AKTUALITATEA / Sexu-esplotazioa
Zortzi pertsona zigortu dituzte Iruñean, sexu esplotaziorako emakumeen salerosketa egiteagatik
Bi emakume nigeriar prostituzioan aritzera behartzeagatik, zortzi pertsona zigortu ditu Nafarroako Auzitegiak. Epaileak ebatzi du pertsonen salerosketan jardun dutela, sexu esplotaziorako helburuarekin. Auzipetuei ezarritako zigorrak bi eta 12 urte arteko kartzela zigorrak dira, baita kalte ordainak ere.
2019eko abenduaren 5
Zortzi pertsona zigortu dituzte Iruñean, sexu esplotaziorako emakumeen salerosketa egiteagatik

Gaur, osteguna, zortzi pertsonaren aurkako epaia jakinarazi du Nafarroako Auzitegiak. Bi emakume prostituzioan aritzera behartu izanagatik zeuden auzipetuta lau gizonezko eta lau emakume. Izan ere, Nigerian bi emakume (haietako bat, adingabea) erakarri, eta Iruñera (Nafarroa) bideratu zituzten, ondoren, prostituta modura jardun zezaten Agustinosen.

Hala, Nafarroako Auzitegiko Bigarren Sailak ebatzi du pertsonen salerosketan aritu direla zortzi epaituetatik zazpi, sexu esplotaziorako helburuarekin. Bestalde, prostituziorako bortxazko determinazio delitua ere barnebildu du ebazpenean auzitegiak; baita ezkutuko immigrazioari mesede egin izanaren delitua ere.

Emakumeen salerosketa; tipifikaziotik harago

Espainiako Estatuan, pertsonen salerosketak bost milioi euro ekoizten ditu egunean; drogaren negozioaren atzetik, estatuko bigarren jardun nagusia da murgildutako ekonomia jardueren artean. Are gehiago, pertsonen salerosketaren %90 prostituziora dago bideratuta.

Pertsonen salerosketa zigortua bada ere, hainbat dira kasu horiek aurkitzen dituzten zailtasunak; prostituzioan jarduten duten emakumeen aurkako eta immigrazioaren aurkako legediak emakumeen salerosketa salaketekin nahasten dira, eta ziurgabetasun egoera horren aurrean, gutxi dira salaketak aurkezten dituzten emakumeak.