Los 40-ri ez lelotzat hartuta, uztailaren 30erako, deialdi indartsu bat egin dute Zarauzko (Gipuzkoa) Gaztetxearen bueltan antolatzen diren hainbat kolektibok; Danda Gazte Asanbladak, Arraio Irratiak, Lege Berriak eta Zaratazarautzek tartean. Los 40 irrati-kateak urteak daramatza Zarautzen makroekitaldi bat antolatzen: udaro, Los 40 Summer Live Festival musika-jaialdia egiten du malekoian. Ekimenak, baina, hasieratik jasan ditu herri-mugimenduen kritika ugari, eta kontrakotasun hori kontradeialdi gisara antolatu dute aurten hainbat kolektibok.
Uztailaren 30ean izango da egitaraua, Los 40 Summer Live egiten den leku berean; malekoian dagoen Dama eskulturaren ondoan, alegia. 18:30erako jarri dute hitzordua, Azken Portu auzoko Plaza Gorrian elkartu eta karro-poteo batekin mugituko baitira malekoirano. Bertara iristean, Zarauzko eta inguruko hainbat musika-taldek eskainiko dute kontzertu bat: Putzu Beltzean, Ithaka eta Martin de Marte arituko dira. Horren ondoren, Gaztetxean jarraituko du egitarauak, DJ Ixeta eta DJ Jaleoren eskutik.
Antolatzaileek salatu dutenez, Los 40 Summer Livekin kontrajarritako eredu baten alde prestatu dute egitaraua, "argi dagoelako zarauztarrok ez dugula nahi Los 40 Summer Live Festival"; "Gaztetxeen eta antolakuntzaren ereduaren alde eta Zarautz agertoki turistiko bat bihurtzearen kontra egingo dugu".
Ohartarazi dute Los 40-ren ekitaldiak "Zarautz mundu eta Espainia mailako turismoaren agertokian jartzea" bilatzen duela, "betikoak turismoaren kontura aberastu" daitezen, eta, gainera, udaletik (EAJ) "sekulako diru-partidak bideratzen" direla jaialdi horretara. Dirua soilik ez: "azpiegitura, dezibelio eta espazioari" lotutako "errastasun denak" ematen dizkio udalak makrojaialdi horri, "herriko eragileei oztopoak besterik ez" dizkienean jartzen, seinalatu dutenez. Horri guztiari ezetz esango diote hilabetearen bukaeran, beste urte batez, makrojaialdia eta indartzen duen eredua gaitzetsiz.