XX. mendearen erdialdean iritsi zen industrializazioa Gasteizera, eta, ordura arte apaizen eta militarren hiria izan zen horretan, gehienbat Bizkaia eta Gipuzkoatik etorritako ehunka industria-enpresa ezarri ziren (Areitio SA, Cincor SL, Beiztegui Hermanos, Esmaltaciones San Ignacio, Cegasa…). Garapen industrialak eskulan gehiago eskatzen zuen, bertako biztanleriak asetu zezakeena baino gehiago. Horregatik, bide formal edo ofizialen zein bide informalen bidez (familia-loturak, auzotasuna…) jende ugari iritsi zen hainbat tokitatik, eta, ondorioz, auzo berriak sortu ziren.
Aritza Sáenz del Castillo Velascoren hitzetan, Bizkaian ez bezala, Araban biztanleriaren hazkundeak ez zituen modu nabarmenean aldatu emakumeen eta gizonen arteko ratioak: 1950ean, Gasteizko biztanleriaren %52 emakumeak ziren, eta, 1975ean, %50. Populazioaren lekualdatze prozesuan emakumeek zein gizonek parte hartze nahiko orekatua izan zuten, askotariko lanpostuek erakarrita. Zenbait lantegitan, gainera, emakumezko langileak ziren nagusi; besteak beste, Areitio, Cincor eta Heraclio Fournier enpresetan.
Emakumeen kasuan, lekualdatutakoen gehiengoa Arabako herri txikietatik etorria zen; izan ere, landa-eremuan oinorde bakarraren sistema zegoen indarrean –seme nagusiak jasotzen zuen oinordetza–, eta emakume askok bizimodua ateratzeko bide propioak bilatu behar izan zituzten. Hala ere, lantegietako eskaria asetzeko estatuko beste eskualde batzuetara ere jo zen; horien artean, Extremadurara (batez ere Cáceresera), Gaztela eta Leonera (Salamanca, León, Zamora edo Palentziara) eta, neurri txikiagoan, Andaluziara.
Emakumeen laneratzeak talka egiten zuen gizartean nagusi zen ikuspegi matxistarekin. Falangearen Sección Femeninarekin lotura estua zuen Asociación Alavesa del Hogar elkarteak, 1968an, honako helburu hau jasotzen zuen bere jardunean: “queremos conseguir que la mujer no tenga que salir fuera de casa para trabajar y que se dedique ella misma a la educación de sus hijos”. Era berean, 1970eko FOESSA txostenaren arabera, emakume ezkongabeak soldatapeko lanean aritzea onartzen zen arren, ezkonduta zeuden eta seme-alabak zituzten emakumeek lan egitea ez zegoen ondo ikusita.
1970ko hamarkada hasieran, emakume ezkongabeak soldatapeko lanean aritzea onartzen zen arren, ezkonduta zeuden eta seme-alabak zituzten emakumeek lan egitea ez zegoen ondo ikusita
Ikuspegi hori Caritas Diozesiarrak 1965ean egindako ikerketa batean ere islatu zen. Alde Zaharreko zein Zabalguneko bizilagunek emakumeak lanean aritzearen inguruko kezka agertu zuten, diskurtso ofizialarekin bat eginez: emakumeen lan jarduerak familia tradizionalaren krisia eta seme-alaben zaintza ezaren arriskua ekarriko zituela uste zuten. Aldiz, Errekaleor eta Abetxukoko langile auzoetan emakumeen laneratzea beharrezkotzat jotzen zen.
Ondorioz, ohikoa zen emakumeek lana uztea ezkondu ondoren –bereziki, “ongi ezkonduta” zeudenean–, eta etxeko lanez arduratzea. Horren ondorioz, fabriketan aritzen ziren emakume gehienak gazteak izaten ziren. Sáenz del Castillok adierazi bezala, 1975eko datuen arabera, Gasteizen 14 eta 24 urte bitarteko emakumeen %53,3 aktibo zegoen. Ehuneko hori nabarmen jaisten zen adinak gora egin ahala: 35-44 urte bitartekoen %13,8 eta 45-54 urte bitartekoen %16,9 besterik ez zeuden aktibo. Gainera, urte berean, ezkongabeen %64 eta ezkonduen %11,4 zeuden lan merkatuan.
1970eko hamarkadan inflazioak gora egin zuen, eta bizitzaren kostua nabarmen garestitu zen; bereziki, etxebizitzen prezioa. José Antonio Abasoloren arabera, hamarkadaren amaieran, etxebizitzen %15ean bi pertsona baino gehiago bizi ziren gela bakoitzean. Abetxukon, esaterako, 6,4 pertsona bizi ziren etxebizitza bakoitzean. Aldi berean, inflazioaren igoerarekin batera soldatek ez zuten erritmo berean egin gora; ondorioz, familia askok gastu handiagoak zituzten sarrerak baino. 1975ean, batez beste, familia-buru batek 300.000 pezeta jasotzen zituen urtean, familiaren gastuak estaltzeko behar zena baino 68.000 pezeta gutxiago.
Horrez gain, Abasolok azpimarratzen du zerbitzu publikoak oso eskasak zirela. Armentia, Adurtza, Arana eta Zaramaga auzoak lo egiteko gune hutsak ziren. Umeak eskolatzeko larrialdiko planak martxan jarri baziren ere, eskolak ez ziren nahikoa izan. Osasun arretari dagokionez, berriz, lehen mailako asistentzia kaotikoa zen, eta ez zuen biztanleriaren beharrak asetzeko adinako gaitasunik.

1976ko grebak eta emakumeen parte hartzea
1976ko urte hasieran, langileak fabriketako asanbladetan antolatzen hasi ziren. Hasieran, soldataren inguruko eskaerak izan ziren ardatz nagusia, baina, pixkanaka, eskaeren izaera eta eztabaidak zabalduz joan ziren. Borrokaren antolaketa asanbladetan elkartzean oinarritu zen, langileriak bere arazo eta beharren inguruan kontzientziazio progresiboa garatzeko biderik egokiena zela uste baitzen, Carnicero Herrerosek dioenez.
Kontzientziazio hori bereziki beharrezkoa zen Gasteizen, borrokarako ohitura urria baitzegoen eta sindikalismoa ez baitzegoen oso garatua. Hala ere, baziren aurretiazko borroka-esperientziak ere; esaterako, Michelin enpresako langileek 1972an egindako mobilizazioak edo 1969an Esmaltaciones San Ignacio lantegian izan zen greba luzea. Abasolok adierazten duenez, azken kasu horretan langileen gatazka, lehen aldiz, fabrikatik kanpora zabaldu zen: langileen emazteek Adurtza auzoko azoka hartu zuten. Poliziaren erantzuna gogorra izan zen; lokala indarrez hustu zuen eta hainbat zauritu eragin zituen.
Lantegietako borroka
1976an, aurretik adierazi bezala, hiriko hainbat fabrikatan langileak asanbladetan antolatzen hasi ziren. Testuinguru horretan, bereziki aipagarria da Areitioko langileen borroka. Metalezko eta nylonezko kremailerak ekoizten zituen enpresa horretako langileak soldata-berrikuspenaren inguruan antolatu ziren, honako aldarrikapen honekin: soldata-igoera bizitzaren garestitzearen ehuneko erlatiboaren arabera ezartzea hitzarmenean. Are gehiago, Informe Vitoriak jasotzen duenez, urtarrilaren 2an zuzendaritzari igorritako idazkian soldata %15 igotzeko proposatu zuten, etxeko andreen estimazioak eta oinarrizko erosketak egiteko beharrezkoa zen diru kopurua kontuan hartuta. Emakumezko langileek, ordea, ez zuten eskaera hori babestu, eta oinarrizko soldatan 5.000 pezetako igoera lineala eskatu zuten. Zuzendaritzaren ezezkoaren aurrean, urtarrilaren 22an ekoizpena gelditu zuten langileek.

Egun horretan, “sugea” deritzona egin zuten; hau da, pabilioi batetik bestera joan ziren, eta igaro ahala gizonak zein emakumeak batzen joan ziren. Enpresak %19,01eko soldata-igoera proposatu bazuen ere, emakumezko langileek tinko eutsi zioten beren jarrerari. Horrela, urtarrilaren 23an fabrika erabat gelditu zuten; gizonen gehiengoak, aldiz –peoi, mekaniko eta tailerreko langile batzuk izan ezik–, lanean jarraitu zuen.
Otsailaren 7an, Areitioko langile asanbladako emakumeek argi adierazi zuten: “la mano de obra de las mujeres les sale más barata. Esto no deja de ser una explotación. A igual trabajo y rendimiento, el mismo salario. Pero vemos que no es así, sino que las diferencias son de 4.000 a 6.000 pesetas”
Areition, emakumeek zuzendu eta gidatu zuten borroka, eta gizonak bigarren maila batean geratu ziren. Emakumeen artetik soilik 80k ez zuten greban parte hartu. Poliziaren jarrera bereziki bortitza izan zen, greban zeuden langileak gogor jipoitu baitzituen; hala ere, langileek beren eskaerei eutsi zieten: 5.000 pezetako soldata-igoera lineala, guztiontzat berdina, eta inolako kaleratzerik ez egotea. Urtarrilaren 26an, esaterako, goiz osoa asanbladan bilduta eman ondoren, ordu biak eta laurdenean fabrikako atarian bildu zirenean, indar polizialen autobus bat iritsi, eta langileak tirokatu zituzten.
Borroka horretan, emakume izaeraren inguruko kontzientzia-hartze prozesu bat ere garatu zen. Langile klaseko kide izateaz gain, emakumeak izateagatik lan baldintza okerragoak eta gutxiespena pairatzen zituztela ohartzen hasi ziren. Otsailaren 7ko asanbladan argi adierazi zuten: “La empresa empezó por tener más hombres que mujeres. Ahora somos muchas más las mujeres. Razón: la mano de obra de las mujeres les sale más barata. Esto no deja de ser una explotación. A igual trabajo y rendimiento, el mismo salario. Pero vemos que no es así, sino que las diferencias son de 4.000 a 6.000 pesetas”.
Soldata-desberdintasuna ez zen, noski, Areitioko lantegiari soilik zegokion errealitatea. Aitzitik, emakumeek parte hartzen zuten hiriko beste hainbat lantegitan ere (Cincor, Hijos de Orbea edo Heraclio Fournier, besteak beste) antzeman daitekeen problematika izan zen. Bereziki 1970eko hamarkadan, soldata-harremanak konplexuago bilakatu ziren. Sáenz del Castillok aztertu bezala, generoak ez zuen zuzenean soldata-desberdintasuna ezartzen; aitzitik, langile bakoitzak bete beharreko funtzioa zehazten zuen generoak. Horren ondorioz, Areition, adibidez, galdaketa edo letoitze lanak (gizonek egiten zituztenak) soldata altuagoekin ordaintzen ziren. Kontzientzia-hartze horrek emakumeek beren egoera identifikatzeko eta soldata-berdintasunaren alde antolatzeko urrats garrantzitsua ekarri zuen.
Lanaren banaketa sexualak eta horrek lan hierarkian izan zuen isla zuzenak sakondu egin zuten gizon eta emakumeen arteko soldata-arrakala. Horrela, ordainsaria langilearen ezaugarrien arabera ezartzen zen, eta ezaugarri horien artean funtsezkoak izan ziren generoa bera eta desoreka hori sostengatzen zuten egitura ideologiko eta kulturalak. Horren adibide esanguratsua da Arabako Metaleko Probintzia Sindikatuaren Atal Ekonomikoak adostu izana emakumeen soldatak gizonezkoena baino %10 baxuagoa izan behar zuela, lanaren ezaugarriei edo langilearen kualifikazioari erreparatu gabe.
Horregatik, 1970eko hamarkadan egindako eskaeren artean, Areition gertatu bezala, soldata-igoera linealak eskatu ziren. Izan ere, igoera portzentualek soldata-desberdintasuna areagotzen zuten, eta, ondorioz, emakumeen aurkako soldata-diskriminazioa indartzen zuten.
Soldata-arrakalaz gain, Areitioko emakumeek matxismoa ere salatu zuten. Honela adierazi zuten: “Ellos pretenden cansarnos y confían en conseguirlo quizás porque les falta madurez pero, sobre todo, porque somos mujeres, con todo lo que esto ha significado en nuestra educación y aún hoy día significa. Para que veamos en qué concepto nos tienen, ahí tenéis lo que ha dicho el de la dirección: si hubieran entrado 100, las tendríamos ya todas, porque la materia gris de las mujeres las hace ir tras esas 100 chicas. Se ha equivocado la empresa. Creía que nos iba a dominar más fácilmente”. Matxismo hori ez zen enpresarien jarrerara mugatu; gizonezko lankideen aldetik ere jaso zuten. Izan ere, Zuriñe Rodriguez Lakak, Itziar Mujika Chaok eta Nora Miralles Crespok M3: Memoria liburuan jaso zutenaren arabera, gizonen artean hiru jarrera nagusi bereizi ziren: borroka babestu zutenak, indarrez eta gogoz kontra fabrikatik atera zituztenak, eta enpresarentzat informazioa bildu eta greban zeuden emakumeak lanera itzultzea sustatu zutenak. Ondorioz, gizonen asmoekiko mesfidantza sortu zen Areitioko emakume langileen artean. Azken finean, enpresak gizonei eskainitako soldata-igoerak haientzat onargarriak ziren, baina emakumeentzat ez ziren nahikoak.
Amaitzeko, Areitioko langileek enpresari egindako eskaerak aztertuta, argi dago horiek, neurri handi batean, emakumeek zituzten arazoei erantzuna emateko asmoz formulatu zirela. Besteak beste, lanaren eta familiaren arteko bateragarritasuna, lantegiaren barruan haurtzaindegi bat sortzea –emakumeek haren antolaketa-egituran parte hartuz–, emakumea ondoezagatik lanera joan ezean eguna ordaintzea, edo lanaldi jarraitua eskatzeko aukera jaso zituzten. Beraz, eskaera ekonomiko hutsetatik harago, langileen eguneroko ezinegonak islatu ziren enpresari aurkeztutako aldarrikapenetan. Enpresak, ordea, eskaera horiei guztiei uko egin zien. Azkenean, greba amaitzean, eskakizun guztiak lortu ez baziren ere, 3.000 euroko soldata-igoera lineala eta fabrika barruan aldizkako asanbladak egiteko eskubide eskuratu zituzten.
Areitiokoa ez zen kasu bakarra izan, baina bai esanguratsuena. Esmaltaciones San Ignacio lantegian ere, emakumeak langileen zati handi bat ziren tokian, 500 emakume inguru grebara batu ziren soldata-desberdintasunen aurka. Lanera itzuli baziren ere, mobilizazioetan aktiboki parte hartzen jarraitu zuten.

Emakumeen asanbladak
Asteek aurrera egin ahala, borroka langileen esparrutik harago zabaltzeko beharra ikusi zen, borroka-subjektua familiara hedatuz. Izan ere, langile askok asteak zeramatzaten soldatarik jaso gabe, eta egoera gero eta gogorragoa bihurtzen ari zen. Horren ondorioz, beldurra sortu zen ea langileen emazteak kontzientziatu eta borrokan aktiboki parte hartzen ez bazuten, borroka bera geldiarazten saiatuko ote ziren. Hau da, emazteek greban zeuden senarrak presionatuko zituztelakoan zeuden. Hala, emakumeen asanbladak antolatzeko beharra sortu zen. Prozesu hori guztia jasotzen du Gasteiz, Vitoria: de la huelga a la matanza liburuak.
Borroka langileen esparrutik harago zabaltzeko beharra ikusi zen, borrokasubjektua familiara hedatuz
Asanblada horiek hasiera batean lantegietan egin ziren, ordezkaritza-komisioen menpe, eta greban zeuden langileei babesa ematea zuten helburu nagusi. Denborarekin, ordea, asanblada bateratuak antolatzen hasi ziren; hau da, emakume guztiak bilduko zituzten espazio autonomoagoak sortu ziren, ekintza-gaitasun handiagoarekin. Asambleas de mujeres de obreros en paro izeneko horiek astean bitan biltzen hasi ziren, eta funtsezkoak izan ziren gatazka lan esparrutik harago zabaldu eta gizarteko beste sektore batzuetara eramaneko.
Bigarren fase horretan, borroka auzoetara, haurtzaindegietara, eskoletara, azoketara eta bestelako espazioetara zabaldu zuten, eta emakumeak ekimen propioz jarduten hasi ziren. Hasieran asanbladak informatiboak izan baziren ere –lantegi bakoitzeko borrokaren egoeraren berri emateko–, pixkanaka emakumeen kontzietzia-
hartze prozesu bat garatu zen. Haien jarduna senarrei babesa adieraztera edo laguntza morala ematera mugatzetik harago joan zen, eta eduki politiko eta sozial propioz hornitu zen.
Gainera, asanblada horietan askotariko emakumeek parte hartu zuten: senarra greban zuten etxeko andreek, fabriketako langileek, bestelako lanetan aritzen ziren emakumeek, alargunek… Aniztasun horrek espazio horietan politizazio eta kontzientzia-hartze prozesua indartu zuen.
Borroka aurrera joan ahala, bi kontzientzia nagusi garatu ziren. Lehenik, emakumeek jasaten zuten esplotazio bikoitzaz jabetu ziren: alde batetik, emakume izateagatik gizarte kapitalistan pairatzen zuten zapalkuntzaz eta, bestetik, langile klaseko kide izateagatik bizi baldintza gogorrak eta bizitzaren garestitzea jasaten zituzten auzoetako errealitateaz. Bigarrenik, ondorioztatu zuten haien jarduna ezin zela pasiboa izan: elkartasuna ez zen babes moral hutsera mugatu behar, eta borrokan zuzenean parte hartzea zen laguntzeko modurik eraginkorrena. Horrela, nahiz eta fabriketako langileekiko bestelako posizio batean egon, emakumeek 1976ko grebetan lehen lerroa hartu zuten eta funtsezko eginkizuna bete zuten.
Asanbladetan bildutako emakumeak konturatu ziren elkartasuna ez zela babes moral hutsera mugatu behar eta borrokan zuzenean parte hartzea zela laguntzeko modurik eraginkorrena
Asanbladetako eztabaidetan ohartu ziren fabriketako asanbladetan lantzen ez ziren bestelako problematika ugari ere bazeudela hirian: auzoetako arazoak, etxebizitzaren egoera, haurtzaindegien eta eskolen baldintzak, osasun sistemaren gabeziak, gizarte-segurantzaren funtzionamendua edota garaiko gizartean emakumeei esleitzen zitzaien lana, besteak beste.
Ondorioz, borroka ez zen soldata-igoeretara edo lan baldintzen hobekuntzetara mugatu. Beste gai batzuk ere landu zituzten. Lehenik, hezkuntza-sistemak betetzen zuen funtzioaren inguruan hausnartu zuten, eta ondorioztatu zuten haren helburua subjektu otzanak sortzea zela, erraz maneiatzeko modukoak, jarrera kritikoa izaten irakasten ez zenez gero. Haien hitzetan: “los niños aprenden geografía o historia como papagayos, negándoseles toda posibilidad de iniciativa”. Gainera, langile klaseko familien seme-alabek unibertsitatera sartzeko zituzten oztopoak ere salatu zituzten: “Sólo los hijos de los ricos pueden estudiar”, eta, horregatik, Hezkuntza eta Zientzia Ministerioari zegozkion gastuak ordaintzeari uko egiteko erabakia hartu zuten.
Bigarrenik, osasungintzaren egoera aztertu zuten. Kalitatezko arreta jasotzeko mediku pribatuengana jo behar izatea salatu zuten, eta osasun laguntzarik ezagatik haur asko hiltzen zirela adierazi zuten. El Correo Español egunkariak urtarrilaren 22an argitaratu zuenez, pediatra batek goiz bakar batean 50 haur artatu behar izan zituen; horrek ageri-agerian uzten zuen lehen mailako arretaren gabezia larria.
Hirugarrenik, haurtzaindegien arazoa jorratu zuten. Umeen zaintza arazo nagusietako bat zen, eta emakume askok lana uzten zuten ezkondu edo seme-alabak izatean. Hartutako neurriek ez zituzten hiriko beharrak asetzen, eta familia askok ez zuten haurtzaindegi pribatuak ordaintzeko aukerarik. Arazo horrek hurrengo urteetan ere bere horretan jarraitu zuen.
Azkenik, komunikabideek betetzen zuten funtzioaz ohartu ziren, eta informatu beharrean deformatu egiten zutela salatu zuten. Horregatik, hurrengo asteetan borrokaren nondik norakoak kaleetan zabaltzearen ardura hartu zuten.
Kontzientzia-hartze horren ondorioz, emaku
meek beren benetako arazoak identifikatzeko eta horiei irtenbidea bilatzeko gaitasuna zutela jabetu ziren. Asanbladak, gainera, ez ziren eztabaida-gune hutsak izan; emakumeek modu aktiboan hartu zuten parte greban, eta eztabaida horiek praktikara eraman zituzten. Aste horietan kalean egon ziren etengabe, ekintza ugariren bidez grebei ekarpena eginez.

Ekintza horien artean hiru nabarmendu ziren: diru bilketa, eskirolen aurkako jarduna, eta martxak. Grebaren gogortasunaz jabetuta, eta nahiz eta lantegietan erresistentzia-kutxak egon, emakumeek kaleetan eta auzoetan dirua bildu zuten, itsulapikoen bidez, gero erresistentzia-
kutxa komunetara eramateko. Horretarako, “solidaridad con los obreros en paro” zioten pegatinak saldu zituzten, besteak beste. Aldi berean, elkartasun sare zabala sortu zen: taberna batzuek doako bazkariak eskaini zituzten, Arabako landa-eremutik elikagaiak iritsi ziren, eta beste lurralde batzuetako langileek haien egunsaria bidali zuten.
Eskirolen aurkako borrokari dagokionez, erantzun sendoa antolatu zuten “a los obreros que cobraban como tal, pero que tenían mentalidad de patrón” seinalatuz. Beraz, astearte eta ostegunetan, asanbladatik irtetean, hainbat emakume
eskirolak zeuden fabriketara joaten ziren, horien aurka oihu egitera. Forjas Alavesasen eta Gabilondon poliziarekin arazorik izan ez arren, Areitiokoan poliziak jipoitu egin zituen emakumeak. Izan ere, borroka guztian zehar, nahiz eta emakume izan, poliziaren indarkeria ere jasan behar izan zuten; kasu batzuetan, gainera, bereziki grinatu ziren haien kontra. Horrek guztiak areagotu egin zuen haien kontzientzia-hartzea, eta Areitioko gertakari horiek argi utzi zuten poliziaren funtzioa zein zen (“nada conseguiríamos dialogando con los que nos masacran”).
Martxei dagokienez, prentsak langileek eta haien familiek bizi zuten egoera ezkutatzen zuela uste zutenez, 8.000 familiaren errealitatea salatzeko mobilizazioak antolatu zituzten. Ostegunero egiten zituzten, azoka-egunetan, eta elementu sinboliko komun bat zuten: poltsa hutsak eramaten zituzten. Martxa horien helburua zen bizitzaren garestitzearen, soldaten izoztearen eta negoziazio faltaren aurka mobilizatzea eta, aldi berean, kaleratutako langileak berriro hartzea, ordezkaritza-komisioarekin negoziatzea eta errepresaliarik ez egotea exijitzea. Kaleetan zegoen indarkeria poliziala zela eta, Ricardo Garcíaren Unidos por un Sueño dokumentalean María Teresa Pontonek azaltzen duenez, hasieran emakumeak espaloitik joaten ziren martxetan, eta gizonak beste espaloitik, poliziaren erasoen aurrean haiek babesteko asmoz.

Milaka emakumek hartu zituzten kaleak, kale nagusietatik Foru Aldundira, Gobernu Zibilera edo Udalera joanez, eta ondoren fabrika jakinetara hurbilduz (Forjas Alavesas, Gabilondo, Mevosa ―gaur egungo Mercedes― edo Areitio). Mevosan, esaterako, greban zeuden langileei elkartasuna adierazteko idazki bat entregatu zuten.
Emakumeen borrokak, hala ere, dimentsio berezia hartu zuen 1976ko otsailaren 26an. Egun hartan, milaka emakume atera ziren kalera poltsa hutsekin. Parte hartzaileen kopurua zehaztea zaila da: Areitioko asanbladan 1.000 izan zirela esan zen, Fábricas en Lucha koordinadorak 3.000 aipatu zituen, eta El Correo Español egunkariak 1.000tik gora izan zirela adierazi zuen. Dena dela, milaka emakumek Santa Barbara plazan hasi zuten manifestazioa ―azoka egiten zen tokian―, eta Aranzabal fabrikara joan ziren, kaleratutako langileak berriro onar zitzatela eskatzeko.
Martxa horrek indar berezia hartu zuen, aurreko gauean poliziak Areitioko langile bat atxilotu baitzuen eskirol baten aurkako ekintza batean, Azterlanak liburuan adierazi zen bezala. Horren aurrean, ezinbestekotzat jo zen kalean erantzutea. Gobernu Zibilera abiatu ziren, eta 12 emakumek osatutako ordezkaritza batek gobernadorearekin bilera egin zuen, atxilotutako langilea askatzeko helburuarekin. Gobernadoreak, tonu formalista eta legalistan, adierazi zuen ez zela eskuduna izaera sindikaleko eskakizun horiei erantzuteko. Elkarrizketa horrek mobilizazio gehiago piztu zituen hirian zehar; Adurtzan, esaterako, gas negar-eragilea erabili zen. Egun haietan, hirian lan egoeraren gogortasunaz eta emakumeen borrokaz baino ez zen hitz egiten.
Emakumeen elkartasunak, hala ere, bestelako alderdi ilunagoa ere bazuen. María Teresa Pontonek M3: Memoria liburuan adierazten du emakumeek interes berezia zutela borroka garaile ateratzeko; izan ere, bestela, “los maridos llegaban cabreados a casa” eta, azkenean, “pagándolo con sus esposas”. Emakume aktibo haiek beren larruetan bizi zuten matxismoa: asanbladetan zopa prestatzera bidaltzen zituzten, eta gizon askok ez zituen serio hartzen. Hala eta guztiz ere, horrek ez zituen atzera bota, eta borrokaren lehen lerroan jarduten jarraitu zuten.
Martxoaren 3ko gertakariak
Goizetik bertatik, emakume taldeak hiri osoan zehar banatu ziren, denda, taberna eta bestelako negozioetan elkartasuna eskatuz. Beste talde batzuk, eskuetan poltsa hutsak zituztela, hirigunera abiatu ziren Ali, Arana eta Zaramaga auzoetatik. Eguerdiko hamabietarako, Gasteiz osoa geldirik zegoen. Arratsaldeko bostetan, emakumeak, gizonak eta haurrak asanbladara abiatu ziren.
Zaramaga auzoa gudu zelai bihurtu zuten polizia-indarrek; hala ere, beldurrak geldiarazi beharrean, auzoko emakume askok ihesean zebiltzanak, zaurituak edo arriskuan zeudenak artatzen jardun zuten: ura emanez, atariak eta etxeetako ateak irekiz eta, zenbait kasutan, leihoetatik poliziaren aurka oldartuz.
Emakumeen borrokak, hala ere, dimentsio berezia hartu zuen 1976ko otsailaren 26an. Egun hartan, milaka emakume atera ziren kalera poltsa hutsekin
Amparo Lasherasek zioenez, hurrengo egunean ere, martxoaren 4an, Zaramagako emakumeek haserrea agerian utzi zuten eta, beldurrik gabe, leiho eta balkoietatik patruilatzen ari ziren polizien aurka oldartu ziren, “asesinos” oihukatuz. Emakumeen parte hartzea, ordea, ez zen hor amaitu. Grebaren ondoren ere, hainbat emakumek atxilotuen aldeko borrokan aktibo jarraitu zuten: egindako borrokaren ikasgaiak partekatzeko, Ordena Publikoko Auzitegiaren fiskalarekin elkartzeko eta presoen askatasuna eskatzeko asmoz Madrilera joan ziren batzuk.
Egun hura betiko iltzatuta geratu zen gasteiztarren oroimenean. Forjas Alavesasen lanean zebilen Pilar Barrerak martxoaren 3aren ondoren bere buruari esan zion egun hartan ez zuela berriro lanik egingo, eta hala izan zen. Berak esan bezala: “El tres de marzo no se trabaja, el tres de marzo se recuerda”.

Borrokaren ondorioak
1976ko Gasteizko greba-prozesuak agerian utzi zuen langile klaseko emakumeek izan zuten zeregin erabakigarria bai mobilizazioaren iraunkortasunean, bai haren eduki politiko eta sozialaren hedapenean. Hasiera batean borroka ez itzaltzeko eta familien biziraupena bermatzeko helburuarekin antolatu baziren ere, prozesuak berak emakumeak subjektu politiko aktibo bilakatu zituen, ordura arte espazio pribatura mugatuta egon zen paperetik harago.
“Bizipen horren ondoren, ez dut berriz beldurrik izan, soilik amorrua”, laburbiltzen zuen bizitakoa Maite Elizondok, garai hartako fabrikako langileak
Emakumeen asanbladek, lan baldintzen hobekuntzatik harago, gizarte osoaren egiturazko arazoak mahai gainean jarri zituzten. Horrek emakumeen esperientzia materialetik abiatutako politizazio prozesu sakona gertatu zela agerian uzten du. Begoña Oleagak Ricardo Garciaren dokumentalean azaltzen duenez, “de ser unas mujeres miedosas con una baja autoestima (…) se atrevían a salir, se subían en público en las asambleas (…) y esas mujeres cómo se fueron transformando en seres valientes, con una autoestima, diciendo: nosotras aquí tenemos cosas que decir y las vamos a decir”. Eta irakurtzen edo idazten ez zekiten emakumeek ekonomia-klaseak ematen zituzten: nola egin janaria merkeago, nola garbitu etxea produkturik erosi gabe… Antzera adierazi zuen Amparo Lasherasek ere: “¿Quiénes eran estas mujeres? Mayoritariamente amas de casa sin ninguna experiencia organizativa ni de lucha (…) y, sin embargo, esas mujeres, ante la lucha de sus compañeros, rompieron los valores inamovibles del franquismo, se organizaron y se unieron a la lucha, y el proceso las fue transformando”. Emakumeak subjektu aktibo bilakatu ziren, erabakiak hartzeko gai, eta haien antolakuntza-dinamika propioak sortu zituzten.
Bestalde, poliziaren errepresio gogorrak ez zuen mobilizazioa eten, baizik eta askotan kontzientzia politikoa sakontzeko faktore bihurtu zen. Egoeraren gogortasunaz jabetuta egon arren, borrokarekin aurrera jarraitzeko konbikzio irmoa zuten: “Esta lucha que estamos manteniendo es dura… pero luchamos por algo que es justo, y por eso merece la pena. No nos debemos dejar intimidar ni aplastar” zioten Areitioko asanbladan. Esperientzia horiek emakume askorentzat beldurra gainditzeko eta norbere balio politikoa aitortzeko prozesu pertsonal eta kolektibo baten abiapuntu izan ziren. HalaBedi Irratian Maite Elizondo fabrika bateko langileak honela laburbildu zuen bizitakoa: “Bizipen horren ondoren, ez dut berriz beldurrik izan, soilik amorrua”.
Era berean, langile-klasearen egoera penagarriaren erantzuleak argi identifikatu zituzten: “Los culpables de la situación no éramos nosotros. La única y entera responsabilidad recae directamente sobre el patrón y sobre todo un Estado formado por capitalistas”. Kontzientzia horrek ahalbidetu zuen klase antolakuntza independente baterako urra-tsak ematea; nahiz eta antolakuntza masibo hori mantendu ez, beste egitura batzuk sortu baitziren. Beraz, aurrera eramandako borroka eta metatutako esperientzia ez ziren egun horretan amaitu. Aitzitik, oinarri horretatik abiatuta, emakume langileen antolakuntzan pauso gehiago eman ziren. Argi geratu zen borroka prozesu hark etorkizunerako egiteko ugari irekitzen zizkiela emakumeei.
Arestian azaldu bezala, hamarkada horietan emakumeek zuten arazo nagusietako bat haurren zaintza izan zen: emakumeak lanean arituz gero, nork zainduko zituen umeak? Areitioko langileek 1976an enpresari egindako eskaeraren ildotik, hiru urte geroago Heraclio Fournierreko langileak antzeko aldarrikapenekin mobilizatu ziren, emakumeek lan munduan aktibo jarraitzeko zuten borondatearen erakusgarri. Hala ere, Areitioko kasuan bezala, enpresak ez zuen eskaera onartu.
1976ko Gasteizko borrokek langile klaseko emakumeen subjektibazio politikoa bizkortu zuten, eta agerian utzi zuten emakume langilearen parte hartzea ezinbestekoa dela klase borrokan
Bestalde, 1977an Areitio eta Orbegozoko emakumeek epaitegietara jo zuten soldata-arrakalaren harira. Areition eskaera baztertu bazen ere, Orbegozon epaitegiek arrazoia eman zieten, eta %10eko soldata-igoera lortu zuten. Ondorengo urteetan ere emakume langileen borroka ugari izan ziren Araban: 1978an Laudioko Confecciones Lomasen 33 emakume langile kaleratu zituzten, eta bi hilabete baino gehiagoz itxi ziren lantegian; 1979an Durilonen greba eta itxialdia egin zuten gehienbat emakumeak ziren langileek; 1982an, Abetxukoko ehun-fabrika batean langile bat kaleratu ondoren, 40 emakume auzoko elizan itxi ziren. Horiek El Correo Españolen jasotako adibide batzuk besterik ez dira, baina argi erakusten dute 1976aren ondoren emakume langileen borrokak jarraipena izan zuela.

1978an, grebaren ondoren bi urte igarota, lehen aldiz ospatu zen Gasteizen Emakume Langilearen Nazioarteko Eguna. Norte Exprés egunkariak jasotakoaren arabera, Adurtza auzoko kiroldegia bete zuten hiriko 400 emakume inguruk. Bertan, 1976an sortutako aldarrikapen nagusiak berreskuratu ziren: haurtzaindegien beharra, kontziliazio neurriak eta soldata-berdintasuna, besteak beste. Ekitaldi hark agerian utzi zuen emakumeen antolakuntzak hirian utzitako ondarea. Izan ere, 1976aren amaieran sortu zen Arabako Emakumeen Asanblada, urte hartako borroketan parte hartu zuten eta antolatzen jarraitzeko konpromisoa hartu zuten emakumeek osatua. Ekitaldian, gainera, hainbat lantegitako emakume taldeek (Areitiokoak eta Esmaltaciones San Ignaciokoak, besteak beste) eta Arana zein Zaramagako etxeko andreen ordezkariek parte hartu zuten, azken sektore hori ere nolabait koordinatua zegoela erakutsiz. Bertan adierazi zen, besteak beste, emakumeen %70k etxeko lanetan soilik jarduten zuela, eta emakumea lan munduan txertatzea premiazkoa zela, gizartean parte aktiboa izateko lehen urrats gisa.
1976ko Gasteizko greba-prozesuak agerian utzi zuen langile klaseko emakumeek izan zuten zeregin erabakigarria bai mobilizazioaren iraunkortasunean, bai haren eduki politiko eta sozialaren hedapenean. Hasiera batean borroka ez itzaltzeko eta familien biziraupena bermatzeko helburuarekin antolatu baziren ere, prozesuak berak emakumeak subjektu politiko aktibo bilakatu zituen, ordura arte espazio pribatura mugatuta egon zen paperetik harago.
Laburbilduz, 1976ko Gasteizko borrokek langile klaseko emakumeen subjektibazio politikoa bizkortu zuten, eta agerian utzi zuten emakume langilearen parte hartzea ezinbestekoa dela klase borrokan. Irakaspen horiek baliagarri dira gaur egun ere. Izan ere, zenbait esparrutan langile klaseko emakumeen egoerak hobera egin badu ere, emakumeen zapalkuntzak bere horretan jarraitzen du. 2025eko datuen arabera, soldata-arrakala %17,09koa da Estatuan eta %16,47koa Euskal Autonomia Erkidegoan. Halaber, emakumeen %24,8k gutxieneko soldata baino diru sarrera txikiagoak dituzte. Egoera horren jatorria, neurri handi batean, emakumeen lan baldintza kaskarretan dago: lanaldi partzialeko kontratuen nagusitasunean, lana eta familia bateratzeko zailtasunetan, lanpostu apalenetan aritzera behartuta egotean edota lan feminizatuetan aritzeagatik soldata apalagoak jasotzean, besteak beste. Hori guztia kontuan hartuta, 1976ko borroka zein aldarrikapenek gaurkotasun handia dute.
“Gure borroka ez da amaitu. Horizonte zabala irekitzen da gure aurrean eta guk, gure senarrek bezalaxe, geure buruei jarri diegun helburua betetzeko betebeharra dugu: bestelako gizarte bat eraikitzea, askea eta bidezkoa; eta xede hori ahalbidetuko duten oinarriak sortzen hasi beharra dugu ahal bezain laster”. Borrokan dauden fabriketako langileen emazteak. Gasteizen, 1976ko martxoan.