Vito Quilesen egoera judiziala nabarmen zaildu da bera bilatzeko eta atxilotzeko agindu bat indarrean sartu ostean. La Razón-ek atzo aurreratu zuenez eta El Plural-ek baieztatu zuenez, kasuaz arduratzen den instrukzio-epaitegiak kautelazko neurri hori aktibatu du Quilesen aurka, aurrez, hainbat zitazio judizialetara aurkeztea saihestu duelako. Hainbat polemika ditu zabalik auzitegietan, gehienak Espainiako Gobernuko kideekin eta ezkerreko esparru politikoko ordezkariekin izandako liskarrekin eta salaketekin lotutakoak. Hori dela eta, epaileak presioa areagotu du probokatzaile faxista agertu dadila bermatzeko.
El País-en arabera, hasiera batean, Quilesen etxebizitzara joan ziren Espainiako Poliziako hainbat agente, bera aurkitzeko asmoz. Ez zuten lortu, ordea. Horren ondoren, EDA TV-ren egoitzara joan ziren agenteak. Javier Negrek zuzentzen du "komunikabide" hori, eta Quilesek lan egiten du bertan, Madrilgo Lagasca kaleko egoitzan. Lehen saiakeran bezala, poliziek ezin izan zuten Vito aurkitu. Bere abokatuak "zentzugabekeriatzat" jo ditu jardunbide polizialak, argudiatuz aukera zegoela egoera "berari edo prokuradoreari jakinarazteko". Dena den, onartu du bere bezeroak "bost auzi" dituela irekita gaur egun, eta ez dakiela horietako zeini erantzuten dion zehazki atxilotzeko eskaerak.
Quilesek publikoki hartu zuen hitza X sare sozialeko bere kontuaren bidez, gobernuaren aurka egiteko eta "instituzioen instrumentalizazioa" salatzeko. Bere mezuan, Quilesek esan zuen epaile batek bera atxilotzeko agindua eman zuela "Sanchezen inguruak egindako salaketa masiboen kanpaina baten ostean", Begoña Gomezekin bilera bat izan eta gero. Honako hau gaineratu zuen hitzez hitz: "Gobernuak Justizia erabiltzen du aurkariei arrazoirik gabe jazartzeko, baina gero biktimizatu egiten dute beren burua euren ustelkeria epaitzen dutenean. Atzerapausorik ez". Probokatzaile faxistaren adierazpenak gorabehera, iturri ofizialek oraindik ez dute zehaztu zein izan den oraingo atxilotze-agindua eragin duen prozesu judizial zehatza.
Horren aurretik, Diputatuen Kongresuak behin betiko kendu zion prentsako akreditazioa Quilesi, Behe Ganberan behin eta berriz istiluak izan eta korridoreetan hainbat agintari politikorekin tirabirak izan ondoren. Duela hilabete inguru, Espainiako Poliziak Carrera de San Jeronimo kalera sartzea galarazi zien Quilesi eta Bertrand Ndongo probokatzaileari; Vox talde parlamentarioak gonbidatu zituen eztabaida batera, euren prentsa-akreditazioak indargabeturik zeudenean jada. Taxian alde egin behar izan zuten lekutik.