AKTUALITATEA / Espetxea
Zigor Garro Frantziako Estatutik kanporatzeko prozesua abiatu dute
13 urteko espetxe zigorra osorik bete ostean, Zigor Garroren aurkako prozesu administratibo bat jarri dute martxan, momentuz, Frantziako Estatutik kanporatzea eragingo duena. Azarotik baldintzapeko askatasunean egon da oreretarra, eskumutur telematikoak kontrolatuta, Hendaian bizitzen. Epaitegiek ez diote erantzunik eman defentsak "lurralde debekua altxatzeko egindako eskaerari", eta antza, kanporaketa gauzatu ondoren izango da audientzia.
2020eko maiatzaren 4
Zigor Garro Frantziako Estatutik kanporatzeko prozesua abiatu dute

Martxan da Zigor Garro Frantziako Estatutik kanporatzeko prozesua. Preso politiko ohia baldintzapeko askatasunean egon da iazko arazotik, eskumutur telematikoa soinean, Hendaian (Lapurdi) bizitzen. Ezarri zioten 13 urteko kartzela zigorra bete du dagoeneko, baina aurreko astean jaso zuen jakinarazpenaren arabera, momentuz debekatu egingo diote Frantziako Estatuan bizitzea.

Bihar, maiatzak 5, PAFek Hendaian duen komisaldegitik pasatu beharko du Garrok. Maritxu Paulus Basurco abokatuaren arabera, "erabaki administratibo bat" da uneotan abian dena, eta gainera, epaitegiek Garrori "lurralde debekua altxatzeko egindako eskaerari" entzungor egin ostean gauzatuko dena.

Defentsak, preso politiko oreretarrari espetxe zigorra arintzeko eskakizuna aurkeztu zuenean, "behin betiko lurralde debekua" kentzea ere eskatu zuen. Ordutik, ziurgabea izan da noiz izango zen auzia, baina orain konfinamendua indarrean dela, "audientzia egitea ez dela posible" esan dute.

Hortaz, prozedura administratiboari jarraiki, kanporatu egingo dute Garro, eta horren ondoren izango da auzia. Oraindik ez dago data zehatzik.