AKTUALITATEA / Zentro sozialistak
Urtebete egingo du Burgosko Gazte Zentro Sozialistak
Irailaren 30ean ospatuko dute Zentro Sozialistaren 1. urteurrena. "Gure jardun politikoa garatzeko espazioak erabakigarriak dira gazteria langilearen antolakuntzarako", aldarrikatu dute Prozesu Sozialistaren aldeko Elkarguneko kideek.
2023eko irailaren 21
Urtebete egingo du Burgosko Gazte Zentro Sozialistak

2022ko irailean eman zuten Burgosko Gazte Zentro Sozialistaren (Centro Juvenil Socialista, gazteleraz) irekieraren berri, eta irailaren 30ean aurkeztu zuten proiektua jendaurrean. Urtebete beranduago, datorren irailaren 30ean, Zentro Sozialistaren aurreneko urteurrena ospatuko dute.

Arratsaldeko 18:30ean elkartuko dira espazioan (Orfeón Burgalés plazako 1. zenbakia), eta hitzaldi batekin emango diote hasiera egitarauari: Ofentsiba kapitalistaren kontra, erronka berriak gazte antolakuntza sozialistara bidean. 19:30ean hasiko dira kontzertuak, eta Sandra Castillo, Kalas ft Legend 09400 eta Improbus arituko dira. Gauean, 23:30etik aurrera, Smaw DJ Set saioa izango da.

"Gazte Zentro Sozialistak Burgosko gazte proletarioen antolaketa politikorako eta aisialdirako gune bat sortu nahi du", azaldu zuten Burgosko kideek iaz, Zentro Sozialista zabaltzean. Urtebete beranduago, Prozesu Sozialistaren aldeko Elkarguneak (Encuentro por el Proceso Sozialista, EPS gazteleraz) nabarmendu du gazteria langilea antola dadin "erabakigarriak" direla "gure jardun politikoa garatzeko espazioak".