AKTUALITATEA / Faxismoa
Voxeko faxistak probokatzera joango dira Gasteizko campusera, astelehenean
Júlia Calvet Puigek campusean antolatu du prentsaurreko bat, eguerdiko 12:30ean. "Voxen ez dago galdutzat ematen dugun plazarik", adierazi du.
2026eko otsailaren 19
Voxeko faxistak probokatzera joango dira Gasteizko campusera, astelehenean
— ARGAZKIA Gasteiz Hoy

Vox alderdi faxista Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU) izango da, Gasteizko (Araba) campusean hain zuzen ere. Unibertsitate publikoko ikasleek faxismoaren aurka ipinitako pankarta batzuk hartu ditu aitzakiatzat Voxeko gazterien bozeramaileak, Júlia Calvet Puigek, Arabako campusa jopuntuan jartzeko eta, bertan, prentsaurreko batera deitzeko.

Datorren astelehenean egin nahi du agerraldi bat Calvetek, eguerdiko 12:30ean, Unibertsitateko Pasealekuko 7. zenbakian. X sare sozialean zabaldu du deialdia. "Voxen ez dago galdutzat ematen dugun plazarik. Bertan ikusiko dugu elkar", gaineratu du.

Alderdi faxistaren probokazio horren berri izan bezain pronto, alarma piztu da Gasteizko ikasleen artean, eta mobilizazio bat antolatu dute faxismoari ezetz esateko. Astelehenean bertan izango da, 12:00etan, Gasteizko Farmazia Fakultateko sarreratik hasita.