AKTUALITATEA / Indarkeria matxista
Urruntze-aginduaren beste urraketa bat Gasteizen: biktima atxilotu dute
Emakumeak labana batekin babestu behar izan zuen bere burua, bikotekide ohia bere etxean agertu zenean gauez. Hilketa saiakera leporatuta, emakumea atxilotu zuten. Itaiak maiatzean jakinarazi zuen, ordura arte, urruntze-aginduen 33 urraketa izan zirela aurten Gasteizen.
2026eko uztailaren 21 - 06:55
Urruntze-aginduaren beste urraketa bat Gasteizen: biktima atxilotu dute
Gasteizko Itaiaren protesta bat, aurten.

Duela bi egun jakinarazi zuten 33 urteko emakume bat atxilotu zutela Gasteizen, bere bikotekide ohia larriki zauritzeagatik, labana batekin. Hedabideen lerroburuetan, ordea, bigarren maila batean jarri zuten zer gertatu zen benetan: gizonezkoak urruntze-agindua hautsi zuen eta emakumearen etxera bertaratu zen gauez, eta hark horregatik babestu behar izan zuen bere burua.

42 urte ditu erasotzaileak, eta ospitalera eraman zuten zauriturik. Zenbait komunikabideren arabera, ikerketapean dago bere bikotekide ohiarekiko urruntze-agindua hausteagatik. Biktimaren aurkako neurriak ere hartu zituen Poliziak, baina: atxilotu egin zuten, gizonezkoa hiltzen saiatzea egotzita. 

Gasteizko Itaiak joan den maiatzean salatu zuen, Maialen Mazonen hiltzailearen aurkako epaiketa hasi zenean, ikaragarri altua dela urruntze-aginduen urraketa maila erasotzaile matxisten aldetik. Urtea hasi zenetik maiatzaren hasierara bitartean, Gasteizen soilik, 33 aldiz hautsi zituzten urruntzeko aginduak. "Instituzioek martxan jartzen dituzten neurriek muga argiak dituzte", nabarmendu zuen Itaiak.

Muga horiek ondorio izugarri larriak dituzte, eta horren erakusle da Maialen Mazonen erailketa bera: 2023ko maiatzean, urruntze-agindua urratu eta Maialenengana jo zuen bere bikotekide ohiak, Gasteizko apartahotel batean zegoela. Labankadaka erail zuen, 32 urte besterik ez zituela eta haurdun zegoela.