Voxek Gasteizen duen egoitza, San Martin auzoan kokatua, birritan seinalatu dute azken egunetan: harri handiak jaurti eta pintaketak egin dizkiote, eta alderdi faxistak dio lokalari su ematen ere saiatu omen dela norbait. Harriak botatzea izan zen alderdi faxistaren egoitzaren aurkako lehen ekintza, izan ere, badirudi hainbat ezezagunek zenbait kiloko harri batzuk jaurti zituztela Teodoro Dublang Margolariaren kalean dagoen kontra, sarrerako ateko kristalak hautsiz. Arabako Voxek berehala adierazi zuen salaketa jarri zuela Ertzaintzaren komisarian.
Alderdiaren esanetan, ez da Arabako egoitzak "ekintza bandalikoak jasaten dituen lehenengo aldia". Esan du aurretik ere margoketak egin izan dituztela bertan, baina dena den, "lehen aldia" dela "harriak erabiltzen dituztela eta maila honetako txikizioak sortzen dituztela". Voxek ez du oraingoz ekintzen inguruko hipotesirik eskaini, ezta arrazoiari buruzko hipotesirik ere. Ertzaintzak ikerketa abiatu omen du egileak identifikatzeko, baina ez du susmagarriei buruzko xehetasunik eman, eta inguruko segurtasun-kameren irudiei buruzko informaziorik ere ez du ezagutarazi.
Testuingurua: Voxen erasoak eta kanpaina, Errekaleorren eta okupazioaren aurka
Azken gertakari horiek Gasteizko Errekaleor auzoan azken egunetan bizitzen ari diren indarkeria-gorakadaren ondoren etorri dira. Joan den asteazkenean, auzoko bizilagunek salatu zuten hamabost bat pertsonako talde batek eraso egin ziela: haien testigantzen arabera, Ertzaintzak bultzatu zituen Errekaleorrera joatera eta proiektua osatzen duen etxeetako batera sartzera. Erasotzaileak, gertu dagoen URSSA lantegian bizi direnak, makilekin, burdinekin eta harriekin armaturik agertu ziren Errekaleorren, eta hainbat zauritu eragin zituzten, horietako bat larria: auzokide bati garezurreko hainbat hezur hautsi zizkioten harrikada baten ondorioz. Errekaleor Biziriken esanetan, Poliziak eraso hori sustatu eta babestu zuen, eta erasotzaileek "euren babesean" jardun zuten.
Gatazka horrek badu beste aurrekari zuzen bat: Voxeko zenbait kidek Errekaleorrera egin zuten bisita bat duela bi aste, apirilaren 29an, Ertzaintzak eskolta emanda. Hala Bedi-k jakinarazi zuenez, alderdi faxistako kideak auzoan ibili ziren bideoak grabatzen, eta okupazioaren aurkako mezuak zabaltzeko baliatu zuten bisita. Asteazkeneko gertakarien ostean, Voxek Errekaleorren aurkako jazarpen-kanpaina areagotu du, irainak eta desalojorako deiak argitaratuz. PPk ere bat egin du kanpainarekin.
Santiago Abascalen alderdia "biktima" gisa aurkezten den bitartean, Errekaleorreko bizilagun batek ospitalean jarraitzen du, garezurra hautsita.