AKTUALITATEA / Soldata sistema
Zestoako lantokia itxi nahi du GRI Castingsek, 61 behargin kalean utzita
Azken zazpi urteetan galera "handiak" izan dituela dio enpresak, eta sindikatuekin itxierari buruzko xehetasunen inguruan hitz egiteari ekin dio jada. 2014an ere itxi zuten lantegia, eta 85 langile kaleratu zituzten; handik bi urtera ireki zuten berriz, izena aldatuta.
2023eko martxoaren 8
Zestoako lantokia itxi nahi du GRI Castingsek, 61 behargin kalean utzita

GRI Castings enpresak ohar bidez jakinarazi du Zestoako (Gipuzkoa) lantokia zarratuko duela, eta, lan-erregulazioko espediente baten bidez, kalean utziko dituela han aritzen diren 61 langileak. "Ekoizpen arazo larriei" heldu die enpresako zuzendaritzak: azken zazpi urteetan galera "handiak" izan direla eta Zestoako lantegia "bideraezina" dela dio. Eolikoen sektorerako eta automoziorako piezak ekoizten ditu GRI Castingsek.

Zuzendaritzak dio atzo bildu zela sindikatuekin, eta haiei fabrikaren itxieraren inguruko xehetasunak jakinarazten ari dela jada. "Akordio egoki bat" lortzeko borondatea omen du enpresak.

Lehen beste izen bat zuen Zestoako lantokiak: TS Fundiciones. Hala ere, 2014an itxi zuten, orduan ere, ekoizpenari lotutako arrazoiak argudiatuta. 85 langile geratu ziren kalean. Handik bi urtera, 2016an, berriz ireki zuten fabrika, izen berriarekin: GRI Castings. Gestamp konpainiaren jabetzako Iraeta Windek lantegia erosi ostean izan zen irekiera.