AKTUALITATEA / Gazte topagune sozialista
Uztailean izango da aurtengo Gazte Topagune Sozialista, Durangon
Gaur aurkeztu dute aurtengo Gazte Topagune Sozialista IAk eta GKSk. Azaldu dutenez, "antolakuntzarako deia zabaltzeko elkargune bat" izango da oraingoan ere, "komunismoaren gaurkotasunaz nahiz gazteok modu independentean antolatzeak duen garrantziaz eztabaidatzeko eta solas egiteko espazio bat" sortzea baitute helburu. "Aisirako eta ospakizunerako" aukera ere eskainiko dute.
2022eko maiatzaren 26
Uztailean izango da aurtengo Gazte Topagune Sozialista, Durangon

Iaz, urrirako antolatu zuten Gazte Topagune Sozialista Ikasle Abertzaleakek eta Gazte Koordinadora Sozialistak. Milaka gazte bildu ziren Altsasun (Nafarroa), bost egunez. Aurten ere sortuko dute elkargune sozialista bat bi antolakundeek, udan: Durangon (Bizkaia) izango da 2022ko edizioa, uztailaren 20tik 24ra bitartean, hain zuzen.

Aurten ere "hausnarketa politikorako eta komunitate politikoa indartzeko espazio" bilakatu nahi dute Topagunea. "Antolakuntzarako deia zabaltzeko elkargune bat" izango da; "izan ere, krisi testuinguru honetan, asko gara antolakuntza independente baterako hautua egin dugunok". "Oinarrizko eskubideen ezabapenaren, bizitzaren garestitzearen, eta oro har, bizi-kalitatearen okertzearen aurrean, komunismoaren beharra mahaigaineratu nahi dugu. Horixe da, beraz, Topagunearen helburu zentrala: komunismoaren gaurkotasunaz nahiz gazteok modu independentean antolatzeak duen garrantziaz eztabaidatzeko eta solas egiteko espazio bat izatea", nabarmendu dute IAko eta GKSko kideek.

Horretaz gain, ordea, "aisirako eta ospakizunerako" aukera ere eskainiko dute Topagunean. Datozen asteetan azalduko dituzte egitarauaren xehetasunak, eta aurki jarriko dituzte salgai sarrerak.

Ikusi hemen aurtengo Gazte Topagune Sozialista aurkezteko egindako bideoa