AKTUALITATEA / Sindikalismoa
Zamudioko Pine Equipos Electricos lantegiko beharginek grebara jo dute
Zuzendaritzak aurkeztutako enplegu-erregulazioko espedienteari aurre egitea eta kaleratzeak geldiaraztea dute helburu langileek. Patronalak 60 langiletik 40 kaleratzeko asmoa iragarri du, "egoera koiunturala" argudiatuta. Beharginek lau orduko lanuzteak eta mobilizazioak egingo dituzte bi astez.
2021eko uztailaren 7
Zamudioko Pine Equipos Electricos lantegiko beharginek grebara jo dute

Gaur, hilaren 7an, lanuzteak hasi dituzte Zamudioko (Bizkaia) Pine Equipos Electricos enpresako langileek. Bi aste iraungo duen grebari ekin diote, zuzendaritzak aurkeztutako enplegu-erregulazioko espedientea eta kaleratzeak geldiarazteko asmoz. Zuzendaritzak 60 langiletik 40 kaleratzeko asmoa du, pandemian ohikoa izan den aitzakia baliatuta: "egoera koiunturaleko zailtasunak".


Soldatapekoek, ordea, ez dute argudio hori onartzen; koiuntura "kaleratzeak egiteko erabiltzea" leporatzen diote patronalari. Gauzak horrela, "bestelako aterabideak negoziatzea" aldarrikatu dute. Bilboko (Bizkaia) Iberdrola dorrearen aurrean elkarretaratu dira gaurkoan.