Eta bi adarretan banatu zen 1974an, politiko-militarrean eta militarrean, eta horrek bi antolaketa-egitura berri sortu zituen ETAren helburu estrategikoak aurrera eramateko. Espainiako Trantsizioaren garapenak eta erakunde bakoitzaren borroka politiko eta militarrak elkarrengandik gero eta bereiziago zeuden bi mugimendu politiko sortu zituzten. ETA (pm)-ren barruan, masa-fronte bat sortzeko ideia gero eta indar handiagoa hartzen joan zen, eta eztabaida horien ondorioa EIA (Euskal Iraultzarako Alderdia) sortzea izan zen.

1976ko irailean, Pertur “desagertu” eta hiru hilabetera, hark Otsagabia ponentzian proposatutako tesi politikoak bere egin zituen ETA (pm)-ko militantziaren zati handi batek. ETA (m)-ko bi militante behatzaile zirela, abangoardia iraultzaile gisa jokatu eta soilik esparru politikoan jardungo zuen legezko erakunde bat sortzearen auziak ardaztu zuen VII. Asanblada. ETA (pm)-ren funtzioa, Asanbladan onartutako tesien arabera, borroka armatua garatzera mugatuko litzateke, Euskal Herri Langileak hartu beharko lukeen estrategia politiko-militarraren mesedetan. Borroka armatua, aktan jasotako ebazpenen arabera, Euskal Herriko momentuko “masa-borrokaren garapen orokorraren eta mailaren araberakoa izango da”. Erakunde armatuaren eta etorkizuneko “euskal langileriaren alderdi iraultzailearen” artean ezarritako eskubide eta betebeharren bereizketak jardun politiko eta militar berrirako oinarriak ezarri behar zituen, diktadorearen heriotzarekin eta zetorren fase berriarekin sortutako koiunturaren aurrean. Masa-fronte hori sortzeko, ETA(pm)-k antolaketa-batasuna defendatzen zuen eremu politikoan, “ezker abertzale” gisara ezagun egiten hasia zena ordurako.
ETA (m)-ko bi militante behatzaile zirela, abangoardia iraultzaile gisa jokatu eta soilik esparru politikoan jardungo zuen legezko erakunde bat sortzearen auziak ardaztu zuen VII. Asanblada
KAS Alternatiba (Koordinadora Abertzale Sozialista) 1976ko abuztuan aurkeztu zen, “osatzen duten erakundeen arteko nahitaezko eztabaida-mahai” gisa, eta horrek aldaketa garrantzitsua ekarri zuen koiunturan. EHASek (Euskal Herriko Alderdi Sozialista), ETA (pm)-k eta LAIAk (Langile Abertzale Iraultzaileen Alderdia), fundatzaile gisa, ETA (m)-ren eta LABen laguntzarekin, gutxieneko programa bat adostu zuten, garai hartako espektro politiko osorako batasun programa politiko bat finkatzen joatea helburu. Lehen idatzi horren ardatz nagusietako batzuk honako hauek izan ziren: amnistia, askatasun demokratikoak, Hego Euskal Herriko lau probintzietarako Autonomia Estatutua sortzea edo gorputz errepresiboak desegitea.
KASen ekintza-batasunerako joera hori hautsita geratu zen alternatiba gisa aurkeztu eta hilabete gutxira. LAIAko sektore batek, LAIA (ez) izenekoak ‒kontseiluen komunismoari gertuko korrontea‒, Alternatibatik aldentzea erabaki zuen, eta LAKeko (Langile Abertzaleen Komiteak) militante batzuekin batera, KAA (Komando Autonomo Antikapitalistak) sortu zuten. ETA (pm)-
ren barruan Komando Berezien zatiketa gertatu zen.
Testuinguru horretan aurkeztu zen EIA 1977ko apirilaren 2an, 4.000 pertsonaren aurrean, Gallartako (Bizkaia) frontoian, langile-nortasun errotua duen herrian. ETA (pm)-ko militante ohien multzo garrantzitsu batek osatu zuen alderdiko lehen militantzia, zuzendaritza lan nagusiak bere gain hartuz. Horiekin batera, erakunde armatuarekin aldez aurretik loturarik ez zuten pertsonek, Francisco Letamendia “Ortzi”-k kasu, alderdiarekin bat egitea erabaki zuten. Aurkezpen-mitinari dagokionez, harrigarria izan zen Euskal Herrian hain jendetsua zen ekitaldi politiko batek poliziaren esku-hartzerik jasan ez izana, urte horietan ohikoa baitzen mitinak, manifestazioak eta batzarrak polizia-sirenaz eta tiro-hotsez desegin behar izatea.

1977ko udaberria bereziki gorabeheratsua izan zen Euskal Herrian. Gatazkak gero eta handiagoak ziren lantegietan eta kaleetan. Herritarren aldarrikapenek, amnistia osoak kasu, gero eta babes handiagoa zuten herritarren artean, eta manifestazioek gero eta izaera borrokalariagoa hartu zuten. Maiatzeko Amnistiaren Aldeko Astearen deialdian, Espainiako Poliziak zazpi manifestari hil eta ehunka zauritu zituen Hego Euskal Herriko hainbat lekutan. Langileen grebak areagotu egin ziren, baita langileen aldarrikapenak gauzatzeko presio-neurriak ere. Aldi berean, Espainiako hauteskundeek hainbat eztabaida eta ikuspuntu planteatu zituzten erakunde abertzaleetan. Telesforo Monzonen ekimenez, eta egoera politiko berriaren aurrean ikuspegiak gerturatu asmoz, erakunde abertzale guztiak Txibertan (Lapurdi) elkartu ziren.
EAJk hauteskundeetara baldintzarik gabe aurkezteko asmoak, eta ETA (m)-k eta EHASek amnistia eta askatasun politiko osoa parte-hartzearen aurretik jartzeak eragotzi egin zuten espazio abertzale osoaren balizko baterajotzea. Zatiketa horren ondorioz, EAJk bere kabuz parte hartu zuen hauteskundeetan, eta ETA (m)-k abstentzio aktiboa eskatu zuen. EIAk hauteskundeetara aurkeztuko zen koalizio baten sorreran parte hartu zuen
EAJk hauteskundeetara baldintzarik gabe aurkezteko asmoak, eta ETA (m)-k eta EHASek amnistia eta askatasun politiko osoa parte-hartzearen aurretik jartzeak eragotzi egin zuten espazio abertzale osoaren balizko baterajotzea. Zatiketa horren ondorioz, EAJk bere kabuz parte hartu zuen hauteskundeetan, eta ETA (m)-k abstentzio aktiboa eskatu zuen. EIAk hauteskundeetara aurkeztuko zen koalizio baten sorreran parte hartu zuen. Hauteskundeetan parte-hartze horrek hautsi egiten zuen KAS Alternatibaren gehiengoaren borondatea, eta EIAk hauteskundeetan parte hartzeko borondate argia zuenez, KAS Alternatiba utzi behar izan zuen, eta ondorioz, ezker abertzalearen barruko bi mugimendu nagusien artean arrakalak ireki ziren.
Koalizioa Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan bakarrik aurkeztu zen, “Euskadiko Ezkerra” izenpean. Nafarroan, EIAk UNAI (Unión Navarra de Izquierdas) koalizioaren barruan parte hartu zuen hauteskundeetan, EMKrekin eta OICrekin (Organización de Izquierda Comunista) batera, espazio politiko bera bete asmoz. Hauteskunde horietan, gerora ezker abertzaleko izen enblematikoak izango ziren Periko Solabarria, Iñaki Esnaola eta Patxi Zabaleta aurkeztu ziren bi koalizio horietan. Ortzik eserleku bat lortu zuen Diputatuen Kongresuan Gipuzkoan. Probintzia horretan bertan, EEk beste eserleku bat lortu zuen, kasu horretan Senatuan, Juan Mari Bandresentzat. Hego Euskal Herrian lortu zituzten ia 86.000 botoek, bi ordezkari instituzionalen bitartez, bultzada eman zioten hasieratik koalizioari. Koalizio horretan EIArena izan zen hasieratik gidaritza.
Hauteskundeak egin eta hilabetera, Askatasunaren Ibilaldia antolatu zen Euskal Herrian, batik bat EIAren babesa zuen ekimen plurala, hauteskundeetan abstentzioaren alde egin zuten gainerako erakundeez gain. Ekitaldian, milaka lagunek parte hartu zuten, lau zutabetan banatuta, eta une egokia izan zen hamar euskal militante politiko jendaurrean agertzeko, Espainiako Gobernuak Belgikara estraditatu berriak, Espainiako kartzeletan hainbat urte eman ondoren. Horien artean, pisu sinboliko handiko figurak zeuden, hala nola Teo Uriarte edo Mario Onaindia. 1977ko uztailean ustekabean Hego Euskal Herrira itzuli ziren militante horiek Burgosko Prozesuan epaitu zituzten, eta, azkenean, erabakigarriak izan ziren EIAren eta EEren barruan. Onaindia, urtearen amaieran, batzar orokor batean aukeratu zuten EIAko idazkari nagusi, eta eragin handia izan zuen alderdiaren barruan.
1978ko hasieran lortu zuen EIAk estatus legala, estatutuetan aldaketa batzuk onartu ondoren. Mario Onaindiak, hedabideei egindako adierazpenetan, mugimendu hura helburu berberak lortzeko formulazio desberdina zela defendatzen zuen, alegia, «euskal estatu baten sorrerara begira, burgesiaren estatu-aparatuaren desegitea» bilatzen zela. Estatutu berrietan jaso behar izan zuten aldaketa nagusia independentzia hitza ezabatzea izan zen
Amnistiaren legea, urte hasieratik zenbait sektore politikorekin landua eta 1977ko urrian Suarezen UCDren gobernuak onartua izan zen, eta ETA(pm)-ko eta ETA (m)-ko militante ugari kartzeletatik ateratzea ahalbidetu zuen. Hilabeteak pasa ziren estradizioa eta ondorengo Euskal Herriratze “alegala” hasi zenetik, ETA (pm)-ko azken militantea atera zen arte. Preso politiko ohien zati handi batek garai hartan loratu ziren proposamen politiko ezberdinekin bat egitea erabaki zuen. EIA sortu ondoren, ETA (pm)-ren jarduera militarra nabarmen murriztu zen. ETA (m)-k, aldiz, gaitasun militarra handitu zuen, eta, horrekin batera, aldi horretan egindako ekintza militarrak areagotu.

Bakarra ez izan arren, EIA hauteskundeetara koalizio zabalagoen barruan aurkezteko arrazoietako bat alderdiaren egoera legala zen. Bere sorreran eta Espainiako lehen hauteskundeetan ilegala izandako alderdiak 1978ko hasieran lortu zuen estatus legala, estatutuetan aldaketa batzuk onartu ondoren. Mario Onaindiak, hedabideei egindako adierazpenetan, mugimendu hura helburu berberak lortzeko formulazio desberdina zela defendatzen zuen, alegia, «euskal estatu baten sorrerara begira, burgesiaren estatu-aparatuaren desegitea» bilatzen zela. Estatutu berrietan jaso behar izan zuten aldaketa nagusia independentzia hitza ezabatzea izan zen.
1978ko urte politikoa egituratu zuen gaietako bat Euskal Kontseilu Nagusiaren sorrera izan zen, euskal autonomiaren aurreko organoa, etorkizuneko Eusko Jaurlaritzarako eta haren Autonomia Estatuturako oinarriak ezartzea helburu zuena. EIAk, EEren bidez, proposamen hori onartu zuen, eta Juan María Bandres talde horretara gehitzea lortu zuen, prozesu horretan ikuspegi eraikitzaile batekin parte hartuz. Erabaki horrek, ezker abertzalearen barruan, bi sektoreen arteko arrakala nabarmen areagotu zuen; bata EIA-EEk ordezkatzen zuen, eta bestea KAS Alternatibak. KAS Alternatibak erreforma instituzionalaren aldaera ezberdinetan parte hartzeari uko egiteak barne-tentsioak sortu zituen EIA-EEn. Bi urte atzera ETA (pm)-ren VII. Asanbladan adostutako masen fronte iraultzaile zabala sortzeko ideia erabat agortuta zegoela zirudien. EIAri buruz gizarteak zuen pertzepzioa aldatu egin zen, jada ez baitzen Espainiako erregimen kapitalistarekiko alderdi apurtzailea, eta kalearekiko gero eta distantzia handiagoa zegoenez, alderdiko figura batzuk orduan sortu berria zen Herri Batasunara gerturatu ziren. KAS Alternatiba babesten zuten alderdien koalizioa zen Herri Batasuna, eta EIA-EEren barruan gero eta indar handiagoa hartzen ari zen bide autonomista baztertzen zuen. Alderdia utzi zuen pertsonarik sonatuena Ortzi Espainiako Kongresuko Gipuzkoako legebiltzarkidea izan zen, baina Periko Solabarria edo Iñaki Esnaola bezalako izen garrantzitsuek ere bide bera hartu zuten. Oinarriko militante batek idatzitako hitzok aurkatuak izan ziren alderdiko zuzendaritzaren partetik, hain zuzen, bide autonomistan sakontzen jarraitzeko; eta argigarriak dira ondo islatzen baitute militantziak bi urte lehenago adostutako ildo estrategikoaren eta zuzendaritzaren ekintza politikoaren arteko kontraesan nabarmena: “UCDren logika bere sistema politikoa berrantolatzen saiatzen den oligarkia batena da; EIAren logika, berriz, oligarken demokrazia ezegonkortzea da, askatasunetan sakontzea, langile-demokrazia eta herri-boterea eraikitzen eta sendotzen joatea. Ezinezkoa da EIA eta UCD bat etortzea berehalako proiektu politikoetan, eta ezinezkoa da oligarkiak onartutako proiektu batek herri-interesak islatzea”.
Bi urte atzera ETA (pm)-ren VII. Asanbladan adostutako masen fronte iraultzaile zabala sortzeko ideia erabat agortuta zegoela zirudien. EIAri buruz gizarteak zuen pertzepzioa aldatu egin zen, jada ez baitzen Espainiako erregimen kapitalistarekiko alderdi apurtzailea, eta kalearekiko gero eta distantzia handiagoa zegoenez, alderdiko figura batzuk orduan sortu berria zen Herri Batasunara gerturatu ziren. KAS Alternatiba babesten zuten alderdien koalizioa zen Herri Batasuna, eta EIA-EEren barruan gero eta indar handiagoa hartzen ari zen bide autonomista baztertzen zuen
Euskadiko Ezkerrari lotutako desberdintasun politikoek zein antolaketa mailakoek ez zituzten EIAren barruan bakarrik ondorioak ekarri. Euskal Kontseilu Nagusian parte hartzearekin eta koalizioaren erabakietan bigarren mailako zeregina izatearekin ados ez zeudenez, EMK-k koalizioa uztea erabaki zuen 1978an bertan, eta EIA geratu zen, independente gutxi batzuekin batera, koalizioko kide gisa.

EEren siglek panorama politikoan hartu zuten protagonismoa ez zetorren bat EIAk sorrerako eta ondorengo hilabeteetan ustez zeukan euskal langileentzako abangoardiako alderdiaren ikuspegiarekin. Koalizio batek “Abangoardiako alderdia” xurgatua zuen; koalizio hura, praktikan, eta are gehiago EMKrekin izandako desadostasunen ondorioz azken horiek koalizioa utzi eta gero, alderdiaren kontrolpean zegoen. Pragmatismoaren eta errealismoaren logikak «euskal estatu sozialista eta independentea» eraikitzeko edozein asmo desagerrarazi zuen bide-orritik.
Ortzik, EIA-EE utzi arren, hilabete batzuetan bere eserlekuari eustea erabaki zuen, Diputatuen Kongresura euskal langileriaren aldarrikapenak eramanez, hala nola autodeterminazioa, euskararen defentsa edo estatu sozialista baten eraikuntza. Azkenean, eserlekuari uko egitea erabaki zuen, erreferendumera eraman behar zen Konstituzioari egindako zuzenketak Kongresuan atzera bota ondoren. 1977ko hauteskundeetan Parlamentuan ordezkaritza handiena zuten alderdietako ordezkariek (UCD, PSOE, AP, PCE eta CDC) egindako konstituzio-proposamena eraman zen erreferendumera 1978ko abenduaren 6an. Konstituzio proposamenak Espainiako Estatuko lurralde gehienetan izan zuen babesa; aldiz, kontrastea handia zen Hego Euskal Herrian izandako abstentzio handiari erreparatuz gero. Hego Euskal Herriko biztanleek eskatzen zituzten aldarrikapen nagusiak jasotzen ez zituenez, hainbat alderdik abstentzioaren edo ezezkoaren aldeko apustua egin zuten. EIAren kasuan, erreferendumean parte hartzearen alde egin zuten, eta ezetza eman zuten Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan.

1979an, borondate apurtzailea behin betiko desagertu zela baieztatu zen. Martxoan, erreferendum konstituzionalaren osteko lehen hauteskunde orokorrak deitu ziren. EEk, emaitzei eustea lortu arren (Juan Maria Bandres, Gipuzkoatik), kolpe gogorra jasan zuen. Herri Batasunak, lehen aldiz koalizio gisa aurkeztuta eta ondorengo lau urteetako politika instituzionalean aktiboki parte hartzeko borondaterik gabe, lidergoa kendu zion. EIAren Bigarren Kongresuaren helburua “ildo politikoa autonomiaren aldeko borrokaren etapara egokitzea” izan zen. Aurreko urtean militante askok alde egin zutenez, ez zen egon desadostasun handirik eta bide orri berri hori onartu egin zen. Urte horretara arte ETA (pm)-ren eta EIAren artean egondako oreka pitzatzen hasi zen erakunde armatuak hilabete batzuk lehenagotik indarrean zuen su-etena hautsi zuenean. EIAren zuzendaritzak bultzatutako lerro erreformistaren ondorioz mesfidantza politikoa areagotu egin zen. Zuzendaritzak hartu zuen abangoardia paperak erakunde armatua are gehiago urruntzea eta jarrera kritikoa hartzea eragin zuen. Madrilen egindako ekintza militar baten karietara Juan María Bandresek ETA (pm)-ren aurka egindako kondenaren ondorioz, ordura arte EIA eta ETA (pm)-ren artean zegoen sinbiosia hautsi egin zen.
Gainera, alderdiaren zuzendaritzak alderdiaren sorrerako printzipio ideologikoei inoiz uko egin ez ziela defendatu arren, Euskadiko Autonomia Estatutuaren aldeko kanpaina aktiboa egin zuten, Estatutuaren eraketa prozesuak autodeterminaziorako eskaintzen zituen aukerak zeinen mugatuak ziren jakitun izanda ere. ETA (pm)-k, bere alderdiarekin tentsioa gero eta handiagoa izan arren, 1979ko urriko erreferendumean Estatutuari babesa eman zion, eta herritarrak aldeko botoa ematera deitu zituen. Erreferendum hark aurrera egin zuen emandako botoen % 90ak alde bozkatuta, baina gizartearen % 40ko abstentzioarekin ‒batez ere Herri Batasunak eta ETA (m)-k sustatua‒.
EEren siglek panorama politikoan hartu zuten protagonismoa ez zetorren bat EIAk sorrerako eta ondorengo hilabeteetan ustez zeukan euskal langileentzako abangoardiako alderdiaren ikuspegiarekin. Koalizio batek "Abangoardiako alderdia” xurgatua zuen; koalizio hura, praktikan alderdiaren kontrolpean zegoen. Pragmatismoaren eta errealismoaren logikak «euskal estatu sozialista eta independentea» eraikitzeko edozein asmo desagerrarazi zuen bide-orrit
Estatutua erreferendum bidez onartzeak ez zituen kontuak baretu alderdiaren eta erakunde armatuaren artean. Lehen hauteskunde autonomikoak gainean zeuden, eta ETA (pm)-k atxiloketak eta errepresioa jasaten ari zen, eta antolakundeak planteatzen zituen ekintza militarrak ez ziren onargarriak EIA-EEko zuzendaritzarentzat. Ekintza militar horiek batez ere UCDren inguruaren aurkakoak izan ziren, Nafarroa Hego Euskal Herriko gainerako probintziekin batzea eta euskal preso politikoak askatzea bezalako eskakizunak gauzatzeko helburuarekin. Hego Euskal Herriko hauteskundeen emaitzak berretsi egin zuen Herri Batasunarekiko lehia politikoan zuen gutxiagotasun egoera; izan ere, EIA-EEren eserlekuak (6 vs 11) eta botoak ia bikoiztu egin zituen Herri Batasunak.

UCDren aurkako erasoaldi militar hori areagotu egin zen hauteskundeak igaro ondoren, eta ETA (pm)-k, ordurako aspalditik bere jarduera murriztua izan arren, hainbat ekintza gauzatu zituen. 1980an ETA (pm)-ren hainbat ekintza kritikatu ziren berriro, orduko hartan Mario Onaindiaren ahotik. ETA (pm)-k erabilitako metodoak gero eta bateraezinagoak zitzaizkion alderdiko zuzendaritzari bere praktika politikoa garatzeko, eta jarduera militarrak bertan behera uzteko eskatzen hasi ziren. Eztabaida-aldi baten ondoren, apurka-apurka arrakala hori ixten hasi zen. 1981eko otsaileko Estatu Kolpea eman eta sei egunera, ETA (pm)-k su-etena aldarrikatzea erabaki, eta aste batzuk lehenago bahitu zituen kontsulak askatu zituen.
Espainiako Gobernuaren eta ETA (pm)-ren arteko elkarrizketak egin ziren militantzia armatua bizitza zibilera itzultzeko xedez, eta aldi berean, EIA Euskadiko Ezkerran desegiteko prozesua eman zen. Desegitea alderdiaren beraren zuzendaritzak proposatu zuen EIAren III. (eta azken) Kongresuan
Su-etenaren iragarpenak hurrengo hilabeteetan gertatu ziren hainbat gertaera bizkortu zituen. Espainiako Gobernuaren eta ETA (pm)-ren arteko elkarrizketak egin ziren militantzia armatua bizitza zibilera itzultzeko xedez, eta aldi berean, EIA Euskadiko Ezkerran desegiteko prozesua eman zen. Desegitea alderdiaren beraren zuzendaritzak proposatu zuen EIAren III. (eta azken) Kongresuan, 700 ordezkariren aurrean. Euskadiko Ezkerraren ikuspegia koalizioa izatetik alderdi gisa eraikitzera pasa zen, eta asmoa espektro politiko zabal, euskadizale eta ezkertiarra hartzea zen, Euskadiko PC edo EAJ bezalako alderdiekin zubiak eraiki nahian. Kongresuaren ebazpen hura hasiera batean EIAk euskal langile-klasearen askapenaren aldeko abangoardia gisa bete behar zuen zeregin politikoaren behin betiko ukapena eta suntsiketa izan zen. Espainiako instituzioetan erabat integratzeko praktika politiko progresibo batek eraman zituen horretara, eta tokitan utzi zituzten Perturrek, bere erailketaren aurretik, Otsagabia ponentzian idatzitakoak.
