AKTUALITATEA / Arrazakeria
Valtierran jaiotzak sustatzeko dirulaguntza bat ikertzen ari dira, arrazista izan daitekeelakoan
Laguntza jasotzeko baldintzetako bat da Valtierran gutxienez hogei urtez erroldatuta egon izana. Nafarroako Arrazakeriaren eta Xenofobiaren aurkako Bulegoa ari da deialdia ikertzen.
2024eko azaroaren 8
Valtierran jaiotzak sustatzeko dirulaguntza bat ikertzen ari dira, arrazista izan daitekeelakoan
— ARGAZKIA Atrapa el Norte

Valtierran (Nafarroa), jaiotzak sustatzeko dirulaguntza bat abiatu du udalak (UPN), baina kolokan jarri dute orain, baldintzak arrazistak direla iritzita. Izan ere, laguntza hori jasotzeko baldintzetako bat da Valtierran gutxienez bi hamarkadaz erroldatuta egon izana, eta kanpo geratuko lirateke bertan hogei urte baino gutxiago daramaten pertsonak.

Une honetan, beraz, dirulaguntzaren deialdia aztertzen ari da Nafarroako Arrazakeriaren eta Xenofobiaren aurkako Bulegoa. Carmen Maeztu Nafarroako Gizarte Eskubideen kontseilariaren esanetan, udalak azaldu egin beharko du zein diren "Valtierran jaio arren bertan erroldatuta hogei urte ez daramaten herritar horiek" edo "iritsi berri direnak" diskriminatzeko arrazoiak, jaiotzak bultzatzeko neurrian.