AKTUALITATEA / Errepresioa
Voxen jazarpena Barakaldoko txosnagunean
Alderdi faxistako kideak atzo bertaratu ziren txosnagunera, bideo bat grabatzeko asmoz, baina gazte batek adierazi zien ez direla ongietorriak. Ertzaintza bertaratu eta bi pertsona identifikatu zituen, eta salaketa bat aurkeztu duela dio Voxek. Txosnaguneko aldarri politikoak hartu dituzte jomugan faxistek; aurreko ostiralean, Polizia bertaratu eta hainbat pankarta kendu zituen.
2026eko uztailaren 14 - 09:21
Voxen jazarpena Barakaldoko txosnagunean

Berriz ere jopuntuan daude Barakaldoko (Bizkaia) txosnak eta bertako aldarrikapen politikoak, kasu honetan, Vox alderdi faxistaren ekimenez. Atzo arratsaldean, Bizkaiko Voxeko hainbat kide joan ziren txosnagunera, bertan bideo bat grabatzeko asmoz: argitaratu duten oharrean aditzera eman dute txosnetako mezu politikoak kriminalizatzeko bideo bat egin nahi zutela. Bada, faxistengana hurbildu zen gazte bat eta bideoa grabatu zedila oztopatu zuen, Voxekoei esanez ez zirela ongietorriak bertan. Poliziari hots egin zioten faxistek, eta bi lagun identifikatu zituen Ertzaintzak, Voxi babesa emanez beste behin ere.

Bizkaiko Voxek Instagramen zabaldu duen oharraren arabera, pertsona horien aurkako salaketa bat ipini du "hertsapenagatik", "gorroto-delituaren larrigarriarekin". Faxistek gaineratu dute "ETAren aldeko propaganda" gaitzestea zela euren asmoa, zein propagandari erreferentzia egiten ari diren zehaztu gabe.

Joan den asteburuan hasi dira Barakaldoko Karmen Jaiak, eta lehenengo unetik egon dira arriskuan txosnaguneko aldarri politikoak. Goigorri Konpartsak eta Askaberrik salatu dutenez, ostiral gauean txosnetara bertaratu ziren 20 bat ertzain eta udaltzain, eta hainbat pankarta kendu zituzten indarrez; tartean, Israelen eta indarkeria polizialaren kontrako pankarta batzuk.