AKTUALITATEA / Errepresioa
Zupiria, Loiuko kargen ostean: "Probokazioen eta bultzaden ondorioz sortu zen egoera hori"
"Zenbait momentutan oraindik gure herrian zailtasunak ditugu egoerak eta istiluak modu baketsuan bideratzeko", adierazi du Segurtasun sailburuak. Ertzaintzak jendartean duen ustezko babesa defendatu du.
2026eko maiatzaren 24 - 10:31
Zupiria, Loiuko kargen ostean: "Probokazioen eta bultzaden ondorioz sortu zen egoera hori"
— ARGAZKIA Naiz

Ertzaintzak Loiuko (Bizkaia) aireportuan Global Sumud Flotillako kideak kolpeka hartu eta jendartean haserrea sortu ostean, hitza hartu eta atzoko gertakariei buruzko adierazpenak egin behar izan ditu gaur Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburu Bingen Zupiriak. Komunikabideen aurrean esan duen lehen gauza izan da Ertzaintzak "egun konplikatua" zuela atzo: "Bilbon Europako errugbi finalak ziren; Gasteizen azpiegitura handien kontrako manifestaldi bat izan zen; Gasteizen bertan, arratsaldean, Alaves futbol-taldearen harrera bat zegoen; eta Bilboko aireportuan flotillako kide izandakoen etorrera zegoen". Justifikazio-testuinguru hori jarrita, Loiun gertatutakoaz adierazi du "sentitzen" duela; "eta batez ere sentitzen dugu gertatu behar ez zuelako".

Esan du "gaia hitz eginda" omen zegoela aldez aurretik, "bai aireportuko segurtasun-arduradunekin bai elkartasuna adieraztera joan ziren pertsonekin". Dena den, sailburuak flotillako kideei harrera egiten ari zen jendearen jokabidea seinalatu du batik bat, batzuena "probokazio hutsa" izan zelakoan. "Probokazioen eta bultzaden ondorioz sortu zen egoera hori, eta uste dut ez diela mesederik egiten ez Ertzaintzari ez gizarteari orokorrean. Uste dut ez dela hori gatazkak konpontzeko modua, baina uste dut, beste behin ere, erakusten duela guztiok ez dakigula egoera batzuk normaltasunez kudeatzen", zioen. Eta gaineratu du: "Zenbait momentutan oraindik gure herrian zailtasunak ditugu egoerak eta istiluak modu baketsuan bideratzeko".

Ikerketak zabalik 

Zupiriak iradoki du hainbat ikerketa daudela irekita atzoko gertakarien harira. Azaldu du, "Segurtasun Sailaren arduradun nagusi bezala", bere egiten duela "erantzukizuna", eta zenbait ikerketa egitearekin lotu du ardura hori kasu honetan. Batetik, ikertu egingo omen dute ea "Ertzaintzak Loiuko aireportuan izan zuen jokabidea bat etorri zen edo ez indarrean dauzkan irizpideekin"; baina, bestetik, "han bildutako pertsona batzuen jokabidea egokia izan zen edo ez" ikertzeko asmoa erakutsi du.

Sailburuak ez du balorazio argirik egin nahi izan atzoko gertakarien irudiei buruz, esanez hori auzitegiei eta Ertzaintzako Barne Arazoez arduratzen direnei dagokiela. Hala ere, zehaztu du Loiuko dispositibo polizialaren helburua zela flotillako kideek "euren zain zeudenen agurra jaso ahal izatea" eta "aireportua uzten ari ziren pertsonek hura normaltasunez utzi ahal izatea", baina ez zela bete. "Irudiak ikusita, nabarmena da ez genituela ez bata ez bestea lortu".

Ertzaintzak duen ustezko babesa aldarrikatu du

Loiuko eta Gasteizko gertakarien ondoren, alaveszaleen aurka ere kargatu baitzuten atzo ertzainek, Zupiriak defendatu du Ertzaintzak "atxikimendu" handia omen duela jendartean: "Ertzaintza da euskal gizartean konfiantza handiena sortzen duen autogobernu-instituzioetako bat. Horiek horrela, hedabideen aurrean aitortu du nolabaiteko "kezka" eragiten diotela atzoko jazoerek, eta "jakitun" dela, Loiuko aireportuko gertaeren kasuan, tartean dela "Europa osoan eta bereziki Euskadin sentsibilitatea sortu duen gai bat"; alegia, "palestinar herriaren kausa".