AKTUALITATEA / Indarkeria matxista
Urteko lehen hiru hilabeteetan, ia 1.500 emakumek salatu zituzten eraso matxistak EAEn
Ia %70 izan ziren bikotekideek edo bikotekide ohiek egindako erasoak, Emakunderen arabera.
2026ko maiatzaren 13 - 11:34
Urteko lehen hiru hilabeteetan, ia 1.500 emakumek salatu zituzten eraso matxistak EAEn

Emakumearen Euskal Erakundeak (Emakunde) bildutako datuen arabera, 2026eko lehen hiru hilabeteetan, EAEn 1.484 emakumek salatu zuten eraso matxistaren bat jasan izana. 2025eko lehenengo hiru hilabeteetako zifrekin alderatuta, %7 egin dute gora salaketek.

Aurtengo kasuei erreparatuta, salatutako eraso gehienak biktimen bikotekideek edo bikotekide ohiek egindakoak dira, %69,4 hain zuzen ere (1.300 salaketa). Hortaz, igo egin dira mota horretako erasoei lotutako salaketak, duela urtebete baino %1 gehiago izan baitira (1.109 salaketa 2025eko aurreneko hiru hilabeteetan).

"Familia barruko indarkeriatzat" jotzen dena (kategoriak kanpoan uzten ditu bikotekideek edo bikotekide ohiek egindako erasoak) areagotu egin da, gainera: %11,6ko gorakada izan du urtarrilean, otsailean eta martxoan zehar, ia 300 biktimarekin. "Sexu-askatasunaren aurkako delitutzat" hartutakoak jasan dituzten emakumeak, berriz, gutxienez 156 izan dira urteko lehen hiru hilabeteetan.