AKTUALITATEA / Faxismoa
Urtarrilerako, Egun Antifaxistak antolatu dituzte Donostian eta Baionan
Urtarrilaren 12rako jarri dute hitzordua Donostian eta 18rako Baionan. Bietan jardungo dute faxismoaren gorakadaz eta horri aurre egiteko erronkez.
2024eko abenduaren 30
Urtarrilerako, Egun Antifaxistak antolatu dituzte Donostian eta Baionan

Jarrera erreakzionarioak eta faxismoaren orotariko adierazpenak indartzen ari direla ikusita, faxismoaren kontrako jardunaldi bana antolatu dute Donostian (Gipuzkoa) eta Baionan (Lapurdi). Egun Antifaxistak antolatu dituzte bi hirietan, urtarrilaren 12rako eta 18rako, hurrenez hurren.

Donostia Antifaxista plataformak prestatu du Gipuzkoako hiriburuko egitaraua. Urtarrilaren 12an, eguerdian hasiko da egitaraua, Egia auzoko Plaza Haundin. Faxismoaren gorakadari eta horri aurre egiteko erronkari buruz arituko dira lehenengo, mahai-inguru batean. Horren ondoren tokian bertan bazkaltzeko aukera egongo da, eta Amazigh taldeak musika emanaldi bat eskainiko du amaieran.

Baionan, bigarren urtez jarraian egingo dute Egun Antifaxista, eta, besteak beste, Ipar Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak hartuko du parte jardunaldian. Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak (EHKS) hainbat hiriburutan antolatu ditu faxismoaren inguruko hitzaldiak, eta Mugimendu Sozialistako kideek Baionan ere jardungo dute horri buruz, Egun Antifaxistaren barruan. Antolatzaileek laster emango dute urtarrilaren 18ko egitarauaren berri.