da soilik egungo egoeraren arabera ulertu. Horregatik, artikulu honen lehen zatiak labur aztertzen du Polonia NATOn sartu aurreko testuinguru historikoa. Erregimen aldaketa hutsetik haratago, prozesu hark sakon berregituratu zituen lurraldeko ekonomia, gizartea eta geopolitika, eta birdefinitu egin zuen Poloniak nazioarteko kapitalismoan zuen lekua.
Ibilbide horretatik abiatuta, bigarren zatiak egungo egoera aztertzen du: militarismoaren gorakada, Varsoviaren eskualdeko eginkizuna, Europar Batasunaren barruko tentsioak eta bloke atlantikoan integratzearen ondoriozko kontraesanak. Ikuspegi historikotik, gaur egungo Polonia ez da iraganarekiko haustura bat, baizik eta Mendebaldeko egitura politiko, ekonomiko eta militarretan pixkanaka sartzeko prozesuaren emaitza.
TESTUINGURU HISTORIKOA
Solidarność: borroka ekonomikotik borroka politikora (burgesa)
Poloniako Herri Errepublikatik gaur egungo demokrazia burgeserako trantsizioaz hitz egiten denean, historiografia burgesak prozesua sinplifikatzeko joera du, eta aurkeztu ohi du Lech Wałęsa buru zuen Solidarność sindikatuaren balentria heroikoaren emaitza gisa. IPNk (PiS alderdi politikoari lotutako Memoria Nazionalaren Institutua) propaganda aparatuaren bidez sustatutako narrazio hori zabalduena izan arren, sinpleegia da, Hirugarren Errepublikaren sorrerari buruzko mito bat besterik ez, zeinak ikuspegi komunista orori ateak ixtea ahalbidetzen baitu.

70eko eta 80ko hamarkaden artean, Edward Gierek politikariaren gobernua industria modernizatzen eta Poloniako kontsumo maila igotzen saiatu zen. Horretarako, Mendebaldeko bankuekin zorpetu zen, etorkizunerako esportazioen truke. Hala ere, modernizazio horren emaitza ez zen espero bezalakoa izan ‒faktore mikro eta makroekonomikoengatik, hala nola 73ko petrolioaren krisialdiagatik‒, eta herrialdea zorretan geratu zen. Horren ondorioz, egoera arintzeko hainbat doikuntza egin ziren, besteak beste asteko lanaldia luzatzea edo oinarrizko produktuen dirulaguntzak jaistea, eta hortaz, horien prezioa handitzea. Horren ondorioz, langileriaren bizi baldintzak okertu egin ziren, eta, aldi berean, nahigabea eta grebak gailendu ziren. Testuinguru horretan sortu zen Solidarność.
Trantsizioa, berehalako haustura izatetik urrun, 80ko hamarkadako liberalizazio ekonomikoaren pixkanakako prozesua izan zen, egiturazko krisiak eta kanpo zorraren presioak bultzatuta
Solidarność sindikatuaren kasuak artikulu oso baterako emango luke (80ko hamarkadan 10 milioi afiliatu izatera iritsi zen, hau da, garai hartako langileen herena). Esku artean dugunerako, nahikoa da esatea hasieran bizi baldintzen okertzearen aurkako masa borrokaren adierazpena izan zitekeena ‒eta ez sozialismoaren aurkakoa, hasieran behintzat‒, oposizioko mugimendu politiko “demokratizatzaile” bihurtu zela. Hori, jakina, Mendebaldeko blokeak sustatu zuen Gerra Hotzean, Ekialdeko blokea ahultzeko. Solidarność sindikatuarentzat inflexio puntua 81eko gerra egoeraren deklarazioak (sobietarren zuzeneko esku hartzea saihesteko saiakera gisa interpretatua azkenaldiko historiografian) eta sindikatuaren ilegalizazioak markatu zuten; ondorioz, klandestinitatera pasatzera beharturik egon zen. Aldi berean, horrek sindikatua mugimendu bihurtzen lagundu zuen, eta intelligentsia liberalaren elementuen parte-
hartze handiagoari atea ireki zitzaien, horrek zekarren guztiarekin. Gerra-legearen ondorenerako, egoera oso bestelakoa zen.

Mahai-biribila eta kapitalismoaren berrezarpena
“Polonia askearen” kontakizunak Hirugarren Errepublikaren sorrerako mito gisa funtzionatzen du, eta trantsizioaren benetako konplexutasuna iluntzen du. Izan ere, 1989 baino lehen, Poloniako sistema sozialistaren barruan ekonomia kapitalistarako trantsizio elementuak txertatzen ari ziren. Beraz, haustura ez zen berehalakoa izan, 80ko hamarkadako liberalizazio ekonomikoaren pixkanakako prozesua baizik, lehen aipatutako egiturazko krisiak eta kanpo zorraren presioak bultzatuta. Horren adibide dira Wilcza Legea (1988), enpresa askatasuna ahalbidetzen eta ekonomiaren estatu kontrola murrizten zuena. Azken hori historiako lege liberalenetakotzat jotzen da, “esplizituki debekatuta ez dagoen guztia baimentzen duelako”. Gainera, enpresa pribatuak eta enpresa publikoei lotutako kooperatibak sortzen hasi ziren, batzuetan kontratazioa kanporatuz eta, ondorioz, ekonomiaren gainean planifikatutako Estatuaren monopolioa pixkanaka ahulduz joan zen. Bestela esanda, liberalizazioa “erregimenaren” barrutik ere etorri zen.

Azpimarratu behar da, kasu askotan, Poloniako Langileen Alderdi Batuarekiko (polonieraz PZPR) atxikimendua formala eta praktikoa zela, konbikziozkoa baino. 80ko hamarkadaren amaieran ezegonkortasun politiko nabarmena zegoela kontuan hartuta, gobernuak berak eta alderdiaren egiturek ere egin zuten merkatu ekonomia berrezartzeko presioa. Hau da, aldaketa ez zen soilik oposizio “demokratikoaren” kontua izan, hori kanpo elementu gisa ulertuta, baita barne faktoreena ere. Horrela, paradoxikoki, Poloniako Langileen Alderdi Batuaren antzinako koadroak, aparatu ekonomikoaren teknokratak izanik, handiki eta enpresari berri bihurtuak ziren Herri Errepublika erori aurretik.
Okerrena Poloniako Langileen Alderdi Batuaren gobernuaren eta oposizioaren arteko Mahai-biribileko Akordioen negoziazioa izan zen. Ondorioz, hauteskunde “erdi libreak” deitu ziren 1989an, eta hauteskunde horietan Solidarność plataformak garaipen izugarria lortu zuen, bai Sejmean (beheko ganbera), bai Senatuan (goiko ganbera), eta hori Ekialdeko blokea goitik behera aldatzeko katalizatzailea izan zen. Oso garrantzitsua da ulertzea nola, sinbolikoki, Poloniako egungo mitologia nazionalean, gertakari hori Bigarren Mundu Gerraren ondoren galdutako independentzia desiratuaren berreskuratze gisa aurkezten den. Beraz, adostasun nazionala duen berariazko dispositibo baten aurrean gaude, zeinak herrialdearen egungo jarrera ia guztiak azaltzen baititu. Merkatu ekonomiarako trantsizioa diseinatzeko lana proposatu zuten, lehenengo, Mahai-biribilak eta, geroago, Solidarnośćen gobernuak (Tadeusz Mazowiecki lehen ministro zenean).

Talka-plana eta haren ondorioak
Hainbat aukeren artean Eskandinaviako herrialdeen estiloko ongizate egoera bat aztertu bazen ere, eredu neoliberal anglosaxoian topatu zen erreferentzia. Ondoren, 90eko hamarkada bereziki ezegonkorra izan zen. Garai hartan, Leszek Balcerowicz finantza ministroak bultzatu zuen talka neoliberalaren doktrina (Balcerowicz plana), eta horren ondorioak garesti ordaindu zituen langile klaseak hurrengo urteetan. Hala, Ekialdeko blokea erori ondoren, Mendebaldeko hainbat erakundek babestu zituzten eraldaketa politiko eta ekonomikoak, hala nola Nazioarteko Diru Funtsak, zeinei sarritan prozesu osoaren ondorio negatiboen erantzukizuna egozten baitzaie. Hala ere, narratiba horretatik urrun, erakunde horiek ere harritu egin ziren Poloniak proposatutako eraldaketa ekonomikorako planaren erradikaltasunaren aurrean.
Langile klasea kanoi bazka baino ez zen izan, oposizioko eliteentzako aldi baterako traba, kapitalismoa berrezartzeko beharrezkoa
Ondorioak? Eslotiaren debaluazio izugarria, bat-bateko inflazioa (1990ean %500etik gorakoa), atzeraldi sakona, diru sarrera errealen %40ko jaitsiera, landa eremuko krisi sakona Estatuko Nekazaritza Haztegien likidazioaren ondorioz, langabezia kronikoa eta masiboa (Herri Errepublikako erabateko enplegu formaletik %16ra edo gehiago industrialdeetan edo landa eremuetan), kolapsoa, asfixia eta Estatuko industria astunaren itxiera, baita horren ondorioz Mendebaldeko hiriburuei saldo prezioan saldu beharra edo aberastasunak gutxi batzuen eskuetan kontzentratzea ere. Azken batean, langile klasea kanoi bazka baino ez zen izan, oposizioko eliteentzako aldi baterako traba, kapitalismoa berrezartzeko beharrezkoa. Paradoxikoki, oposizioko mugimenduko hainbat ordezkarik garapenerako, merkatu erreformetarako eta, oro har, demokraziarako oztopotzat hartu zuten duela gutxi arte indar handia zuen Solidarność sindikatua, Lech Wałęsa bera ere barne.
Nazioarteko lan banaketak Polonia erdi periferiako eginkizunera baztertu zuen Europako ekoizpen kateetan
Hori dela eta, Europako nazioarteko lan banaketak Polonia erdi periferiako eginkizunera baztertu zuen logistika eta ekoizpen kateetan. Hain berritzaileak ez diren funtzioak bete zituen, hala nola azpikontratatutako manufaktura, muntatze prozesuak eta zerbitzu osagarriak, batez ere Alemaniako industriarentzat; hori dela eta, ekonomialari batzuek “muntaketan oinarritutako ekonomiatzat” jo zuten. Enpresa asko oso prezio baxuetan saldu ziren (batzuetan balio errealaren %9 edo %12n, kalkulu kritikoen arabera), eta horrek atzerriko kapitaletara transferitzea ekarri zuen, bereziki alemanetara. Prozesuaren amaieran, Poloniako 100 enpresa handienetatik 17k bakarrik jarraitzen zuten poloniarrak izaten, eta Poloniako banku sektorearen %60 baino gehiago atzerritarren eskuetara pasatu zen. Adibidez, Gdanskeko ontziola, Solidarność sindikatuaren epizentroa izan zena, desindustrializazioaren eta lan prekarizazioaren adibide paradigmatiko bihurtu zen. 1996an horren porrota deklaratu zuten eta, ondoren, zatikatu egin zen eta hainbat inbertitzaileri saldu. Orain oso funtzionamendu mugatua du, izandakoarekin alderatuta.

Ez zen kointzidentzia izan 1993ko hauteskundeetan “post-komunistei” lotutako alderdi batek irabazi izana, zeinak neurri aringarriak ezarri baitzituen. Jakina, nahigabea laster iritsi zen, 92 eta 93 urteetako greba uholdeak edo Samoobrona (autodefentsa) mugimendu populistaren sortzeak erakusten duten bezala. 2004an Polonia Europar Batasunean sartu zen arte ez ziren talka-planaren ondorioak leundu. Orduan, lan arrazoiengatik emigrazio masiboa gertatu zen (2004 eta 2016 artean 1,5-2,5 milioi pertsona inguruk emigratu zuten). Izan ere, emigrazio horrek kapitalismo poloniarrarentzako ihes balbularen funtzioa bete zuen, langabezia artifizialki murrizten lagundu baitzuen, eta horrela eredu ekonomikoa egonkortzeko giltzarri bihurtu zen.
NATO-n sartzea: trantsizioaren gailur geopolitikoa
Eraldaketa ekonomiko eta politiko sakoneko testuinguru horrek ahalbidetuko digu kokatzea Polonia NATOn sartzeko prozesuan. Defentsa eta kanpo politikako erabaki soila izatetik urrun, nazioarteko joko-zelaian herrialdea birkokatzeko prozesuaren gailur logikoa izan zen, 1989an hasia zena. Trantsizio politiko eta ekonomikoak Mendebaldeko kapitalismoan erabat integratzea ekarri zuen, eta integrazio militarra haren behin betiko ainguratze geopolitiko izan zen. Sistema ekonomiko berriaren egonkortasuna ere Mendebaldeko segurtasun egituretan ―NATO, besteak beste― sartzearen menpe zegoen.
Iragarpen batzuen kontrara, SESBren erorketak eta Varsoviako Itunaren desegiteak ez zuten NATOren desegitea ekarri, ekialderantz hedatzea baizik. Tatiana Rizovak East of the Iron Curtain: Why Did Post-Communist Countries Join NATO lanean adierazten duenaren arabera, Ekialdeko blokeko herrialdeak NATOn integratzeko bi bide nagusi identifika daitezke: momentuko gobernu sozialistaren hauteskundeetako porrota (adibidez, Bulgarian) edota alderdi komunista ohien barneko aldaketa, otanismoaren aldeko lerrokatzearekin (adibidez, Errumanian).
Integrazio militarra trantsizioaren behin betiko ainguratze geopolitiko izan zen
Polonia askotan inbaditu dute historian zehar, pasabide izateagatik, Leninek iraultza boltxebikea eta alemaniarra bat egin ahal izateko giltzarritzat hartu zuen korridore geoestrategikoa. Baina, batez ere, superpotentzien arteko bidegurutzea da, teutoien eta errusiarren artekoa, eta horrek azaltzen du poloniarrek horiekiko duten errezeloa. Gainera, Errusiar Inperioak Polonia azpiratu zuen 1915 arte. Horri gehitu behar zaio, Poloniako egungo narratiba historikoan, Herri Errepublika subiranotasun galerarekin identifikatu dela, “Moskuk” inposatutako “gobernu txotxongiloa”.
Errusia mehatxu gisa historikoki hauteman izana, beraz, funtsezko faktorea izan zen NATOn sartzeko. Erabaki hori automatikoa izan ez bazen ere, eta hasieran nolabaiteko errezeloa egon bazen ere, adostasun zabala lortu zen parlamentuko esparru osoan, nahiko azkar. Horrela izan zen Solidarnośćen eta liberalen giroan, “Europara itzultzearen” doktrinapean, eta baita sozialdemokrata “post-komunisten” kasuan ere, zeinak Herri Errepublikaren Estatuko aparatu zaharretik baitzetozen eta atxikitze prozesua aktiboki bultzatu baitzuten.

Adostasuna, baina, ez zen erabatekoa izan. 90eko hamarkadaren hasieran neutraltasun estrategikoari ‒Austriak eta Finlandiak Gerra Hotzean hartutako posizioaren antzeko aukera‒ buruz eztabaidatu zen. Tesi horren aldeko argudioek defendatzen zuten neutraltasunak Polonia potentzia geopolitikoen arteko norgehiagoka-gune bihurtzea saihestuko zuela, baita autonomia estrategiko handiagoa izatea ere. Hala ere, aukera hori gutxiengo txiki batek baino ez zuen bultzatu, esparru akademiko, ezkertiar eta nazionalista batzuek baino ez, eta ez zuen komunikabideen babesik izan. Horrela, diskurtso hegemonikoarentzat, atxikimendua zen aukera arrazional bakarra, neutraltasuna zaurgarritasunarekin lotu baitzuten eta integrazioa babes eta modernizazioarekin identifikatu.
Maila sinbolikoan, NATOko kide izateak berekin zekarren, batetik, Mendebaldean integratzea, bere egitura politiko, ekonomiko eta segurtasunezkoekin, eta, bestetik, Sobietar Batasunaren eragin eremua behin betiko uztea, eta hori garrantzitsua zen inbertitzaile potentzialei eta elite politikoen zilegitasunari begira. Era berean, ezin da alde batera utzi Clintonen Administrazioaren joera hedakorra, bai Errusia geldiarazteko, bai merkatu militarra hedatzeko.

EGUNGO EGOERA
Moskuren eta Berlinen artean
Ikusi dugun bezala, Poloniaren posizionamendua baldintzatzen dute, hein handi batean, Errusiari dion beldurrak eta Alemaniarekiko mesfidantzak. Egoera horretan, Estatu Batuak aukera txarren artean onena da Poloniarentzat, Alemaniaren aurrean oreka mantentzea ahalbidetzen baitio. 90eko hamarkadatik aurrera, Varsoviak beldurra erakutsi du Berlin-Mosku ardatz potentzialaren aurrean. Azken batean, gero eta gehiago, botere inperialisten interes kontrajarriek topo egiten dute bertan, eta Poloniak arlo ekonomikoan Alemaniari estuki lotuta jarraitzen badu ere ‒bere bazkide komertzial nagusia‒, AEBri lotuta dago arlo militarrean.
NATOko kide izateak berekin zekarren, batetik, Mendebaldean integratzea, bere egitura politiko, ekonomiko eta segurtasunezkoekin, eta, bestetik, Sobietar Batasunaren eragin eremua behin betiko uztea, eta hori garrantzitsua zen inbertitzaile potentzialei eta elite politikoen zilegitasunari begira
Hala ere, ez da objektu soil bat, baizik eta eragile erregional azpiinperial bat, zeinak hegemonia nahi baitu. Varsovia munduko inperialismoaren joko-zelai aldaketak aprobetxatzen saiatu da. Varsoviak bere burua sendotu nahi du Erdialdeko eta Ekialdeko Europako potentzia erregional gisa, eta hori zenbait proiekturen bidez egiten du, hala nola Hiru Itsasoen Ekimena, zeinak helburu baitu Baltikoko, Erdialdeko Europako eta Itsaso Beltzeko herrialdeen arteko lankidetza blokea artikulatzea. Plataforma horiek azpiegitura energetiko, logistiko eta militarrak indartu nahi dituzte ipar-hego ardatzean, Alemaniak kontrolatzen duen mendebalde-ekialde ardatz ekonomikoarekiko menpekotasun historikoa murrizteko. Aldi berean, Varsoviaren eragin politikoa Ekialdeko Europan zabaltzeko tresna gisa ere funtzionatzen dute aipatu plataformek.

Nazioarteko orekaren kontraesanak gehiago nabarmentzen dira inperialismo yankiak eta europarrak talka egiten dutenean, adibidez, AEBk Europako energia proiektuen aurka presionatzerakoan, edo Alemania ekonomikoki Txinara edo Errusiara hurbiltzen denean eta AEBrekin tirabirak sorrarazi. Ukrainarekiko gatazkan, Poloniak AEBren interesekiko jarrera argia hartu du, baita Alemaniakoekin talka egin arren ere, Nordstreameko leherketaren inguruko ika-mika politikoak agerian uzten duen bezala. Izan ere, horrek energia iturri merke bat moztu zion Alemaniari, aurretik ere atzeraldian zegoena. Egoera paradoxikoa da, Polonia Alemaniaren menpekoa baita oraindik, eta hori guztia bueltan baitatorkio.
Militarismoaren gorakada, Ekialdeko Ezkutua Proiektua
Polonia NATOren baitako lurreko armadarik handiena osatzen ari da. Gaur egun, NATOren barruan defentsarako barne produktu gordinaren proportzio handiena bideratzen duten estatu kideen artean dago, aliantzak ezarritako %2ko helburua nabarmen gaindituz. Horrek aliantzaren lehen lekuen artean kokatzen du ahalegin militar erlatiboari dagokionez. Varsoviako gobernuak iragarri ditu armada aurrez ikusi gabeko kopuruetaraino hedatzeko planak, eta AEBko eta Hego Koreako armamentua (tankeak, misil sistemak, ehiza hegazkinak) eskuratzeko kontratu masiboak sinatu ditu. Hortaz, baliabide publikoak atzerriko sare industrial eta militarretara transferitu behar dira.
Estatu Batuek gero eta presentzia militar handiagoa dute Polonian, eta hori da gaur egungo segurtasun arkitekturaren beste elementu nagusietako bat. Azken urteotan, oinarri iraunkorrak, zentro logistikoak eta misilen aurkako defentsa sistema aurreratuak ezarri dira, eta herrialdea Estatu Batuek Europan duten nodo militar nagusietako bat bihurtu da. Presentzia horrek indartu egiten du Varsoviak NATOren barruan duen posizio estrategikoa, baina, aldi berean, sakondu egiten du Estatu Batuetako egitura militarrarekiko menpekotasun teknologikoa eta operatiboa.
Duela gutxi, Poloniak Ekialdeko Ezkutua Proiektua abiarazi zuen, 1945etik NATOren ekialdeko hegalean egin den inbertsiorik handiena. Horren helburua da mugatik 100 km-ra dagoen zonako tropek maniobra egin ahal izatea Bielorrusiako muga ziurtatzeko ‒herrialde horrekin ia 400 kilometroko muga partekatzen baitu balizko inbasio baten aurrean‒, baita legez kanpoko immigrazioaren fluxua mugatzea ere, batez ere somaliarra, afganiarra, yemendarra, siriarra edo irandarra. Azken hori “gerra hibrido” izendatu zuen Errusiak.

Horretarako, planak zenbait gotorleku sistema eraikitzea aurreikusten du, hala nola “trikuak (tankeen kontrakoak) edo hormigoi armatuzko hesolak”, eta baita etengabeko behaketa eta zaintza ahalbidetuko duten sistema teknologiko modernoak ere. Azkenaldian, poloniar gobernua pertsonen aurkako minen ekoizpena eta hedapena berriz onartzeko aukera eztabaidatzen ari da ‒zeina Ottawako Konbentzioak debekatu baitu orain arte‒, Errusiak Ukrainako gerrara gero eta infanteria handiagoa bideratzen duela eta. Von der Leyenek Bielorrusiako mugara egindako bisita edo alemaniarrek Frontex bidaltzeko egindako proposamenak norabide berean doaz, eta europar potentzien arteko konplizitate maila erakusten dute. Horrek esan nahi du Poloniako Defentsa Ministerioak 2.400 milioi euroko inbertsioak egin dituela, eta, gainera, 20.000 milioi euroraino jaso dituela lehentasunezko maileguetan, Europako SAFE programaren esparruan. Hala ere, ahots kritikoek, Jaroslaw Gromadzinski jeneral erretiratuak adibidez, proiektuaren eraginkortasunik eza eta izaera politiko-mediatikoa seinalatu dute.
Poloniako industria militarrak hein batean garai sozialistatik jasotako ekoizpen oinarria mantentzen du, gaur egun batez ere sektoreko dozenaka enpresa biltzen dituen Polska Grupa Zbrojeniowa (PGZ) talde estatalaren inguruan berrantolatuta. Hala ere, gastu militarra asko handitu den arren, gaitasun teknologiko propioen garapenak mugatua izaten jarraitzen du. Armada modernizatzeko programa gehienek oinarri dituzte sistema osoen zuzeneko erosketak atzerrian edota AEBko, Hego Koreako edo Europako enpresekin egindako lizentzia akordioak. Ondorioz, industria poloniarra erdibidean dago Mendebaldeko sare militarraren barruan: ekoizteko, mantentzeko eta modernizatzeko nolabaiteko gaitasuna du ‒adibidez, blindatuetan, munizioan edo artillerian‒, baina, neurri handi batean, inportatutako teknologiaren eta nazioarteko hornidura kateen menpe dago. Ondorioz, gaur egungo berrarmatze prozesuak ez du ezinbestean adierazten finkatuta duenik erabat autonomoa den egitura militar-industriala. Gainera, inbertsio teknologiko aurreratuek ez dute erabat konbentzitzen industria nazionala, horrek dakartzan arriskuengatik eta berehalako onura txikiengatik.

Diskurtso sekuritarioa eta “Poloniako mirari ekonomikoa”
Prozesu horrekin batera, Errusiaren mehatxuari aurre egiteko segurtasunaren diskurtsoari garrantzi handia eman zaio, bereziki Ukrainaren inbasioaren ondoren, zeinak jada funtsezko lekua baitu herrialdeko narratiba estrategikoan; hezkuntza programak, kanpaina mediatikoak eta proiektu kulturalak edo errekrutatze programak sustatzen dira, defentsa nazionalaren kontzientzia indartzeko eta erreserbisten kopurua handitzeko. Segurtasunaren aitzakiarekin justifikatzen dira militarizazioa, gastu publiko-militarra handitzea, bizi baldintzen okertzea, zergak igotzea eta Washingtonen aginduarekiko gero eta menpekotasun handiagoa izatea. Gainera, hori guztia eraginkorra da diziplina sozialerako eta identitate nazionalaren eraikuntzarako.
Poloniak mugaldeko estatu armatu gisa jokatzen du
Azkenik, militarizazio prozesu bizkor hori handitze bidean dauden tentsio sozialen eta adostasun militaristaren pitzaduren testuinguruan garatu da. Gastu militarraren igoera bat dator osasun, etxebizitza edo zerbitzu publikoen arloko aurrekontu presioekin, eta horrek eztabaidak sortzen ditu Estatuaren lehentasunei dagokienez. Diskurtso sekuritarioak adostasun politiko zabala badu ere, inkestek erakusten dute biztanleriaren sektore zabal batzuek ‒batez ere gazteek‒ harreman anbibalentea dutela mobilizazio militarraren eta defentsa armatuaren ideiarekin, eta horrek Estatuaren erretorika estrategikoaren eta gizarte jarreren arteko arrakala erakusten du. 2025eko inkesten arabera, 18 eta 29 urte bitarteko gazteek dute “beren aberria defendatzeko” joera txikiena; eta %65 inguruk uko egin zion gerra mehatxua izanez gero bere burua boluntario eskaintzeari. Horren arrazoietako batzuk izan daitezke Ukrainako gerrak eragindako nekea, edota Poloniaren eta Ukrainaren arteko alearen gatazka.
Hazkundeari eutsi egin zaio 2004tik, eta EBn sartzeak egungo erregimenaren zutabe ideologiko gisa balio izan du. Zehazki, azken hamarkadetako Poloniako hazkunde ekonomikoa soldata erlatibo baxuen eta eskulan ugariaren konbinazioan oinarritu da neurri handi batean, atzerriko inbertsioan oinarritutako hazkundearekin, batez ere Europako funtsetan. Hala ere, herrialdeak tentsio demografiko handiak bizi ditu orain, Europar Batasunari atxiki zitzaionetik gertatutako biztanleriaren zahartzearen eta langileen emigrazio masiboaren ondorioz. Testuinguru horretan, langile ukrainarren etorrerak funtsezko sektoreetako lan defizitak estaltzea ahalbidetu du, nahiz eta gatazka politiko eta sozialerako eremu ere bihurtu den, bi alde izanik: liberalak, Errusiaren aurka eta Ukrainaren alde, edo eskuin populista, gero eta antiukrainarragoa. Talde politiko eskuindarrenak errefuxiatu ukrainarren aurkako erretorika sustatzen ari dira, eta karga ekonomiko gisa aurkezten dituzte, nahiz eta benetan BPGari egiten dioten ekarpena jasotzen dituzten laguntzak baino handiagoa izan.
Poloniako kanpo politikak harreman anbibalentea islatzen du Europar Batasunarekin. Alde batetik, herrialdea Europako egitura-funtsen onuradun nagusietako bat da, eta merkatu bateratuaren menpe dago erabat. Bestetik, Varsoviak behin eta berriro ditu tentsioak Erkidegoko erakundeekin zenbait gairi dagokienez, hala nola zuzenbide estatua, migrazio politika edo Europako integrazio politikoa
Horregatik, Poloniako kanpo politikak harreman anbibalentea islatzen du Europar Batasunarekin. Alde batetik, herrialdea Europako egitura-funtsen onuradun nagusietako bat da, eta merkatu bateratuaren menpe dago erabat. Bestetik, Varsoviak behin eta berriro ditu tentsioak Erkidegoko erakundeekin zenbait gairi dagokienez, hala nola zuzenbide estatua, migrazio politika edo Europako integrazio politikoa. Dualtasun horrek indartu egiten du borroka politiko selektiboa eta integrazio ekonomiko sakona uztartzen dituen estrategia.
ONDORIOAK
Poloniak 1989tik izan duen bilakaera politiko eta ekonomikoa ez zen izan demokrazia liberalerako eta merkatu ekonomiarako trantsizio hutsa. Aitzitik, munduko sistema kapitalistaren barruan zuen posizioaren berrantolaketa sakona izan zen. Kapitalismoa berrezartzeak barne berregituraketa ekarri zuen berekin, eta hori pribatizazio masiboen, desindustrializazioaren eta ekonomia Mendebaldeko produkzio kateen menpe jartzearen bitartez gertatu zen, baita birdefinizio geopolitikoarekin ere, NATOri eta gero Europar Batasunari atxikita. Testuinguru horretan, bloke atlantikoan integratzeak honetarako balio izan zuen: Poloniak Estatu Batuetako eta Europako inperialismoarekiko duen mendekotasuna sendotzea, 1989. urtearen ondoren sortutako elite berriak nazioartean legitimatzea, eta sozialismoaren hondarren gainean berrezarritako kapitalismoa instituzionalki blindatzea eta atzera bueltarik ez duen marko estrategikoa bermatzea.
Gaur egun, Poloniak mugako estatu gisa jokatzen du: militarizatua, bere biztanleak segurtasunaren diskurtsoaren pean sozialki diziplinatzen, eta Mendebaldeko kapitalismoaren barruan aktore azpi-inperialista gisa duen rola ziurtatzen. Bere kanpo politikak Washingtonekiko lerrokatze irmoa eta euroeszeptizismo taktikoa islatzen ditu; eskualdeko lider gisa proiektatzen den arren, bere ekonomia Mendebaldeko Europako periferia industrialaren barruan dago oraindik. Militarizazioa, berrarmatze bizkorra eta militarismoaren normalizazio kulturala gaur egungo fasearen parte dira, estrukturalki menpekoa den herrialde batean, zeinaren garapena nazioarteko kapitalaren logikak baldintzatzen baitu. Gastu militarraren hazkundeak, diskurtso sekuritarioaren areagotzeak eta militarismoaren normalizazio kulturalak fase berri bat eratzen dute: mugaldeko estatu armatua, funtsezko pieza bat ekialdeko hegalaren arkitektura estrategikoan.
Paradoxikoki, nahiz eta sektore politiko batzuek Bruselaren aurrean erretorika euroeszeptikoak sustatzen dituzten, Estatu Batuekin eta NATOrekin lerrokatuta daude oraindik ere. Poloniak Europako erakundeekin migrazio gaietan edo judizialetan dituen gatazkak ez du zalantzan jartzen marko atlantikoa. Izan ere, azken horrek egonkortasun geopolitikoa bermatu, inbertsioak babestu eta Mendebaldeko blokera ainguratzen du herrialdea, AEBrekin bat egiteak Alemaniarekiko harremanean kontrapisu gisa jokatzearekin batera.
Poloniako trantsizioa, orduan, ez zen sistema politiko edo ekonomikoaren aldaketa hutsa izan: elite berrien pean esplotazio kapitalista berrezartzea izan zen, hierarkia inperialista globalean bortxaz sartzea eta herrialdea Mendebaldeko blokearen tresna estrategiko bihurtzea, kanpoko interesen zerbitzura.