AKTUALITATEA / Soldata sistema
Ziburuko langile bat hil da Landetan, industria enbutu batera erorita
Biofindegi batean garbiketa-lanak egiten ari zela izan zuen istripua atzo 28 urteko langileak. Aurten, Euskal Herriko gutxienez 11 behargin hil dira soldatapean lanean.
2023eko martxoaren 8
Ziburuko langile bat hil da Landetan, industria enbutu batera erorita

Ziburuko (Lapurdi) langile batek galdu zuen bizia atzo Landetako Tartas herrian, Ryam biofindegiko mantentze-lanetan. Dirudienez, eta fiskaltzaren arabera, tximinia bat garbitzen ari zen 28 urteko langilea, baina industria enbutu handi batera jausi zen atzo goizean. Industria hauts eta kedar azpian harrapatuta geratu zen, eta fiskaltzak dio hauts toxiko horiek arnasteak eragin ziola bihotz-biriken geratze bat beharginari.

Aurreko ostiralean, langile bat hil eta beste bat zauritu zen Baionako (Lapurdi) tailer batean, pintura kabina batetik erorita. Iturri sindikalen arabera, urtea hasi zenetik, Euskal Herriko 11 langilek galdu dute bizia soldatapean lanean.