AKTUALITATEA / #u31mobilizatu
Urtarrilaren 31n mobilizatzera deitu dute faxismoari aurre egiteagatik errepresioa jasan duten dozenaka lagunek
Iruñean, Gasteizen, Donostian, Azpeitian edo Arrasaten faxismoaren kontra protesta egiteagatik zigortu dituzten 33 pertsona elkartu dira, faxismoari kalean aurre egitea beharrezkoa dela aldarrikatzeko. GKSk larunbatean Bilbon eta Iruñean egingo dituen manifestazioetan parte hartzera deitu dute.
2026eko urtarrilaren 26
Urtarrilaren 31n mobilizatzera deitu dute faxismoari aurre egiteagatik errepresioa jasan duten dozenaka lagunek

Euskal Herriko hainbat lekutan faxismoari aurre egiteagatik erreprimitu dituzten 33 lagun elkartu dira, Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS) larunbaterako antolatu dituen manifestazioetara batzera deitzeko. Faxismoaren eta estatuen autoritarismoaren kontra, Bilbon (Bizkaia) eta Iruñean (Nafarroa) mobilizatuko da GKS larunbat honetan, urtarrilaren 31n. 18:00etan hasiko da Bilboko mobilizazioa, Jesusen Bihotzetik, eta ordu erdi beranduago Iruñekoa, Erorien Monumentutik.

"Faxismoa indartsu hedatzen ari da Europa osoan zehar eta Euskal Herria ez da salbuespena. Gure kaleetan ere mezu arrazistak, matxistak, supremazistak edo euskararen aurkakoak zabaltzen ari dira, eta hemen gauden guztiok horiei aurre egiteagatik ari gara errepresioa jasaten", azaldu zuten agerraldian bildutako pertsonek. Iruñean, Azpeitian (Gipuzkoa) nahiz Arrasaten (Gipuzkoa) Voxek egindako zenbait ekimenetan protesta egiteagatik ikertuak izaten ari diren hainbat lagun daude tartean, baita Gasteizen (Araba) Falangearen aurka mobilizatzeagatik edo Donostian (Gipuzkoa) Frente Obrerok antolatutako ekimen faxista bati aurre egiteagatik ikerketapean dauden zenbait gazte ere.

"Faxismoa indartu ez dadin, kaleak hartzea eta errepresioaren aurrean elkartasuna antolatzea beharrezkoa da", azpimarratu zuten: "Argi gelditu da instituzioek ez dutela faxismoari aurre egiteko inolako borondaterik. Are gehiago, beraiek izan dira deialdi horiek guztiak babestu eta baimendu dituztenak, eta, aldi berean, horiei aurre egitera joandako antifaxistak gogotik kriminalizatu nahiz zigortu dituztenak". Horiek horrela, "faxismoa gure kaleetan normalizatu ez dadin, behar-beharrezkoa da horri aurre egitea eta kontzientzia antifaxista hedatzea", antifaxistek aldarrikatu dutenez.