AKTUALITATEA / Sindikalismoa
Vianako Defontaine Ibericako langileek greba mugagabea hasiko dute apirilaren 26an
Enpresako zuzendaritzak joan den ostiralean iragarri zuen 37 behargin kanporatzeko eta ateak ixteko asmoa duela, ekoizpena Tunisiara lekualdatzeko. Horren aurrean, langileek erabaki dute greba mugagabea hastea hilaren 26tik goiti.
2021eko apirilaren 21
Vianako Defontaine Ibericako langileek greba mugagabea hasiko dute apirilaren 26an

Enpresa zarratzeko asmotan dago Vianako (Nafarroa) Defontaine Ibericako zuzendaritza, lantokiko jarduera Tunisiara tokialdatu nahi baitu enpresak. Aurreko ostiralean eman zuen asmoen berri; 37 langile kaleratuko lituzke horrekin.

Apirilaren 16an batu zen langileen ordezkaritza enpresako zuzendaritzarekin, eta behargin guztiak kanporatzea eta enpresa ixtea erabaki zuela adierazi zuten zuzendaritzako kideek.

Egoera horren aurrean, apirilaren 26an greba mugagabea hasiko dute Vianako langileek. Ibilgailuak hornitzeko piezak ekoizten dituzte Defontaine Iberican, eta enpresa Frantziakoa izanik, dagoeneko egonkortuta dauka jarduna Tunisian, han jarri dituztelako martxan planta gehienak.