"Antisemitismo modu berriei" aurre egitea aitzakiatzat hartuta, Palestinarekiko elkartasuna eta Israelekiko jarrera kritikoa zigortzeko lege-proiektu bat dauka esku artean Frantziako Gobernuak. Yadan Legea izenez ezaguna, proiektu sionistarekiko erresistentzia-taldeen alde agertzea eta Israelen desegitea eskatzea har ditzake jomugan neurri berriak. Besteak beste, "terrorismoari gorazarre" egitearekin lotu ditzakete hainbat adierazpen publiko, zazpi urterainoko kartzela-zigorrekin eta 100.000 eurorainoko isunekin; eta, lehenengoz, "Estatuaren ukazioa" ere zigortzeko moduko jarrera bat bihur daiteke.
Kritikak eta polemika sortu ditu Yadan Legeak, baita protestak ere: Baionan (Lapurdi), aurreko larunbat goizean egin zuten lege-proiektua gaitzesteko manifestazio bat, Baiona Palestinarekin kolektiboak antolatuta. "Antisemitismoa borrokatzearen aitzakiapean, lege horrek herri palestinarrarekiko sustengua oraindik gehiago kriminalizatzeko eta adierazpen zein protesta eskubidea oraindik gehiago murrizteko xedea du. Estatuaren autoritarismoa indartzen duen dinamika sakontzen du", seinalatu zuten mobilizazioaren amaieran. Kritikatu zuten, hain zuzen ere, "sionismoari eta Israelgo Estatuari buruzko kritika oro juduen kontrako gorrotoarekin berdintzen" duela lege-proiektuak, eta "nahasketa biziki larria" dela hori.
Horiek horrela, gogorarazi zuten "palestinar herriaren kanporatzea, desjabetzea eta bere eskubideen ukazioa oinarri duen estatu genozida, kolonialista eta supremazista horren existentzia", alegia, Israelen existentzia, "herri palestinarraren zapalkuntzaren kausa" dela. "Israelgo Estatuak existitzen segitzen dueino, aterabide justu eta iraunkorrik ez da posible izanen", xehatu zuten. "Palestinar herriarekiko elkartasuna mehatxu, zentsura edo intimidazio bidez isilarazteko saiakerak" gaitzetsi zituzten beraz, eta jakinarazi zuten "palestinar herriak bere askatasunaren alde eramaten duen borroka osoki sustengatzen segituko" dutela. "Ez da isilaraziko gaituen legerik, ezta gibeleraziko gaituen intimidaziorik ere".