ARTEKA / Nato
NATOren esku hartze militarra Libian 2011n
Artikulu honetan, NATOk 2011n Libian egindako esku hartze militarra landuko dugu, baina, esku hartzeaz bere horretan hitz egin baino lehen, 2011 aurretik Libian zegoen egoera azaltzea xede duen errepaso historiko bat egingo dugu.
NATOren esku hartze militarra Libian 2011n

Artikulu honetan, NATOk 2011n Libian egindako esku hartze militarra landuko dugu, baina, esku hartzeaz bere horretan hitz egin baino lehen, 2011 aurretik Libian zegoen egoera azaltzea xede duen errepaso historiko bat egingo dugu.

Afrikako herrialde gehienetan bezala, europarren aztarna ez da ezer berria Libian, duela mende bat baino gehiagokoa baita bertako presentzia koloniala. Afrika osoa Europako inperioen artean banatu zuten 1884ko Berlingo Konferentzian “erabaki” zen Libia Italiaren eragin eremuaren barruan egongo zela. Otomandarrek 1912ra arte izan zuten Libiako lurraldeen kontrola eta, urte hartan, turkiarrak Balkanetako Gerran sarturik zeudela probestuta, italiarrek lurralde horien inbasioari ekin zioten, beren handitasun inperial eta nazionala hauspotzeko asmoz eta Otomandar Inperioaren gainbehera baliatuz. Italiarrek gutxietxi egin zuten sanusiek (erlijio-ordena islamiko moduko bat) gidatutako Libiako tribuen gaitasun militarra eta, hortaz, bi gerratan borrokatu behar izan ziren euren boterea modu egokor samarrean ezarri ahal izateko, 1911-1912 aldian eta 1915-1918 aldian (azken horretan, britainiarren laguntzaz). Gerra horietan, 20.000 eta 30.000 libiar inguru hil zirela kalkulatzen da, gudu-zelaian zein exekuzioetan –gogora dezagun garai hartan Libiak, guztira, milioi bat biztanle baino gutxixeago zituela–.

1922an, Benito Mussolini boterera heldu eta Italian faxismoa ezarri zenean, libiar erresistentziaren aurkako errepresio garai gogorra hasi zen. 1923 eta 1934 arteko etapa horretan, libiarren aurkako genozidioa gauzatu zen, Afrika iparraldeko kolonia haren kontrol administratiboa bermatzeko, eta 80.000 eta 125.000 pertsona artean hil zituzten. Biktimen artean Omar al Mukhtar ere bazegoen, 1912ko italiarren inbasiotik borroka antikolonialaren gidari izan zena.

Benito Mussolini boterera heldu eta Italian faxismoa ezarri zenean, libiar erresistentziaren aurkako errepresio garai gogorra hasi zen. Etapa horretan, libiarren aurkako genozidioa gauzatu zen, Afrika iparraldeko kolonia haren kontrol administratiboa bermatzeko

Libia kolonizazio italiarraren mende egon zen garai osoan zehar, 1912tik 1943ra bitartean, genozidioa gauzatu zuten herrialdean, arabieraz “Shar” izenez ezagutzen dena, eta kalkulatzen da 250.000 eta 500.000 pertsona artean hil zituztela, horietako 100.000 kontzentrazio esparruetan hil zirelarik. Bereziki aipagarri da Zirenaika eskualdean, herrialdearen ipar-ekialdean, biztanleriaren erdia hil zutela.

1943an, Bigarren Mundu Gerra abian zela, britaniar indarrek Afrika Korps deiturikoen azken tropa naziak kanporatu zituzten Afrika iparraldetik, eta trantsizio aldi bat ezarri zuten. Aldi hori 1951n bukatu zen, Libiako Erresumaren sorrerarekin eta Idris I.a erregearen koroatzearekin; Idris I.a senusi ordenako liderra zen.

Garai horretan sortu ziren estatu libiarra eraikitzeko oinarriak. 1951n konstituzio bat sortu zen eta estatuari monarkia konstituzional forma eman zitzaon. Hala ere, Idris I.a erregeak parlamentuaren eta indar armatuen kontrol handia mantendu zuen eta, hala, konstituzioa ilusio bat baino ez zen, Mendebaldeko potentzien aurrean itxura demokratikoa izateko. Alde horretatik, Idris I.aren gobernua Mendebaldearen oso aldekoa izan zen eta harreman ona izan zuen bai britainiarrekin, bai estatubatuarrekin. Hori dela eta, Libiako erregeak herrialderako egitura burokratiko bat sortzeko zuen ezintasunaren aurrean, britainiarrek aholkulariak utzi zizkioten, Libiako estatua eraikitzeko oinarri zertxobait sendoagoa ezarri ahal izateko.

Estatua nahiko ahula izanik, eta funtzionario falta zela eta, tribuek pisu handia zuten herrialdeko erabakietan. Hori hala mantendu zen Muammar Gaddafiren Libian eta are gaur egun ere.

Idris I.aren erresumak eragin erlijioso nabarmena ere izan zuen. Senusien orderna botere handia izan zuen ordena erligioso bat izan zen, erlijioa, tribu-antolakuntza eta nortasun politiko kontserbadorea nahasten zituena. Ordena horrek eragin handiena Zirenaika izeneko eskualdean (ekialdean) izan zuen, hain zuzen, erregimenak herritarren artean zilegitasun handiena zuen zonaldean (izatez, Idris I.a erregea bera eskualde hartakoa zen). Zirenaika eskualdeak hartu zuen paper zentralak tentsioak sortu zituen estatu federala osatzen zuten beste bi eskualdeekin: Tripolitania eta Fezzan eskualdeekin, alegia.

Zirenaikan, 1959an, Libiako historia betirako aldatuko zuen gertaera bat jazo zen: lehen petrolio hobia aurkitu zuten. Petrolioa aurkitu aurretik, Libiako ekonomiaren oinarria bereziki emankorrak ez ziren nekazaritza eta abeltzaintza ziren, eta britainiarren zein estatubatuarren dirulaguntza handiak jasotzen zituen. Aurkikuntza horren ostean, Afrika iparraldeko maparen erdigunean kokatu zen Libia, eta Britainia Handiko zein Estatu Batuetako petrolio konpainia handiak iritsi ziren bertara, hain preziatua den baliabide hori ustiatzera. Aurkikuntzak hazkuntza ekonomiko handia eta estatuarentzako diru sarrera erraldoiak ekarri bazituen ere, eskualdeen arteko desparekotasunak are gehiago hazi ziren (Zirenaika eta beste bi eskualdeen artekoak: Tripolitania eta Fezzan), baita ustelkeria politikoa eta desberdintasun sozialak ere, aberastasuna herrialdeko elite politikoek bereganatu baitzuten. Ondorengo hamarkadetan, petrolio hobiak aurkitzen jarraitu zuten eta, ondorioz, Libia, Nigeriarekin batera, baliabide horren Afrikako ekoizle nagusietako bat bihurtu zen.

Zirenaikan, 1959an, Libiako historia betirako aldatuko zuen gertaera bat jazo zen: lehen petrolio hobia aurkitu zuten

Ustelkeriak eta desberdintasun sozialek berebiziko garrantzia izan zuten herrialdearen bilakaera politikoan; izan ere, ofizial gazte asko eta unibertsitateko ikasleak erregimen monarkikoa sistema ustela eta guztiz bidegabea zela ikusten hasi ziren, baita Mendebaldearekiko mendekotasun handiegia zuela ere.

Hori dela eta, 1950eko eta 1970eko hamarkaden artean, herrialde arabiarretan zabaltzen ari zen agintariekiko desadostasuna Libiara ere iritsi zen. Hamarkada horietan, Gamal Abdel Nasser lider egipziarrak gidatutako mugimendu panarabistak zein arabiar sozialismoak (Michel Aflaqen eta Salah Bitarren baazismoa izan zen horren adierazgarririk nagusiena) euren une gorenak bizi izan zituzten eskualdean.

1960eko hamarkada bukaeran, hain zuzen ere 1969ko irailaren 1ean, erregimenaren ustelkeria politikoaren, langile klasearen muturreko pobreziaren, Idris erregearen zahartzearen, nazionalismoaren eta arabiar sozialismoaren ondorioz, Muammar Gaddafik gidaturiko ofizial gazte batzuek (“ofizial askeak” izenez ezagunak) estatu kolpe bat gauzatu zuten eta ahulduta zegoen Idris I.aren monarkia bukarazi zuten, erregea Turkian zegoen bitartean. Hala sortu zen Libiako Arabiar Errepublika.

Garaiko nazionalismoak eta arabiar sozialismoak inspiratuta, altxamendu haren helburu nagusiak independentzia politiko eta ekonomikoa ziren, Mendebaldearen eraginetik –nagusiki britainiar eta estatubatuarrenetik, horiek izan baitziren monarkia garaian herrialdea azpiratu zutenak– askatuta, bai eta petrolio irabazien banaketa ere, desberdintasun sozialak desagerrarazteko. Hala, 1970eko hamarkadan, Gaddafiren Libiak militar britainiar eta estatubatuarrak kanporatu zituen eta haien base militarrak itxi zituen, horrek sutsuki haserretu zituelarik Washington eta Londres. Gertakari horien ondorioz, NATO eta Libia etsai bilakatu ziren. Inperialismo estatubatuarrak eta otanistak eskualdean nahi ez zuen elementu bihurtu zen Libia; batetik, petrolioa nazionalizatu zuelako eta Estatu Batuetako eta Erresuma Batuko petrolio enpresak kanporatu zituelako eta, bestetik, Gerra Hotzearen testuinguruan, Mediterraneo itsasoaren kontrol militarra erabakigarria zelako Suezko itsasartean zehar Pertsiako Golkoko monarkia arabiarretatik iristen zen petrolio hornidura ziurtatzeko.

Inperialismo estatubatuarrak eta otanistak eskualdean nahi ez zuen elementu bihurtu zen Libia; batetik, petrolioa nazionalizatu zuelako eta Estatu Batuetako eta Erresuma Batuko petrolio enpresak kanporatu zituelako

Bestalde, Gaddafiren gobernuak arazo ideologikoak ere ekarri zizkion Mendebalde kapitalistari, gauzatu zituen erreforma ekonomiko eta sozialak eredu bihur baitzitezkeen, panarabismoaren eta sozialismoaren bideei jarraikiz, egonkorra eta tokiko langile klasearentzat onuragarria zen ekonomia bat lortu zuen heinean. Are gehiago, bere inguruko bi herrialdetan –Egipton (1952an Nasserrek boterea hartu zuen) eta Argelian (1962an Nazio Askapenerako Fronteak irabazi zuen, Frantzia kanporatuz)– ideologia horiek irabazi izanak sakonki eragin zuen Libia.

Aipaturiko erreforma ekonomiko eta sozialak petrolioaren nazionalizazioan oinarritu ziren eta, horren bidez, petrolioaren irabaziak langile klasearen artean banatu ziren, doako hezkuntza eta osasungintza lortu ziren, etxebizitza-proiektuak garatu ziren, kalitatezko azpiegitura eraiki zen eta ur hornikuntza eraginkorra sortu zen (bereziki lorpen esanguratsua izan zen, herrialde erdi-desertikoa baitzen).

Emakumeen egoerari dagokionez, Gaddafik emakumeen hezkuntza bultzatu zuen eta ordura arte emakumeen artean zegoen analfabetismo tasa ikaragarriak murriztu zituen, eta unibertsitatera zein aurretiaz gizonezkoentzat soilik ziren lanbideetara sartzea ahalbidetu zien, hala nola medikuntza, zuzenbidea edota ingeniaritzak; era berean, lan eremuko parte hartzea sustatu zuen (batez ere Administrazio publikoan, osasungintzan eta hezkuntzan jardun zuten), emakumeen unitate militarrak eta akademia militarrak sortu zituen eta poligamia mugatzeko zein ezkontzetan emakumeen onespena derrigorrezko bihurtzeko legeak idatzi zituen, hitzartutako ezkontzak desagerrarazteko. Aipaturiko neurriei esker, zenbait alderditan, Libiak Afrika iparraldeko emakumeen hezkuntza maila altuenetarikoa izatea lortu zuen.

Gaddafiren gobernuak martxan jarritako erreforma ekonomiko eta sozialak petrolioaren nazionalizazioan oinarritu ziren eta, horren bidez, petrolioaren irabaziak langile klasearen artean banatu ziren

Muammar Gaddafiren eragin politikoa ez zen Afrika iparraldera mugatu; aitzitik, Mendebaldearen eta NATOren interesen aurkako zenbait kausa ere bultzatu zituen. Gaddafi antisionista sutsua izan zen eta, horregatik, Libiako Yamahiriya Handiak aktiboki babestu zuen Yasser Arafaten Palestina Askatzeko Erakundea Israelgo estatu sionistaren aurka, petrolioaren salmentatik lortutako diru-sarrerekin finantzatuz, erresistentzia palestinarrari entrenamendu militarra eta armak emanez, eta NBEren Batzar Nagusian zein nazioarteko beste foro batzuetan palestinarrak defendatuz. Horrela, 1970eko eta 1980ko hamarkadetan, Hafez al Assaden Siria baazistarekin batera, kausa palestinarrari baliabide gehien bideratu zizkion herrialdeetako bat bihurtu zen.

1981ean, Libanoren eta Estatu Batuen arteko tentsioak lehertu egin ziren, zuzeneko borroka forman: lurralde uren inguruko gatazka baten harira, Libiak Estatu Batuetako Aire Armadako bi F-14A ehiza-hegazkin arrakastarik gabe eraso zituen.

Libiak NATOren Europa desegonkortzeko beste modu batzuk bilatu zituen 1980ko hamarkadan, honako talde hauek armaz hornituz, finantzatuz eta entrenamendu militarra eskainiz: Ipar Irlandako Provisional IRA, Euskal Herriko ETA, Alemaniako Rote Armee Fraktion (RAF), Korsika Askatzeko Nazio Frontea (FLNC) eta Italiako Brigatte Rosse. Horrek guztiak NATOko Europako herrialdeen etsaitasuna areagotzea ekarri zuen.

1986ko apirilaren 14an, AEBko presidente Ronald Reaganek “El Dorado Canyon” izeneko operazioa abiarazi zuen, Libiako estatuko zenbait funtsezko itu erasotzeko operazio militar kirurgikoa. Borroka hori garaipen militarra izan zen Estatu Batuentzat, baina Libiako gobernuak herritarren aurrean zuen zilegitasuna indartzea eta herritarren artean Mendebaldearen aurkako jarrera erradikalizatzea ere ekarri zuen. Jarrera hori 2000ko hamarkadaren hasierara arte mantendu zen, 2003an Mendebaldearekiko harremanak normalizatzen hasi ziren arte.

2000ko hamarkadan, panarabismoaren behin betiko porrotaren eta Mendebaldeko zigor ekonomikoen ondoren eta Afrikarekiko interes ekonomiko gero eta handiagoa zela eta, Gaddafi, alde batetik, Mendebaldea baretzen saiatu zen eta, bestetik, bere interesak Saharaz hegoaldeko Afrikara biratzen ahalegindu. Helburu horrekin bat, Afrikako Batasuna sortu zuen (2009an bertako presidente izan zelarik), kontinentean erakunde sendoagoak sortzeko, lankidetza ekonomikoa sustatzeko eta politika komun bat garatzeko. Hori guztia ideia anbiziotsuagoetan islatu zen, hala nola gobernu kontinental bat, armada afrikar komun bat, moneta afrikar bat edota banku zentral afrikar bat sortzeko helburuetan. Afrikaren independentzia ekonomikoa bultzatzeko, Libiako petroliotik zetozen milaka milioi dolar inbertitu zituen Afrikako telekomunikazio, banku, hotel, azpiegitura eta aire-konpainietan. Horrelako ekintzek errezeloa sortu zuten NATOko kide ziren Europako herrialdeetan, Afrikaren gainean zuten nagusitasun neokoloniala arriskuan jartzen zuelako. Batez ere Frantzia, Erresuma Batua, Estatu Batuak eta Italia ziren beren interes ekonomikoak arriskuan ikusten zituzten aliantza atlantikoko herrialdeak; nagusiki, petrolioari, gasari eta mineralei lotuak.

Libiak NATOren Europa desegonkortzeko beste modu batzuk bilatu zituen 1980ko hamarkadan, honako talde hauek armaz hornituz, finantzatuz eta entrenamendu militarra eskainiz: Provisional IRA, ETA, Rote Armee Fraktion (RAF), Korsika Askatzeko Nazio Frontea (FLNC) eta Italiako Brigatte Rosse. Horrek guztiak NATOko Europako herrialdeen etsaitasuna areagotzea ekarri zuen

Frantziak estuki dominatzen zituen bere antzinako koloniak, Françafrique izenekoan, haren Afrikako ipar-Mendebaldeko enpresa pribatuek baliabideak ustia zitzaten (Frantziako enpresek Afrikan 2000-2010 aldian metatutako inbertsio-
fluxu garbia 60 bilioi dolar ingurukoa izan zen); Erresuma Batuko enpresa pribatuek milaka milioi libera inbertitzen zituzten meatzaritzan, petrolioan eta gasean (enpresa britainiarrek Afrikan egindako inbertsio zuzenaren fluxua, 2010. urtean soilik, 7,8 bilioi libera esterlinatan balioesten zen, 2000 eta 2010 bitartean 45 bilioi inguru izanik); eta Italiako ENI enpresak, 2010ean Italiako burtsako enpresa pribatu garrantzitsuena zenak, 2000 eta 2010 bitartean 40 bilioi dolar inguru inbertitu zituen kontintentean, petrolio eta gas baliabideak ustiatzeko Afrika osoan zehar. Bestalde, Estatu Batuetako enpresek 45 eta 50 bilioi dolar arteko inbertsioa metatu zuten 2000ko hamarkadan kontinente horretan. Espainiako enpresa pribatuek inbertsio txikiagoa zuten, baina hori ere ez zen zifra mespetxagarria, 15 bilioi dolar ingurukoa baitzen (hala ere, egia da zifra hori Gaddafiren eragin-eremutik kanpo zeuden herrialdeetan oinarritzen zela, hala nola Marokon, Aljerian, Tunisian edo Egipton).

Mendebaldeko kapitalismoaren interes ekonomiko horien guztien ondorioz, NATOk, Estatu Batuen babesarekin eta Barack Obamaren gidaritzapean, Gaddafiren Libiaren aurka ekin zuen 2011n, hainbestetan erabili den demokraziaren eta giza eskubideen defentsaren aitzakian (hori guztia 2010eko abenduan Tunisian piztu eta 2011 hasieran Libiara hedatu zen Udaberri Arabiarrak legitimatuta).

2011ko otsailaren 15ean hasi zen Trantsizioko Kontseilu Nazionaleko oposiziogileen eta Gaddafiren gobernuaren arteko gerra zibila. Oposizioko kideek ez zuten proiektu komunik; lotzen zituena Gaddafiren Libia yamahiriyaren aurkako oposizioa zen. Oposizioko taldeen artean, askotariko taldeak zeuden: erregegai zen Muammad al Senussiren itzulera eskatzen zuten talde monarkikoak (aurretik zegoen Idris I.a erregearen dinastia zen senusiarrena); xarian oinarritutako gobernu erreakzionario bat ezarri nahi zuten islamistak eta salafistak; Mendebaldeko demokraziak erreferentziatzat zituztenak eta Tunisia eta Egiptoko gertaerek inspiratu zituzten demokratak eta liberalak; eta basamortuko tribuak, botere eta autonomia kuota handiagoa nahi zutenak. Atzerritik Gaddafiren gobernuaren autoritarismoa salatzen zuten sozialdemokrata erbesteratu askok ere protestak babestu zituzten. Hori bai, denek zuten zerbait komunean, interbentzionismo atlantistari emandako babesa.

2011ko martxoaren 17an, Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluak 1973 Ebazpena onartu zuen, Libian “beharrezko neurri guztiak hartzeko” baimena ematen zuena, “erasoen mehatxupean zeuden zibilak eta populatutako eremuak babesteko”. Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluak onartu egin zuen, hamar kideren aldeko botoekin, Libian aire-esklusioko eremu bat ezartzeari atea irekitzen zion ebazpena. Egun hartan, Afrikan inbertsio pribatu handiena zuten hiru herrialdeek alde bozkatu zuten: Frantziak, Erresuma Batuak eta Estatu Batuek, baita Libanok, Bosnia eta Herzegovinak, Kolonbiak, Gabonek, Nigeriak, Portugalek eta Hegoafrikak ere; abstenitu egin ziren Alemania, Brasil, Txina, India eta Errusia. Herrialde batek ere ez zuen aurka bozkatu.

Afrikaren independentzia ekonomikoa bultzatzeko, Libiako petroliotik zetozen milaka milioi dolar inbertitu ziren Afrikako telekomunikazio, banku, hotel, azpiegitura eta aire-konpainietan. Horrelako ekintzek errezeloa sortu zuten NATOko kide ziren Europako herrialdeetan, Afrikaren gainean zuten nagusitasun neokoloniala arriskuan jartzen zuelako

Otsailaren 23an, Frantziak proposatuta, Libiaren aurkako zigor ekonomikoak ezartzeko erabakia hartu zen. Proposamen hori Erresuma Batuak, Estatu Batuek, Austriak eta Espainiak jarraitu zuten, bai eta Suitzak ere; herrialde horrek izoztu egin zituen gaddafitarrek herrialdean zituzten banku-kontuak.

NATOk eta Mendebaldearen aldeko eskualdeko beste aliatu batzuek, horien artean Saudi Arabiak, Qatarrek, Arabiar Emirerri Batuek eta Jordaniak, operazio bat abiarazi zuten martxoaren 20an, eta Frantziak Libiako armadaren lau tankeren aurkako aire-erasoa gauzatu zuen Bengasi inguruan. Estatu Batuek, berriz, Libiako kostaldearen aurrean kokatu zuten beren flota, zazpi gerraontzik osatutako kontingentea; horien artean zeuden USS Keasarge eta USS Ponce eraso anfibioko ontziak, USS Providence itsaspekoa, USS Mount Whitney aginte-ontzia eta USS Mason, USS Barry eta USS Stout destruktoreak, libiarren itsasontziak blokeatzeko eta enklabe gaddafistak bonbardatzeko prestatuak.

Britainiarrek, frantziarrek eta estatubatuarrek modu aktiboan gauzatu zuten esku-hartze militar horrek NBEren onespena zuen eta NATOren agindupean bideratu zen. Hura gauzatzeko kausen artean zeuden, arestian aipatutako arrazoiez gain, martxoaren hasieran Gaddafik Mendebaldeko petrolio-enpresak Libiatik botatzeko mehatxua egin izana (2003an tentsioak lasaitu ondoren itzuli ziren), eta Errusiako, Txinako eta Indiako enpresak gonbidatu izana herrialdeko petrolio-ekoizpenean inbertitzera (horrekin hobeto ulertzen da zergatik abstenitu ziren Errusia, Txina, India eta Brasil Libiako lurretan esku hartze militarra legitimatzen zuen 1973ko ebazpenaren bozketan). John Pilger kazetari australiarrak Libiako operazioa 1999ko Jugoslaviakoarekin alderatu zuen, herrialde hura sistematikoki suntsitzeari ekin baitzioten.

Argi bereiziriko bi fronte sortu ziren Gaddafiren aldeko indarren eta errebeldeen artean. Leialek herrialdearen mendebaldea kontrolatzen zuten (Tripolitania); errebeldeek Zirenaika eremua kontrolatzen zuten ekialdean, baita Tripolitania eskualdeko Misratah hiria ere. Gerra hartan, NATOren indarrek Gaddafiren aurka altxatu ziren errebeldeen aireko indar ez-ofiziala izateko papera bete zuten, Bengasitik mendebalderantz zihoazen tropen aurrerapena babestuz.

Operazioei dagokienez, errebeldeen nagusitasuna nabarmena izan zen martxoan. Apirila eta uztaila bitartean, indar gaddafisten berrantolaketaren ondorioz, frontean geldialdi bat gertatu zen, nahiz eta leialek setiatuta zuten Misratah hiria erabat kontrolatzea lortu zuten errebeldeek. Errebeldeen artean, fakzio ezberdinen arteko liskarrak bazituzten ere, abuztuan, Gaddafirekiko leial zirenen hiriburua hartzea lortu zuten, Tripoli. Horrela, NATOk ematen zien aireko nagusitasun argiaren ondorioz, ia etenik gabe aurrera egitea lortu zuten urrira arte, gaddafisten azken erresistentzia guneak behin betiko hartuz: Sirte eta Beni Walid. Sirte hiriaren aurkako azken eraso horretan, NATOk biztanleria zibilaren aurka egindako bonbardaketarik hilgarrienetako bat gauzatu zuen: 354 zibil hil zituzten, bonbak etxebizitza-bloke baten eta hotel baten gainean deskargatu zituztelako.

Urriaren 20an, Sirteko guduaren amaieran, errebeldeek Muammar Gaddafi harrapatu zuten eta ordu gutxiren buruan hil zuten, modu bortitzean. Bere seme Moatassem Billal Gaddafi ere harrapatu eta lekuan bertan exekutatu zuten. Hillary Clinton Estatu Batuetako estatu idazkariaren hitzak famatuak izan ziren, Gaddafi harrapatu eta hil zutela jakin ondoren, Julio Zesarren esaldi historikoa parafraseatuz, honako hau esan baitzuen elkarrizketa batean, barre-algara artean: “We came. We saw. He died” (Heldu ginen. Ikusi genuen. Hil egin zen).

Espainiak, garai hartan PSOEko Jose Luis Rodriguez Zapatero gobernuburu zuela, 1973 ebazpenari eta zigor ekonomikoei babesa emateaz gain, Libiaren aurkako gerran lagundu zuen. Lau F-18 Hornet hegazkin eta hainbat gerraontzi bidali zituen Afrika iparraldeko herrialdea bonbardatu eta blokeatzeko. José Julio Rodríguez Fernández Defentsako Estatu Nagusiko buruak zuzendutako hegazkinek aire-eremua kontrolatu eta patruilatu zuten, NATOren koalizioaren ahalegin belikoaren zati gisa. Urte batzuk geroago, 2015ean, Rodriguez Fernandez proposatu zuten Podemosen kanpainan Defentsa ministro izateko eta, 2020an, Pablo Iglesias Turrión Gobernuko bigarren presidenteordearen kabineteko zuzendari izendatu zuten.

Gerraren amaierak krisi ekonomiko gogorra ekarri zuen, petrolio ekoizpenaren beherakadaren, estatuaren azpiegituraren zati handi baten suntsipenaren eta botere estatalaren galeraren ondorioz. Era berean, Europaranzko migrazio krisi bat izan zen, eta Libia bihurtu zen migratzaileak Mediterraneora irteteko gune nagusia. Saharaz hegoaldeko pertsonekin trafikatzen zuten sareak eta esklabo-merkatuak sortu ziren (esklabotza 1952an indargabetu zen Libian). Ansar al Sharia (Al Qaedaren filiala Magreben), Estatu Islamikoa eta bestelako talde jihadistak hazi eta hedatu egin ziren kontrolik gabe, botere-hutsunea zela eta, eta azken horiek Sirte hiria kontrolatzera ere iritsi ziren 2015 eta 2016 artean, nahiz eta Gaddafiren garaian jihadismoa ia ez zen existitzen. Emakumearen egoerak ere okerrera egin du, segurtasunik eza eta desberdintasun sozialak areagotu egin direlako, bereziki talde jihadistek eragin handiagoa duten zonaldeetan, eta sexu esklabo gisa salduak izateko eta bortxaketak, hilketak edo bahiketak jasateko arriskua baitute (batez ere Saharako basamortuan, Sahelekin duen loturagatik, non jihadistak askatasunez mugitzen diren).

Horrela, bada, Gaddafiren gobernua erortzeak, egonkortasun politikoa ekarri beharrean, kaos egoera bat sortu zuen, gaur egunera arte mantentzen dena. Trantsizioko Kontseilu Nazionalaren bidez sistema politiko berri bat ezartzen saiatu baziren ere (izen hori jarri zioten errebeldeek euren buruari), 2012ko abuztuan, hau da, urtebete igaro baino lehen, desegin egin zen, erakunde sendorik ez zegoelako, eta Nazioaren Kongresu Nagusiari bide eman zioten. Erakunde hori berriro krisian sartu zen 2014ko abuztuan, urte horretako hauteskundeetako porrotaren ondoren islamistek (Anaia Musulmanen afiliatuak) beren eserlekuak uzteari uko egin ziotenean. Horrela, Libiako Bigarren Gerra Zibila hasi zen. 2014tik 2020ra arte iraun zuen gerra hori herrialdea bitan zatitu zuen bake kaotiko batekin amaitu zen.

Mendebaldean, Tripolin, NBEk onartutako gobernua geratu zen, eta gaur egun Abdul Hamid Dbeibeh da haren buru, 2021ean kargua hartu zuenetik. Nahiz eta NBEk hauteskundeak eginez herrialdea bateratzeko ardura eman zion, oraindik ez dira egin eta, barrura begira, bere agintaldia zalantzan jarri du parlamentuak, protesta askori aurre eginez. Ekialdean, hiriburua Bengasin kokatuta, Jalifa Haftar buruzagi militarra dago agintean: herrialdearen zatirik handiena berak kontrolatzen du eta petrolio ekoizpenaren zatirik handiena ere kontrolatzen du.

Nazioarteko herrialdeek fakzioetako bakoitzari eskaintzen dioten babesek ez diote eredu bateratu bati jarraitzen NATOko herrialdeen artean eta, hortaz, egoera ulertzeko zaila da. Dbeibhe fakzioa Turkiak, Italiak, Qatarrek, Espainiak, Erresuma Batuak eta Estatu Batuek babesten dute. Aldiz, Haftar fakzioa Frantziak, Saudi Arabiak, Arabiar Emirerri Batuek, Egiptok eta Errusiak babesten dute (bitxia bada ere, Ukrainan aurrez aurre dauden Errusiak eta Frantziakalderdi bera babesten dute Libian).

NATOk, komunismo sobietarrari aurre egiteko sortutako erakundeak, SESB erori eta 34 urtera, bere eragina Europa ekialdera hedatzen jarraitzen du, baina baita Magreben ere, Maroko, Egipto, Tunisia eta Mauritaniarekin lankidetza militarreko itunak sinatu baititu, eskualdearen gaineko kontrola mantentzeko

Horren atzean dauden interesak, Turkiaren eta Qatarren kasuan, eskualde mailako etsaitasunak dira, Arabiar Emirerri Batuen eta Saudi Arabiaren aurka; migrazio-kontrolari buruzko gaiak Italiaren kasuan; eta Errusiarenean, Mediterraneoko eragin geopolitikoa handitzea eta baliabide estrategikoak eskuratzea, hala nola urrea, fosfatoak, uranioa, petrolioa eta gas naturala.

Gerra garaian, libiarren %75 eta %85 NATOren esku-hartzearen alde zeuden, baina, urteen poderioz, iritzia nabarmen aldatu da, herrialdeak 2011tik duen egoera kaotikoaren ondorioz (2003ko Irakeko Gerran gertatu zenaren antzeko egoera). Libiarren iritzia aldatu egiten da eskualdearen arabera: Zirenaikan (bertako hiriburuan, Bengasin, hasi zen matxinada) Aliantza atlantikoaren esku hartzearen aldekoagoak izaten jarraitzen badute ere, Tripolitanian (mendebaldean), esku hartzea babestu izanaz damutzen dira eta Gaddafiren gobernuak herrialdeari ematen zion egonkortasunarekiko nostalgia sentitzen dute.

libiako egoera gaur egun

2011n NATOk Libian esku hartu ondoren sortutako kaos egoerak, konpontzetik urrun, 2003an Estatu Batuek inbaditu zuten Iraken antzeko egoera planteatzen du: desgobernua, muturreko pobrezia, segurtasunik eza eta kontrolik gabeko jihadismoa. Nolanahi ere, NATOk eta Estatu Batuek beren operazio guztietan egin dituzten inbasioen emaitza da hori; ikus Jugoslavia (1999), Siria (2014-2026), Afganistan (2001-2021) edo Somalia (1992-1995).

NATOk, komunismo sobietarrari aurre egiteko sortutako erakundeak, SESB erori eta 34 urtera, bere eragina Europa ekialdera hedatzen jarraitzen du, baina baita Magreben ere, Maroko, Egipto, Tunisia eta Mauritaniarekin lankidetza militarreko itunak sinatu baititu (guztiak dira Mediterranean Leagueko kideak), eskualdearen gaineko kontrola mantentzeko. Mendebaldeko Asian, Jordaniak, Kuwaitek, Qatarrek, Arabiar Emirerri Batuek, Saudi Arabiak eta, jakina, Israelek ere NATOren aliatuen sarea osatzen dute, Global Partnership izenekoa. Estatu Batuak dira sare horren buru eta une honetako bere helburu nagusia Irango Errepublika Islamikoa menderatzea da, herrialde horrek Estatu Batuekin eta Israelekin duen antagonismo politikoagatik eta 1979tik antisionismoarekin eta kausa palestinarraren defentsarekin duen konpromiso irmoagatik.