AKTUALITATEA / Errepresioa
Zupiriak uko egin dio espedientea egin dieten ertzain kopurua aitortzeari
2020-2026 aldiko zenbakiok urteka eta mailaka banatzeko nahiz artxibatutako kasuen kopurua argitzeko eskaerari muzin egin dio Segurtasun sailburuak, eta berak gidatutako saileko bulegoetan galdetzeko esan du.
2026eko ekainaren 18 - 07:23
Zupiriak uko egin dio espedientea egin dieten ertzain kopurua aitortzeari
— ARGAZKIA EFE

Ertzaintzak azken hilabeteotan egin dituen interbentzioak edonon dira hizketagai. Baita Eusko Legebiltzarrean ere. Hala, aurreko astean, Ainhoa Domaicak, PPren eledunak, galdera bat egin zion Bingen Zupiria Segurtasun sailburuari: hain zuzen, galdetu zuen ea 2020. eta 2026. urteen artean zenbat ertzaini egin ote dien espedientea Ertzaintzako Barne Auzien Sailak.

Informazio hori urteka eta mailaka banatzeko eskaera ere egin zion PPko bozeramaileak, alegia, ea zenbat agenteri egin dieten espedientea Oinarrizko, Inspekzioko, Exekutiboko eta Goiko mailetan. Bide batez, artxibatutako espediente kopurua ere eskatu zion Domaicak Segurtasun sailburuari. Zupiriak, alabaina, informazio hori eskura ez duela eta Segurtasun Saileko bulegoetan galdetzeko erantzun zion. Ainhoa Domaica segurtasun-auzien arduraduna da PPren Legebiltzarreko talde politikoan.