AKTUALITATEA / Errepresioa
Zaballako preso bat eraila Santiago ospitalean, Ertzaintzaren "esku-hartze gogorraren" eraginez
Gaixotasun larri bat zela-eta, Santiago ospitalera mugitu zuten Zaballako kartzelan preso zegoen pertsona bat. Osasun-langileekin "liskarra" izan zuen han, eta "gogor" azpiratu zuten ertzainek, bihotz-biriketako geldialdia eraginez. Hala, gaur baieztatu dute Santiagon zendu dela presoa.
2020eko apirilaren 17
Zaballako preso bat eraila Santiago ospitalean, Ertzaintzaren "esku-hartze gogorraren" eraginez

Arabako Salhaketak gaur, apirilak 17, jakinarazi duenez, Zaballako (Araba) espetxean preso zegoen pertsona bat erail dute Gasteizko (Araba) Santiago ospitalean. Antza, duela egun batzuk mugitu zuten ospitalera, "gaixotasun larri bat" zela-eta ebakuntza bat egiteko. Gaitzaren ondorioz, "patologia fisiko zein psikikoak" zituen presoak.

Santiagon, baina, osasun-langileekin "liskarra" izan zuen, eta "gogor esku-hartu" zuten ertzainek. Presoa azpiratu eta mendean hartu zuten; hala, bihotz-biriketako geldialdia izan zuen. Egun batzuk beranduago zendu da ospitalean bertan.

Hainbat hedabideren arabera, gaixotasun larri bat zuenez, baldintzapeko askatasuna emana zioten hildakoari. Dena den, seniderik ez zuenez, espezializatutako zentro batera joateko esperoan zegoen Zaballako kartzelan.

Espetxe-iturrien arabera, erizainetako bati eraso eta mehatxu egin zion presoak, eta Ertzaintzak horregatik azpiratu zuela adierazi dute.